Urkullu, eskuinean

2018ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Urkullu Lehendakariak zenbait elkarrizketatan berriro eraso dio ELAri; horregatik, aipatzen dituen kontu batzuk aipatu nahi ditugu artikulu honetan. Agintera iritsi zenean, Urkulluk ez zituen politika neoliberalak baztertu, eta «elkarrizketa sozialeko» mahaiarekin jarraitzea erabaki zuen. Honezkero, mahai horretako partaide batek ere ez du azaldu langile klasearen onerako zein lorpen gauzatu den. Mahai horretan berariaz baztertzen dira kezkatzen gaituzten arlo nagusiak (aurrekontuak, fiskalitatea...); baina zuzenagoa litzateke esatea sindikatuekin ez direla eztabaidatzen, Jaurlaritzak eta Aldundiek aldebiko negoziazioetan erabakitzen baitituzte patronalarekin eta enpresa handiekin. Hortxe dugu oparitu dieten zerga erreforma berria.

Lehendakariak ELAri leporatzen dio ez dela elkarrizketa «foro» horietara agertzen. Ez goaz hutsalak direlako, hor antzezpen mediatikoak besterik ez delako egiten. Politika neoliberalekin ez dago elkarrizketa sozialik. Urkulluk badaki estatu guztian zehar «kontzertazio» eredu horrekin lotuta dagoela finantzaketa publikoa. Eta horretara bideratu den diru publikoaren zati handi bat bertan behera geratu da kudeatu behar zutenen praktika ustelen ondorioz.

Zer esan nahi dugu «harreman klientelarra» aipatzen dugunean? Bada, Lehendakari jauna, adibidez zure gobernuak ELAk azpikontrata publikoetan lan baldintzak hobetzeko bultzatu zuen HLEarekin egin zuena: ukatu zuen ez zituelako gustuko «ELAk gobernuaren politikari egindako kritikak». Urkulluren gobernuarekin ezinezkoa da akordio partzialik iristea, horretarako baldintza kritika oro amaitzea baita. Areago, Jaurlaritzak dokumentu batean esan zuen sindikatuek ordezkaritzen bitartez jasotzen duten diru publikoa baldintzatu egin beharko litzatekeela; alegia, «gobernuaren politikak babestearen» truke izango litzatekeela...

Urkulluren ezaugarri bat da sindikatu erreibindikatiboen aurka agertzen duen jarrera. ELA «kontrabotere» bat dela dio. Bada, orekarik gabeko mundu honetan, non gobernuek erabaki duten esku ez hartzea aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin, kontrabotere gisa definitzea ELArentzat ohorea da. Gogoratu beharra baitago EAEn ere desberdintasuna gero eta handiagoa dela.

Urkulluk dioenez, hauteskunde kanpaina betean egin genuen bere aurkako agerraldi bat. Baina ezkutatu egiten du deialdi haren arrazoia: bere gobernuak Confebaskekin, CCOOrekin eta UGTrekin akordio bat sinatu zuen eremu sindikalean demokrazia suntsitzeko: gutxiengoen akordioak aintzat hartzeko borondatea adierazi zuten sinatzaileek. Demokrazia garaian inor ez zen hartaraino ausartu. Zer balio dute EAJren eserlekuek parlamentuan? Jaso dituen botoek eman diotena, noski. ELAk eta LABek mobilizazio harekin horixe besterik ez genuen eskatu; alegia, langileek sindikatu bakoitzari emandako ordezkaritza errespeta zedila. Urkullu izan zen joko arau demokratikoak urratzeko erabakiaren aitzindari, patronalari mesedea egitearren.

Bestalde, ELAk sekula ez du eskatu Jaurlaritzarekiko harremana «esklusiboa» izaterik. Haatik, benetako parte hartzea galdegin dugu zenbait gaitan, betoa ezarrita baitago haien gainean. Inori ez diogu gauza bera egiteko eskubiderik ukatzen. Gobernuei eta Aldundiei eskatzen dizkiegu prozedura parte hartzaileak eta demokratikoak... Izan ere, Jaurlaritzak Confebaskekin eta enpresa handiekin opakotasun handiz egiten baititu akordioak.

