Urkullu markaren komunikazio krisiaz

2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Verter Recyclingen zabortegiak Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran lurperatu zituenetik hainbat kontu harrigarri azaleratu dira. Ez nagusia, baina oso esanguratsua, Jaurlaritzaren eta hango alderdien komunikazioaren maneiu okerra. Komunikazioa diot, eta ez zehazki informazioa, biak bereiztea komeni delako. Enpatiarik eza leporatu zaio Urkulluri eta informaziorik argiena eta osatuena emanda ere ez litzateke ezertan arinduko kaltea. Komunikazioaren unea pasatzen utzi zuen, pasatzen utzi zuelako senide, auzoko edota langileekin egoteko unea, estar por estar deitu zuen hori.

Informazioa gardentasunarekin eta kontrol publikoarekin lotu ohi dugu. Komunikazioa publikoa bera sortzearekin lotu beharko genuke, hau da, espazio sozial bat sortzearekin, jendarte bat, non guztiok berdintasunez erabakitzen dugun nola biziko garen elkarrekin. Edo, bertsio arinago batean, espazio sozial bat non bizitza komun bat dugula sentitzen dugun. Amets edo utopia engainagarria izan daiteke maiz, batez ere dagoeneko espazio horretan bizi garela sinetsarazten digutenean, gizarte burges liberala espazio hori dela esaten digutenean. Baina askotan ilusioaren gainetik pasatzen dira agintariak, eta krudel eta gordin gogorarazten digute ametsa interfaze bat baino ez dela, publikoa agintearen jarraitzaileen bilduma dela eta espazio publikoa azal hutsezko publizitatearen irudikeria.

Hala egin zuen Urkulluk esaldi soil batez: «Twitterren egiten diren kanpainagatik, ez». Hori entzundakoan Zizekek hainbestetan erabili duen Matrix filma etorri zitzaidan burura, eta zera entzun nion Urkulluri: «ongi etorri errealaren desertura, ongi etorri Zaldibarrera». Une batez ahantzarazi zigun komunikazio publikoaren interfaze atsegin eta sorgarria, agerian utzi zuen bere publikoari zor diola hitza eta begirunea, ez edonori, ez orori. Labur esan, agerian utzi zuen ez garela publiko komun bat, komunikazio gerran ari diren bandoak baizik. Bagenekien. Etsaiari erantzun zion Urkulluk, ez bere gizarteari. Aitakeriak jota, agirika egin zion behar zuenari behar ez zuen tokian.

Twitterreko asaldariak izan ziren uneko etsaiak, hedabideen diziplinatik kanpo sare sozialetan jendea sumintzen dabiltzan matxino horiek. Eta agian horregatik Urkulluren erantzuna Twitterren logikaren araberakoa izan zen: zapla! atoan ahoa ixteko zartakoa. Antzera ibili zen Erkoreka, lau haizeetako erregistro orokorra lagun arteko sare batekin nahastu zuenean. Bai, sareak maiz lagun arteko kontuak dira, nork bere parrokiari hitz egiten dio, finean, sareen hasiera eta bukaera norbera da, ni. Baina bidean erregistroa dago. Ni horri, Erkoreka mendizale jatorrari adibidez, lagun askoren aitortza jasota nitasun erakargarri eta irmoaz bete dadin, teknologiek bidesari bat ezarri diote: mezuen erregistroa eta desjabetzea. Erkorekak ezabatu zuen txioa, berandu, lau haizeetara hedaturik eta hodei artean erregistraturik geratu da.

Bi keinu baino ez dira, eta, hala ere, ondo zehazten digute zertan den agintearen desinformazioa: informazioa ezkutatu, ezabatu, eta aukeran kontraerasoa prestatu, zartakoka deslegitimatu protesta, kritika eta informazio alternatiboa egiten duen edonor. Jende arruntok, aldiz, beste aldean gaude: Interneten eta sareetan agerian, datuak masiboki oparitzen, eta informazio zein komunikazio gose ikaragarriak jota. Pribatutasuna boteretsuen pribilegioa denez eta informazio eta komunikaziorik eza edonola betetzen dugunez, desinformazioa gure kulpa omen da.

Sareen ezaugarri negatiboak ezin hobeto egokitu dira desinformazio neoliberalean: gardentasuna espektakulu bihurtu, opakotasuna ezkutatu, parte hartzea hutsaldu, informazio kritikoari eraso egin, distrakzio frenetikoa areagotu, beldurra eta sorgortasuna tartekatu... Hori dena ez da oso berria, berriagoa da politika neoliberalak publiko komunaren itxurakeriari egin dion ukoa. Audientzien gerrara pasatu da, edo, bestela esan, klase borrokari eutsi dio esplizituki audientzia eta publikoen gerra gisara. Ardatza, beti «gu, herritar zintzoak, besteen kontra». Geert Lovinken ustez sareetan bizio eta sentimendu ilun eta arriskutsuak, «tribalismoa eta autosegregazioa», zabaltzen dira erruz eta errez. Halako mezuak, beraz, non sareetan baino hobeto?

Hala ere, demokrazia bera komunikazio gerra da, zehatzago esan, demokrazia publiko komuna eraikitzeko ariketa nahasgarria da: jakintza eta aginte pribatu, opaku edo mugatuen gainetik, denon jakintza eta aginte zabal eta irekia eraikitzeko ahalegina. Sareak, alde horretatik, anbibalenteak dira. Ez dira garai batean amestutako sare libreak, baina oraindik ez da guztiz ezarri plataforma pribatuen autoritarismo zentsuratzailea. Laster etorriko da kapitalismoaren estatu eta plataformen arteko aliantza. Bitartean, EAJ eta PSE-EEren zabor politikek ekarri diguten hondamenaren haritik ikusten ari garenez, sareetan informazio kritikoaz gain, komunikaziorako aukerak ere baditugu. Akaso ezin da publiko komuna eratu, baina komun publiko alternatiboak sortu ahal dira.

Dena dela, nago oraingo honetan Urkullu markaren publikoak fidel eutsiko diola markari. Hauteskundeak aise irabaziko ditu gehienok oasiak liluraturik bizi garelako, eta destainez begiratzen diogu interfazea hausten duenari. Agian hori da Urkullu gizonaren damu bakarra, une batez oasi abegikorra itxura baino ez zela azaleratu eta Urkullu markari kalte egin izana. Ardurarik ez, berehala konponduko dute marketin eraso intentsiboaz. Marka sendo omen dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.