Ekonomia eta Ogasun kontseilari Elma Saizek artikulu bat argitaratu berri du, eta hausnartzen du ez dela erreforma fiskal handietan sartzeko abagunea. Nahiz eta bere datuen arabera diru-bilketaren jaitsiera 538,6 milioi eurokoa izatea espero; nahiz eta Nafarroako presio fiskala 1.675 milioi gutxiagokoa izan Europako Batasuneko batez bertzekoa baino; nahiz eta zuzeneko zergen bidez biltzen diren hamar eurotik zazpi lanaren errentetatik etorri; nahiz eta Sozietateen Zergaren bidez gutxien biltzen duen Estatuko lurraldea Nafarroa izan; hala eta guztiz ere, kontseilariak argi du, zergak ez dira aldatuko.
Tamalez, kontseilariaren iritzi hori adosturik dago Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdiekin (PSN, Geroa Bai eta Ahal Dugu). Aurrekontuen aurre-proiektua bi baldintzari loturik dago: fiskalitatea ez aldatzea, eta Txibiteren gobernuaren austeritate antisozialaren politika, ez baita ahanztekoa defizitaren erreferentzia-tasa %2,2an mantendu dela, nahiz eta Europako Batasunak 2020 eta 2021ean arau fiskalak bertan behera utzi dituela iragarri. Gainera, aurrekontu horiek lehenagokoen ildo bertsutik doaz (gastuaren igoera %1,9koa baino ez da izanen); hori horrela, ez dirudi orain pandemia-egoeran murgildurik gaudenik, eta noski, aurrekontu horiek ez dira aski izanen gizarte- eta osasun-arloetako beharrak betetzeko, COVID-19aren ondorioz beharrak ugaritu egin baitira.
Gobernuak ziurtzat jotzen du aurrekontuak onetsiko direla, Izquierda-Ezkerraren aldeko botoaz, eta EH-Bilduren abstentzioaz, azaroaren aldera lortu zuten akordioari esker. Akordio horren neurri zehatz bakarra (azterlanak eta asmo oneko adierazpenak gorabehera) bi milioi eskaseko partida bat erreserbatzea da, EH Bilduk aurkezteko dituen zuzenketa partzialetarako. Baina bi milioi horiek gastu osoaren %0,04 bertzerik ez dira; argi dago, beraz, akordio horrek ez duela zuzenduko aurrekontuen norabide antisoziala.
Akordioaren sinatzaileek egindako adierazpenetan erantzukizuna eta eragin-ahalmena goraipatu dituzte (eragin hori aurrekontuaren %0,04ko aldaketa soila bada ere). Eta orobat UPNren ezintasuna ere ospatu dute, garaipen handia balitz bezala; baina, egia errateko, UPN orain dela sei urte atera zen gobernutik eta ia-ia fiskalitate bera daukagu gaur egun. Edo, bertzela errateko, UPN gobernutik kanpo egoteak ez die deus eragin fortuna handiei eta enpresa- eta erlijio-arloetako betiko lobbyei. Emaitza ia berdina izan da, politika «aurrerakoi» berriak ez die ezertan eragotzi.
Bertzalde, Nafarroako Gobernuaren eta Bilduren arteko akordioan, hiru azterlan egiteko konpromisoa jaso da: Sozietateen Zergaz, fiskalitate berdeaz eta pentsioez; baina inolako neurririk hartzeko beharrik izan gabe. Hitzemandakoa hiru azterlanak egitera mugatuko da. Horrelako akordioek gezurrezko itxaropenak sortzen dituzte, gobernuak fiskalitatean, ingurumenean eta pentsioetan neurriak hartzeko prest dagoelako itxurak ematen dira, baina itxura hutsak dira. Politikan benetako adierazleak egindako gauzetan antzematen dira, eta ez azterlanetan. Eta eginak honela laburbildu daitezke: Enpresa Ondarearen gaineko Zerga kentzea (gobernu honen neurri fiskal bakarra); AHT eraikitzearen aldeko apustuari eustea; eta Toledoko Itunaren gomendioak sinatzea (gobernuko hiru alderdien oniritziaz: PSOE, Unidas Podemos eta EAJ), eta gomendio horietako bat pentsioetan bertze murrizketa bat egitea da.
Gizartea eraldatzeko asmoa dugun antolakundeok egia erran behar diogu jendeari. Benetako egoera islatzen duten datuak ezagutarazi behar ditugu (propagandatik haratago doazenak), hori baita errealitatea eraldatzeko abiapuntua; baina ez da aski, gero mobilizatu beharra dago, eta akuilatu behar ditugu aurrekontua bideratzeko ahalmena dutenak, berdintasun sozialerantz bideratu dezaten, eta ez abantailak gordetzerantz. Eta zeregin horretan ezinbertzekoa da benetako ezker politiko bat izatea, ez edonolakoa, bere izaerari eusten diona baizik, jendea nahasten ez dabilena. Aukera guztiak berdinak ez direlako, ezta itxuraz ere.
UPNren itzal iluna aurrekontuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu