Garazi Goia.

Urgentzia

2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Artikuluaren bertsio osoa, lotura honetan.

Ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz azken asteotan Erresuma Batuko komunikazio erreguladoreak ateratako lau datu, kokatzeko: (i) 5-12 urteko haurrek telebistaren aurrean baino denbora gehiago (egunero 20 minutu gehiago) pasatzen dute Internet bidezko edukiak kontsumitzen; (ii) 3-4 urtekoen heren batek Netflix eta Amazon egunero erabiltzen ditu; eta 12-15 urtekoetan, %60k; (iii) 12-15 urtekoan artean, %89k erabiltzen dute Youtube; (iv) 5-7 urte artekoen %42k tableta propioa daukate. Ez dauzkat eskura Euskal Herriko datuak, baina goiburu horien antzekoak errepikatuko direla ziur nago.

Erabaki ausart batzuk hartzea urgentea delakoan jorratuko dut gogoeta. Begirada konstruktiboa ematen saiatuko naiz, testuinguru zabalago batetik, BBCn hamar urte aritu izanak eta orain Sky etxeak ematen didan esperientziatik eta perspektibatik. Nire ikuspegia ez da sinplifikazio eta konparaketa irrealetan oinarritutakoa; ezta idealista eta harrotasun eitekoa ere; inor ez da hobea edo txarragoa. Urgentzia da transmititu nahi dudana. Eta badakit soluzioa ez dela erraza; bestela, dagoeneko norbaitek zerbait egingo zuen. Beste hiru behaketa egitera pasatuko naiz:

Bat. Etorkizuneko audientzia.

Eman berri ditudan datu horien ildotik, lau urteko nire alabak Netflix erabiltzen du gustuko dituen marrazki bizidunak aukeratzeko; Youtuben Pirritx eta Porrotxen bideoak ikusten ditu; Alexari galderak egitea ohikoa da berarentzat. Badaki Siri nor den. Badaki EiTB3 euskaraz marrazki bizidunak dituen kanal bat dela, baina oso gutxitan ikusiko ditu bertako edukiak telebista pantaila batean (nahi duenean, tableta erosoagoa da). Nire alaba Londresen dago, eta hemen telebista sektorean aurrerapenak lehenago etortzen badira ere, Gipuzkoako Goierrin dagoen bost urteko nire iloba ere jarrera oso antzekoak (berdinak ez esatearren) ari da garatzen. Haiek dira etorkizuneko audientzia.

Bi. Puntako telebisten kezkak.

Netflix eta Amazonen mugimenduekin arduratuta daude denak. Den-denak. Inoiz egon den eduki fragmentazio handienaren aurrean, geroz eta kontrol handiagoa ezartzen ari dira-eta. Telebistaren arrakasta parametro berriekin neurtzen da. Eskainitako «esperientzia» axola zaigu, pertsonalizazioa, lehenengoak izatea ideia aitzindari batekin, inteligentzia artifiziala. Bide batez, puntako telebistak diodanean, BBC, ITV, Disney, Warner, Sky... horietaz ari naiz. Beraz, haiek kezka horiek badituzte, Euskal Herrian ere izan beharko genituzke.

Hiru. Hemen daramatzadan urteetan ikasitakoak.

Mundu mailan aitzindariak diren enpresekin lanean ibiltzeko eta, batez ere, ikasteko zortea daukat. Besteak beste, aurretik aipatu ditudan mehatxuen eta aldaketa sozio-teknologikoen aurrean, etorkizuneko estrategiak lantzen ditut eta aldaketa transformazionalek jendearengan duten eragina aztertzen dut. Dagoeneko eskarmentua duten horietatik ikasi beharko genuke Euskal Herrian. Ez daukagu denbora galdu beharrik berriro ere gurpila berrasmatzen. Kopiatu dezagun kopiatu daitekeena eta jarri dezagun esfortzua benetan gurea bakarrik denean. Hizkuntza. Izan ere, kontzientzia kulturalaz eta hizkuntzarekin gertutasuna mantentzeaz —edo kasu askotan sortzeaz— oso gutxi dakite (edo jakin nahi dute) Netflixek eta Amazonek.

