UPN eta euskaltzaleen dinamismoa aurrez aurre

2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak 1982. urtean ETB1 sortzea erabaki zuen, Garaikoetxearen Jaurlaritzak bultzatuta. Hilabete batzuk geroago, Euskadi Irratia emititzen hasi zen, baita handik gutxira ETB1 ere. ETB2k 1986. arte itxaron behar izan zuen. Egun, Euskal Telebista Europako «87 milioi etxetan ikus daiteke, Astra satelitearen bitartez». Hala dio behintzat EITB taldeko webguneak. Ameriketan eta Espainiako zenbait autonomia erkidegotan ere bai. Nafarroan, zergatik ez?

Nafarroan, ETBren kaptazioaren historia bi indarren adierazgarri izan da: batetik, euskararen munduko gizartearen dinamismoarena; bestetik, Nafarroako Gobernuaren egoskorkeriarena. Hasiera-hasieratik foru administrazioak eta Estatuak berak, bere ordezkarien bitartez, komunikabide honen normalizazioari traba eta oztopo etengabeak ezarri dizkiote. Paz Zigandako hainbat gurasok eta Aralarko San Migueleko kapilaua zen Inozenzio Aierbek 1986an lehenengo antena jarri zutenean, orduan Estatuko ordezkari zen Luis Roldanek azalpenak eskatu zituen. Ikastolan galde zezala erantzun zitzaion. Orduan, ez zen neurriak hartzera ausartu. Oraingoan, ikusiko dugu.

Nafarroako eta Estatuko ordezkarien jarrera ez da aldatu: berriz ere, ETB ikusi ahal izateko iniziatiba hartu dutenak mehatxuak eta salaketak jasaten ari dira. Nola eman dezake administrazio batek halako erantzuna komunikabide publiko bati bidea irekitzeagatik, euskarari eta aniztasun politikoari tokia egiteagatik? Alegaltasunaren argudioa oso ahula da: Iruñean entzuten diren irrati gehienak alegalak baitira, baita Estatu mailan emititzen duten batzuk ere.

Urteetan, Nafarroako Gobernuak gogo txarrez EITBren emisioa onartzera behartuta ikusi du bere burua. Orain, kaptazio horren normalizazioa nafarren eskaera zabala da, eta, horregatik, LTDaren afera dela eta, Patxi Lopezen eta Miguel Sanzen gobernuek haien arteko akordioa irudikatu behar izan zuten duela bi urte. Ordutik, aitzakia ekonomikoa izan da, haien hitzetan, LTD teknologiaren bitartez EITBren kaptazioa normalizatzeko oztopo bakarra. Eta aitzakia horren faltsukeria izan da hain justu EAko afiliatuen ekimenak agerian utzi duena.

Esan beharra dago euskaltzale eta euskaldunok eta gehiengo zabal batek horren susmoa bagenuela. Izan ere, lehendakaritza emateko,PPk Patxi Lopezi oso baldintza zehatzak ezarri zizkion EITBri buruz: eguraldiaren mapa aldatzea, Euskal Herria hitza desagerraraztea... Zalantzarik gabe UPNk eta nafar eskuinaren presioak bere lana egin zuen. Lopezek gustura onartu zituen, eta, oraingoan, ETBren errepikagailuak ez jartzeko aitzakia ekonomikoa eman dio Nafarroako Gobernuari.

Argi dago gizarte zibilaren esku dagoela EITBren eta gainontzeko komunikabide euskaldunen etorkizuna Nafarroan. Komunikabide horien normalizaziorako euro bat ere emango ez duenarengandik eta, aldi berean, LTDaren bitartez Euskal Telebistaren kaptazioa ekiditeko baliabide publikoak gastatzeko prest dagoenarengandik ezin dugu ezer espero. Berriz ere, Nafarroako euskaltzale eta euskaldunok iniziatiba hartu beharko dugu, gure seme-alabek Euskal Telebista ikus dezaten. Bada antzeko historia duen beste hedabide bat Nafarroan: Euskalerria Irratia, hain zuzen ere. Hori ere gizartearen iniziatibaz jaio zen, eta, nahiz eta lizentzia lehiaketetan adierazitakoa betetzen duen (beste batzuek ez bezala), ez du oraindik lizentziarik jaso. Zergatik izango ote da?

Lotsagarria da teknologiak hainbeste bide eta aukera irekitzen dituenean UPN-PP eta PSN-PSEren jarrera politikoak ate horiek ixten saiatzea. Hemendik gutxira lizentzien adjudikazio prozesu berri eta zabala martxan jarriko da Nafarroan. Ikusiko duguzein den UPN eta PSNrengobernuaren jarrera, baina argi dago nafar gizarteak aurrerantzean ere aitzindari izan behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.