Lehendakariari eta sailburu batzuei duela gutxi opari bat bidali diegu, Zuloan izeneko liburua. Beronetan azaltzen da Eusko Jaurlaritzak berak AHTren obretan langileei zer-nolako miseria ezartzen dien. Bai, Lehendakari jauna, zure ardurapeko eremuetan esplotazioa nagusi da, eta gobernuak ez du ezer egiten hori ekiditeko. Gure agintarientzat eskandalua ez da esplotazioa, haren aurka borrokatzea baizik. Liburu horretan, gure herrian oso hedatuta dagoen errealitate sozial bat deskribatzen da; errealitate hori Jaurlaritzak eta hedabide askok ezkutatu egiten dute. Liburuan salatzen denak kezkatuko balitu, obra eta zerbitzuen beheranzko lizitazioak berehala amaituko lirateke. Baina ez dute halakorik egiten. Hori desagerraraztea eskatzen dugunokin bilerarik ere ez dute egiten. Ezinezkoa da zurekin eta hainbat sailbururekin biltzea (Ogasun, Segurtasun, Garapen Ekonomiko sailekoak). Inork ez du ELArekin hitzordurik jarri nahi.

Lehendakari izateko hautagai izendatu zutenetik, ELAk Urkulluri hiru bilera eskatu dizkio. Lehenengoz, hautagaiei egiten genizkien proposamenen berri emateko; erantzun ziguten «oso lanpetuta» zegoela. Beste behin, saiatu ginen gure posizioa jakinarazten Confebaskek espainiar gobernuari eskatu zionean ELA eta LAB legez kanpo uzteko (besteak beste, zerga politikaz iritzia ematen genuelako), eta, azkeneko saioan, nahi genion azaldu zein ondorio larriak izan dituen Zapateroren lan erreformak —zeina EAJren abstentzioari esker aurrera atera zen— ekarri duen estatalizazioak. Eskarietako bat ere ez zuen onartu.

Duela urtebete inguru, ELAk Lehendakariaren konfiantzako pertsona batengandik proposamen bat jaso zuen: Urkulluk jakin nahi omen zuen berarekin bilera bat egiteko prest ote geunden, aurrez gairik finkatu gabe. Baietz erantzun genion. Bilera hori kudeatzen ari ginela, ELAk 2017ko aurrekontuen kritika egin zuen, eta ezkerreko indarrei eskatu zien ez babesteko. Lehendakariak ez zuen hori ondo hartu, eta bilera proposamena bertan behera utzi zuen. Gaur arte.

Irakaskuntzako gatazkan, Urkulluk sindikatuei eskatzen die arduraz joka dezatela. Antza, bere gobernuak eta EAJk ez daukate inolako erantzukizunik azken urteetan ezarri dituzten murrizketekiko, eta ez dute PPrekin zoritxarreko «gastu araua» hitzartu; horrek administrazioei galarazi egiten die gizarte politikara baliabide gehiago bideratzea. Areago, Jaurlaritzak 710 milioi euroko superabita lortu du aurrekontuetan —BPGaren ia %1—, Rajoyrekin hitzartutako arauek %0,6ko defizita ere baimentzen duten arren... Superabit hori lortzea ez da kudeatzaile ona izatea; eskuineko politikaren ikurra da. Ezin da onartu ditugun beharrizan sozialekin zerga bilketak izan duen igoera derrigor zorra ordaintzeko baliatzea, zergatik eta PPrekin akordio jakin batzuk sinatu dituelako.

Ez dute nahi inork beren lotsak agerian uzterik. Ez dute nahi inork euskal gizartea zentzu onean politizatzerik. Ez dute halakorik nahi gizartea eskuinerantz eramaten ari direlako. Funtsean, ELAri kargu hartzen diote oztoporik ez dutelako nahi gizarte gero eta kontserbadoreagoa gidatzerakoan. Gizarte hau taxutzeko Jaurlaritzaren oinarrizko balioak «egonkortasuna eta kontsentsua» dira. Politika «likido» honek sistemak ezartzen dion guztia kudeatu nahi du, gizarte eta herriari buruzko inolako helmugarik gabe. Sistema kapitalistak inposatzen duen «kudeaketa» horren osagai nagusietako bat da sindikalismoa diziplinatu beharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.