Ura giza eskubidea da

Jokin Revilla Gonzalez - Bilboko Udaleko menpeko erretiratua
2022ko urriaren 18a
16:50
Entzun

Joan den urriaren 6an, Goizalde Kultur Elkarteak Monopoli: Agua, negocio y poder político film dokumentala eman zuten Arroka Herri Tailerrean, Bilbo Zaharreko plazan, eta aretoa beteta egon zen. Dokumentalaren ikuspegiak zirrara eragin zidan eta erraiak astindu zizkidan. Bai, uraren gaia oso gogoan izan dut beti, eta arrazoia jarraian azalduko dut:

1946an jaio nintzen Leon probintziaren hegoaldeko herri txiki batean. Urte haietan ez zegoen txorrotako urik, ez komunik, ez dutxarik. Putzu bat zegoen patioan, eta handik ura ateratzen zen gu garbitu eta ureztatzeko. Ur hori ez zen ona ez edateko, ez janaria prestatzeko. Iturri batera joan behar genuen. Horrela ibili ginen urte askoan.

Bi urte nituela, Mansilla de las Mulasera eraman ninduten osaba-izebekin bizitzera. Mansillatik igarotzen da Esla ibaia, Dueroren ibaiadarra. Ibai indartsua zen, urtegi batek ere erregulatzen ez zuena. Urte asko geroago, Riañoko urtegia egin zen, erregulatzeko. Bada, nahiz eta ibaia eduki, etxeek ez zuten urik, ez komunik, ez dutxarik. Iturrietan bilatzen zen ura.

Aurrekari horiekin, urak balio handia izan du beti niretzat. Gaur da eguna txorrota irekitzean harritzen nauena ura atera eta edan dezakedalako. Izan ere, gaur egun milioika pertsonak ez dute edateko urik etxean. Ondasun urria dela esaten da, eta enpresa handiek eta monopolioek denbora daramate ura bereganatzen, negozio segurua baita, irabazi handiak ematen dituena. Horregatik guztiagatik, dokumentala ikustean poro guztiak irekita nituen. Eta esan beharra daukat bere osotasunean xurgatu nuela.

Monopolia-k argi eta garbi erakusten digu Bizkaian badela Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa deiturikoa, 1967an hemeretzi udalerrik eta Bilbo Handiko korporazioak osatua. Partzuergo hori lehen mailako sareko ur-hornidurako eta saneamenduko zerbitzuak instalatzeko eta kudeatzeko eratu zuten, eta hala agertzen da Partzuergoaren webgunean. Trantsizioaz geroztik, EAJ izan da beti nagusi, eta Bizkaiko beste eskualde batzuetako partzuergo txikiak edo ur propioa zuten udalak bertan sar zitezen saiatu da, bide guztiak erabiliz. Baina hori Ur Partzuergoak egin du, Aldundiaren laguntzarekin, modu irregularrean. Bai, irregularra delako laguntza mota guztiak moztea, edo udal batzuek beren herrietako beharrizanak baino askoz handiagoak diren azpiegituren ardura hartzea, eta dena partzuergo horretan sartu nahi ez izateagatik.

Hori oso argi geratzen da dokumentalean. Hainbat kasu aztertzen ditu, hala nola Arakaldoko herri txikiarena, baliabide propioak baititu. Beste kasu sinboliko bat Karrantzako matxinada da; izan ere, EAJk alkatetza galdu duenez, Partzuergoa saiatzen ari da, bide guztiak erabiliz, isunekin itotzen, eta diru-laguntzak ukatzen, partzuergo horretan sartu nahi ez duelako. Karrantzak helegitea jarri du epaitegietan, eta horrek bere ondorioak ditu; esaterako, azken lehorte handian Kantabriara jo behar izan du bertako biztanleentzat eta abeltzaintza ugariarentzat nahikoa ur izateko.

Beste kasu odoltsu bat Busturialdekoa da. Bere Partzuergoak zorrak zituen. Baina EH Bilduko Eako alkatea presidente sartu zenean, bere agintaldian kontuak onbideratu eta superabita utzi zuen. Hala eta guztiz ere, EAJk, bere tresnekin, Busturialdea Bizkaiko Partzuergoan sartzea lortu zuen, inguruko ur-baliabide guztiak eta martxan egon ziren instalazio guztiak alboratuta. Bizkaiko Partzuergoak uraren monopolio osoa lortu nahi du, baina ez Bizkaian dauden baliabide hidrikoak indartzeko, baizik eta dena Arabako Ulibarri-Ganboako urtegiko ura eta Burgosko Orduntekoa ekarri eta banatzeko azpiegitura handien mende egon dadin. Hori guztiz antiekologikoa da, eta interes sozialen aurkakoa. Beraz, tirania horrekin, Bizkaian urte asko daramatzagu ura Araban eta Gipuzkoan baino askoz garestiago ordaintzen.

Dokumentalean argi geratzen da Bizkaiko Partzuergoak enpresa pribatu gisa funtzionatzen duela, plantilla txikia duela, zerbitzuak pribatizatzen dituela, kontrola barne, eta azpiegitura handiak enpresa lagunei esleitzen dizkiela. Arzalluz jaunak esan zuen: «Logikoa da enpresek laguntzea, obrak esleitzen badizkiegu, badakitelako gure beharrak [EAJrenak] asko direla». Jordi Pujol eta bere gobernua erori baziren %3ko komisioengatik eta PPrekin haserretu zirelako, ez dakit zer gertatuko den EAJrekin, baina mihi gaiztoek diote Baskongadetan komisioena %3 baino dezente handiagoa omen dela, eta klientelismo handia dagoela.

Ez dira ezertarako mozten! Partzuergoa enpresa pribatuekin lehiatzen da beste herrialde batzuetan lizitatzeko. Dokumentalean Uruguaiko kasua agertzen da, non Partzuergoa, Acciona, Iberdrola... ura kudeatzen ari ziren. Urte batzuk eman zituzten egiten eta desegiten, ura benetako negozio pribatu gisa erabiliz irabazi handiak ateratzeko. Ura oso garestia zen biztanle guztientzat. Uruguaiko gobernua enpresa hauen nagusitasunaz eta lardaskeriez nazkatu zen. Ura nazionalizatu eta denak bota zituen benetako hegazti harrapari gisa jarduteagatik.

Aurreko guztiak erakusten digu:
1.- Ura premia biziko ondasun komuna eta giza eskubidea dela, NBEk hala aitortuta.
2.- Botere publikoek ura bermatu behar dietela herritar guztiei; horretarako, titulartasunak, kudeaketak eta plantillak %100 publikoak izan behar dute.
3.- Urarekin ezin dela inoiz espekulatu eta/edo negoziorik egin, edozein arrazoirengatik, eta herritarrei giza eskubide hori ezin zaiela inoiz ukatu.
4.- Akuiferoko baliabide guztiak aprobetxatu behar direla; eta biztanleengandik zenbat eta gertuago egon, orduan eta merkeagoa izango da ura.
5.- Aurreko guztia beteko dela eta hainbeste espekulazio eta pribatizaziorekin amaituko dela bermatzeko, Uraren lege bat onartu behar da berehala. Lege horrek eragindako pertsonek eta publikoaren eta ekologiaren aldeko erakundeek egitura guztietan parte hartzea bermatu behar du, ura benetan giza eskubidea izan dadin, orain eta beti herritar guztientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.