Uriarte sailburuak ez daki, ez du erantzuten

Marijose Molina Tere Maldonado
2015eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Bidegabekeria nabarmenak, batzuei pribilegioak zabaltzea eta besteei eskubideak ukatzea, boterearen gehiegikeriak, eta disimulurik gabeko lotsagabekeriak egunerokoak bihurtu dira, zoritxarrez. Agian, horregatik izango da erlijio ikasgaiaren inguruan irakaskuntzan gertatzen denak gizarte-asaldurarik ez eragitea eta eskandalurik gabe urtez urte hor jarraitzea. Azkenean, beste bidegabekeria bat besterik ez da; beste bat.

Seguruenik denek ez dakite, edo ez dira jabetu, irakaskuntza publiko eta kontzertatuko erlijio katolikoko irakasleak Gotzaitegiak izendatuak direla, eta administrazio publikoak ordaintzen dituela. Zientzia, edo filosofia edo gimnasiako irakasle izateko, betekizun batzuk daude, hala nola titulu baten jabe izatea, irakas-esperientziaren araberako puntuak eskuratzea, lehiaketa-proba bat gainditzea, eta abar. Betekizun horiek berdinak dira irakasle gisa hezkuntza-sisteman sartu nahi nahi duten guztientzat, eta jakina, inori ez zaio galdetzen erlijio-sinesmenik duen, edo zer-nolako sinesmenak diren. Baina erlijio katolikoko irakasleek beren bide propioa egiten dute. Egia esan bide baino areago bide azkarra edo bidezidorra da, besteena baino laburragoa eta erosoagoa. Eliza katolikoak diktadurak iraun zuen ia lau hamarkadetan (lotsarik gabe) gozatu zituen pribilegioak ez dira ezabatu erregimen nazional-katolikoa ustez desagertu zenetik igarotako ia lau hamarkada geroago. Are gehiago, gure erkidegoan indartu egin dira. Duela urte batzuk ezkero, erlijioko irakasleek hezkuntza-sistemara sartzeko bide bat dute, gotzainen baimenarekin, noski, gainerakooi eskatzen zaizkigun betekizunak bete gabe, eta horrez gainera baimen osoa dute erlijioaz bestelako irakasgaietan ere aritzeko. Ez duzula sinesten? Bada, hala da, eta azpimarra dezagun hala dela orain urte batzuk Eusko Jaurlaritzak (EAJko lehendakariarekin) eta ELA, CCOO eta UGT sindikatuek sinatu zuten akordioari esker.

Duela aste batzuk, Eusko Legebiltzarrean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarte andreari gai horri buruzko informazioa eskatu zitzaion. Belen Arrondo, EH Bilduko legebiltzarkideak egin zion galdera. Kontuan hartuz gauza benetan bitxia dela erlijioko irakasleak (ez ahaztu, gotzainek izendatuak) beste ikasgaietako irakasle gisa jardutea, Arrondo andreak datu zehatzak eskatu zizkion, ea zenbat diren beste ikasgaiak ematen dituzten erlijioko irakasleak, zein ikasgaitan aritzen diren, eta zenbat ordu denera. Horrela xehetasunak eskatzen zitzaizkion , gotzainaren graziaz ukitu gabeko beste irakasleei bidegabeki kendutako (hots, lapurtutako) ordu kopuruari buruz. Ez dezagun ahantz Erlijio ikasgaia ez diren beste ikasgaietan irakasteaz gainera, beste irakasleei lanorduak ere lapurtzen dizkietela, zeren haiek bezalaxe eskuratzen dituzte zuzendaritzako postuak, proiektuen (Agenda 21 eta besteak) ardura hartzen dute, jangelen, liburutegien ardura bereganatzen dute... Baina galdera mugatua zen: horrelako modu bidegabean ematen dituzten ikasgaiak zein eta zenbat ordukoak ziren.

Uriarte sailburuaren erantzunak txundituta utzi gintuen. Hitzez hitz: «Bigarren Hezkuntzari buruzko informazio zehatzik ez dugu, baina badakigu 2009ko maiatzaren 4an Administrazioak eta sindikatuek sinatutako akordioaren arabera, zilegi dela beste irakasgaiak ematea Erlijio ikasgaia emateko dituzten orduekin kontratua osatzeko adina ordu ez dutenean».

Eskerrak sailburu andreak lasaitu gaituela esanez jokabide onartezin hori legezkoa dela. Izango da, baina gu bezala zenbait pertsona eta taldek zalantzan jartzen duguna da bidezkoa, zilegi izatea. Baina, horrez gainera, sinets al daiteke sailburu batek ez edukitzea bere sailak kudeatzen duen alorreko langileen datuak? Bada, bai, nonbait. Guri, ordea, kezkagarri iruditzen zaigu diru publikoaren kudeaketan horrelako zabarkeriaz jokatzea. Ez ote da benetan gertatzen sailburu andreari lotsa ematen diola zenbakitan zehaztea norainokoak diren Eliza katolikoak irakaskuntzan dituen pribilegioak, eta nahiago duela intsentsuaren kez estaltzea? Gogora dezagun Erlijioko irakasleak gotzainak izendatuak direla, baina administrazioak ordainduak, hots, hiritar guztiok ordaintzen ditugun zergetatik ateratako diruarekin.

Hartu kontuan: unibertsitateko ikasketak bukatzen dituen pertsona bat, Hezkuntza Ordezkaritzak dauzkan ordezkapenak egiteko zerrendetan ematen du izena, eta, horrela, pixkanaka, esperientziaren araberako puntuak pilatuz doa, irakasle-lanean jarraitzeko oposizio publikoa prestatu eta irabazten duen pertsona bat, baztertua gelditzen da, aukera-berdintasunerako eskubidea (nonbait legez ez da horrela) zapuzten diolako elizaren pribilegioetan zamalkatuz. Teokrazia edo Erdi Aroa? Ez, nonbait, hori Euskal Autonomia Erkidegoan XXI. mendearen hasieran gertatzen ari baita. Gure ustez, jende xehearen bide apaletik irakaskuntzan aritu nahi duten pertsona haiei gutxienez zor zaiena da argitzea zenbat diren erlijioko irakasleak bereak izan beharko luketen lanpostuetan. Zenbat ordu diren legalki, baina bidegabeki, lapurtzen zaizkienak. Baina gure gizartean horrelako gauzak eskatzea ausarkeria lotsagabea besterik ez da.

Aitzitik, datu horiek ikastegi bakoitzeko ordutegietan islatuta egon behar dute, publikoak izan behar dute, denontzat eskuragarri. Administrazioaren obligazioa da hala izan dadin. Hezkuntzaren alorrean lan egiten duten taldeei , eta hiritar guztiei errespetua zor zaie, eta ez informazioa ezkutatzea. Denon eskubidea da parlamentuan egindako galderek erantzun egokia izan dezaten, datuz hornituriko erantzunak, eta ez «ez dugu eskura horrelako informaziorik» bezalako lotsagabekeriak. Uriarte andrea, zure obligazioa da informazio hori eskuratzea, eta eskatzen zaizunean ematea. Horrela jokatzeak izen hauek mereziko lituzke: gardentasun administratiboa eta demokrazia. Informazioa ukatzeak, berriz, beste hauek besterik ez: kudeaketa oskurantista eta antidemokratikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.