Babestu Bizkaia, Gipuzkoako Senideak eta Zaintza Araba elkarteen izenean

Urkullu bakarrik geratu da bere zaintza sistema defendatzen

Iraide Urriz Goikoetxea, Beatriz Martinez Gayoso eta Txaro Marquinez Idiaquez
2024ko martxoaren 19a
05:00
Entzun

Amaitu da legegintzaldia, eta EAJ-PSEk ez dute pausorik eman zaintza-eredua aldatzeko. Zainketen aldeko euskal itun baterantz izeneko kanpaina indartsu batekin esan du agur lehendakariak, «zainketen erabilera politikoa eta manipulazioa» egiten ari direla salatuz.

Otsailaren 1ean, zaintza-zerbitzuetako Erabiltzaileen eta Senideen Elkarteen ordezkaritza batek EAEko legebiltzarreko taldeei egindako bisitan, egiaztatu ahal izan genuen itun horretan ez dagoela lehendakariarena ez den alderdi politikorik. Are gehiago, ez zekiten egoitzetako «ratioak hobetu» nahi zituen «egoitzen dekretuaren zirriborroa» nondik dabilen, zeinari Erabiltzaileen eta Senideen Elkarteok, besteak beste, alegazio ugari aurkeztu genizkion, erantzun ez dizkigutenak.

Eredu publiko-komunitarioa, pertsonengan zentratua... kontzeptu garrantzitsuak dira, eta beste kontzeptu batzuekin bateratu behar dira, hala nola doakotasuna, lan-baldintzak, egungo eta etorkizuneko erabiltzaileen eskubideak eta bermeak, kalitatea, parte-hartzea..., sistema sendoa eta herritarrentzat eraikia izan dadin eta ez enpresei etekinak emateko sortua eta itxaropen faltsuak sor ditzakeena.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Legearen 44.1 artikuluak Gizarte Zerbitzuen euskal sistema koordinatzeko eginkizuna esleitu zion Eusko Jaurlaritzari, baina ez da bete eta isilpean mantendu dute. Hala moduzko hiru sistema ditugu, bakoitza bere kabuz garatuz doazenak, zerbitzu, eskaintza, gabezia, prezio eta proposamen desberdinak dituztelarik Lurralde Historiko bakoitzean. Hori bai, partekatzen dituzte muturrera eramandako pribatizazioa, erabiltzaileen eskubideen legezko erregulaziorik eza eta lan-prekaritatea.

Erabiltzaileen eta Senideen Elkarteen parte-hartzea lehentasunezkotzat jotzen da 2006ko Gizarte Zerbitzuen Euskal Legean eta 2008ko Mendekotasunari buruzko Estatuko Legean. Azken agintaldi honetan, behin eta berriz eta baita Arartekoaren bidez eskatu arren ere, Erabiltzaileen eta Senideen Federazioari eskubide hori ukatu egin zaio Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluan, bai eta lurralde-elkarteei ere, tokian tokiko lurralde-kontseiluetan.

Urkulluren Gobernuak agur esateko unean proposatu duen Euskal Ituna iruzur hutsa da. Ez du gainerako alderdi politikoak integratzeko bokaziorik, ez euskal gehiengo sindikala, ez erabiltzaileen eta senideen ordezkaritza, ez eta, jakina, Mugimendu Feministak berriki egindako Greba Feministan planteatutako eskaerak ere.

Zainketen euskal sistema errotik hobetzeko interesa duten erakunde guztiei eskatzen diegu, erakunde politikoei bereziki, nolako zaintza-eredua nahi dugun zehaztea eta hauteskunde-eztabaidan gai nagusietako bat hori izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.