Arrakasta definitzen duten pauta eta egiteko batzuk daude, Londresen eta leku guztietan; beste inoiz ere esan dut hau, baina labur-labur hemen jartzen ditut: (a) Estrategia koherente bat definitzea ezinbestekoa da (horregatik da enpresen xedea hain garrantzitsua); (b) tradizioa vs apustu berrien arteko oreka (azken horietan arriskuak hartuz); (c) edukiak eta igorleen arteko harremana uztartu (Youtuben EiTB3ko programa bat ikusten ari denak jakin dezan EiTBren edukia dela); (d) audientzien ezagutza perfektua, datuetan zentratuta (datuak, datuak eta datuak); eta (e) garapenari buruzko kontakizun bat edukitzea, diferentziazioa ardatz nagusia delarik.

Eta, guztiaren gainetik, zerbait benetan presente daukagu: Culture eats strategy for breakfast esamoldea. Hau da, kulturak (nola-halako jarrerek, politikak, beldurrak, konformismoak, inertzia atzerakoiek, aldatu nahi ezak, ignorantziak, kanpora begiratu nahi ezak, gure akatsak onartu nahi ezak, autokritika egiteko ezgaitasunak, erretorika defentsiboak) edozein estrategia gosaritan jaten du. Eta berriro ere betikoan gaude. Urrats txikiak egiten. Esaldi horrek gurean dakarren arriskua oraindik presenteago eduki beharko genuke.

Bi galdera proposatzen ditut:

·Axola zaizu hemendik hamar urte barru kalitateko edukiak euskaraz eskuragai edukitzea?

·Zein da Euskal Herriko ikus-entzunezkoen helburua eta ikuspegia hamar urte barru? Hau da: nolakoa izango da, zein forma izango du, zein pertzepzio eta sentimendu sortuko ditu jendearengan; zein teknologiatan inbertitu behar dugu; nolakoak izango dira ikus-entzuleak; zein profiletako jendeak lideratuko du telebista; zein eduki itzuliko ditugu euskarara; zein dira ondorioak epe motzean —ondorengo bi urteetan— ez badaukagu orain baino finantzaketa sendoago bat.

Lehenengo galdera emozionala da, gehiengoak baiezkoa erantzungo du (espero dut). Baiezkoa esatea ez da nahikoa, ordea; ostean egiten den ekintza da balio duena. Ekintza handi batez ari naiz, zerbait transformazionala, pauso txiki batek ez du ezer egiten. Horregatik da bigarren galdera garrantzitsua (garrantzitsuagoa). Hain zuzen, horregatik gabiltza hemen horretan lanean, konpetentzia globaleko dimentsio honetatik. Baina konpetentzia global hori ez da hemengo kezka bakarrik, orain denok ukitzen gaitu.

Hemen champion deitzen den figura bat badago. Alegia, aldaketa transformazional baten aurrean, nahi den emaitza lortzeko borroka lideratzen du: proposamenak egiten ditu eta aurrera bultzatzen ditu; lehenengo galdera horri erantzun positiboa emateko erantzukizuna hartzen du; politikariekin eta gobernuarekin etengabe eztabaidatzen du; aldaketa erradikalen abantailak garbi uzten ditu, ez-egitearen arriskuez jendea ohartu dadin. Borrokatu egiten du. Egunero. Axola zaiolako. Etorkizuneko ikuspegi koherente batean sinesten dutelako. «Guk ez badugu egiten, guri egingo digute». Gogoko dut esaldi hori, askotan erabiltzen dut. Alegia, gure esku dagoela aldaketa bat egitea. Bestela besteek (Netflixek, Amazonek eta antzekoek) egingo digute guri; eta horiei ez zaie axola guk zer sentitzen dugun. Gainera, beranduegi izango da erreakzionatzeko.

Oraindik ez dela beranduegi uste dut. Baina denbora agortuz doa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.