Ikerlariak

URA eta uholdeak

Joserra Diez, Maite Arroita, Miriam Colls, Ioar de Guzman, Iñaki Antiguedad, Arturo Elosegi, Askoa Ibisate, Ana Saez de Olazagoitia eta Ane Zabaleta
2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Martxoaren 1ean nekazarien eta abeltzainen manifestaziora deitu zen Gasteizen, URA Uraren Euskal Agentziak egiten duen kudeaketagatik protesta egiteko. Bertan uholdeak administrazioari leporatu zitzaizkion, ibilguak behar bezala ez dragatu eta «garbitzeagatik». Protesta horiez gain, lehen sektoreak beste asko ere egin ditu. Horietan, administrazioari gehiegizko bultzada kontserbazionista izatea egozten zaio, eta neurri batzuk eskatzen dira, besteak beste, ibai-ibilguak dragatzea edo fitosanitarioak erabiltzeko eskakizunak murriztea.

Artikulua sinatzen dugun ibaien ikertzaileok honako gogoeta hauek egin nahi ditugu:

  1. Uholdeak fenomeno naturalak dira, baina klima-aldaketaren eta ibarren okupazioaren ondorioz, haien maiztasuna eta tamaina handitzen ari da. Uholdeak ezinbestekoak dira ibai-ekosistemak behar bezala funtziona dezan, besteak beste, arrain-espezie ugarik migratzeko, akuiferoak birkargatzeko, lurrak biziberritzeko, ibilguen morfologia orekan mantentzeko, edo ibarbasoa garatzeko.
     
  2. Uholdeek kalte ekonomiko eta pertsonalak eragin ohi dituzte, kasu gehienetan eremu urperagarriak behar ez bezala okupatzeagatik. Aski da airetiko argazki zaharrak oraingoekin alderatzea, ikusteko zenbateraino barneratu diren hiriguneak, mota guztietako azpiegiturak zein nekazal-lurrak eremu horietan. Batzuetan uholdeen aurkako egituraren batek ematen zuen segurtasun-sentsazio faltsuaren ondorioz egin izan da okupazio hori; beste batzuetan, aldiz, ahaztu egin dugulako eremu urperagarriak lehenago edo geroago urpean geratuko direla berriz; denbora kontua da.
     
  3. Indarrean dagoen araudiak erreka- eta ibai-sarearen kontserbazio-egoera ona berreskuratzera behartzen gaitu. Horrek uraren kalitatea bera baino askoz ere gehiago hobetzea dakar, ibilguen, ibarbasoaren eta eremu inundagarrien kalitatea eta naturaltasuna barne. Araudi hori, Europako Batasuneko ingurumen-legeria guztia bezala, ez da kontserbazionista batzuen kapritxoaren ondorio, ingurumen-degradazioak giza jardueren jasangarritasuna bera arriskuan jartzen duela egiaztatzearen ondorio baizik.
     
  4. Ibaiertzeko landaredia funtsezko elementua da ibai-ekosistemetan, eta, espezie ugari izateaz gain, funtsezko zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen ditu gizartearentzat. Oro har, ibaiertzeko landaretzak ez ditu uholdeek eragindako kalteak areagotzen, uraren abiadura moteltzen du eta ibilguan beherago kalteak eragin ditzaketen enborrak harrapatzen laguntzen du.
     
  5. Dragatzeak ez dira uholdeen eragina murrizteko eraginkorrak, hurrengo uholdeak berriro ere sedimentu berriak ekarriko baititu. Are gehiago, ibilguak dragatzeak ondorio negatiboak eragiten ditu maiz, hala nola ibilgua zein zubiak ezegonkortzea, maila freatikoa hondoratzea edo ibaietako habitatak suntsitzea. Ibilguetan izan daitekeen gehiegizko materia arroaren kudeaketa desegokiak sortua izan ohi da, ez hainbeste ibaiertzen kudeaketak.
     
  6. Hiriguneetatik kanpo, kanalizazio gogorrak ez dira oso eraginkorrak uholdeetarako, ur handietan ezegonkortzeko joera baitute, are gehiago inguruan dragatze-lanak egin badira. Kasu askotan, alboetako lezoiek uholdeek eragindako kalteak areagotu egiten dituzte, behin uholdea igarota, ura ibilgura itzultzea zailtzen baitute. Uholdeek eragindako arriskuei aurre egiteko neurririk onena ibai-eremua berreskuratzea eta ibai-arro osoaren kudeaketa egokia egitea da, ez artifizializazioa. Herbehereetan, Nafarroan edo Leonen pilatutako esperientziatik ikasi behar dugu; izan ere, uholdeen aurka teknika gogorrekin borrokatu ezinik, ibaiak lehengoratzeko proiektu erraldoiak jarri dituzte abian, pertsonei eta ingurumenari egindako kalteak murrizteko. Eremu inundagarriak berreskuratzea da hautatu duten estrategia.
     
  7. Nekazaritza eta abeltzaintza funtsezko sektoreak dira, ez soilik gure elikadurarako, baita gure kulturari eta ingurumenari eusteko ere. Hala ere, ezin dugu ahaztu sektore horiek kalte larriak ere sortzen dituztela. Europan, ongarrien bidezko kutsadurak milioika pertsonaren ur-hornidura mugatzen du, eta pestizidak egiazko mehatxua dira gure osasunerako. Ingurumen estandarrak murrizteak ez ditu nekazaritza eta abeltzaintza salbatuko, ingurumenaren eta pertsonen osasunari egingo die kalte, pertsonak edozein sektoretan lan egiten duela edo bizi direla.
     
  8. URA Agentzia, beste edozein eragile bezala, ez dago kritikatik salbuetsita, eta guk behin baino gehiagotan kritikatu izan dugu, betiere zientzian oinarritutako ebidentzietatik. Hala ere, uste dugu ibilguen kudeaketan eta ibai-ekosistemen leheneratzean egiten duen lana ondo bideratuta dagoela, eskura dagoen ezagutza onenean oinarrituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.