Xabier Isasi Balanzategi.

Uniformetasunaren izenean euskara desagerrarazi

2018ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Ciudadanos alderdiak Madrilgo Parlamentuan aurkeztu berri duen lege proposamenak eztabaida bizia piztu du. «Enplegu publikoa eskuratzeko eta barne promozioan berdintasunaren bermea bereizkeriarik gabe arrazoi linguistikoak direla eta». Proposamen horren bitartez alderdi unionistak Enplegatu Publikoaren Estatutua aldatu nahi du: zehazki, 56. artikuluaren 2. atala. Lege hori izaera organikoko legea izaki, Espainiako Erresuma osoan bete beharrekoa da. Horregatik aldatu nahi du: hizkuntza gutxitua daukaten lurraldeetan bere ikuspegi xenofoboa inposatzeko.

Enplegatu Publikoaren Estatutuak bere 54. artikuluan jokabide-printzipioak, 11. atalean, zedarritzen du: «Herritarrari berak eskatutako hizkuntzan erantzungo zaiola bermatu behar dute, hizkuntza hori lurralde horretan ofiziala bada». Alderdi unionistak, berriz, hori ez du aldatu nahi. Herritarrei eskubideak ukatu nahi dizkie, baina itxurak eginez. Alderdi unionistaren zitalkeria antzemateko, ikus dezagun zer aldatu nahi duen.

Enplegatu Publikoaren Estatutuak bere 56. artikuluan, Eskakizun orokorrak, 2. atalean zedarritzen du: «Administrazio publikoek, beren eskumenen eremuan, aintzat hartu beharko dute hautatutako enplegatu publikoek lanpostuak betetzeko behar adinako gaitasun izan beharko dutela bi hizkuntza ofizial dituzten autonomia erkidegoetan». Hor zehazten da administrazio publikoaren betebeharra herritarren eskubideak bete ahal izateko. Bada, alderdi unionista hori indargabetzeko erantsi nahi du: «hizkuntza koofiziala ezagutzea eskatzekotan, bakarrik meritu gisa baloratuko da»...

Alderdi unionistak saihestu nahi du administrazio publikoaren betebeharra herritarren hizkuntza eskubideak bete daitezen. Itxura denez, eraso gordin hau, oraingo honetan, ez da aurrera aterako. Halere, horrek ez du esan nahi egoera hobetuko denik. Hizkuntza gutxituen aurkako borrokak ez baitu etenik. Bai, euskararen aurkako borroka esan dut, hizkuntza gutxituaren aldekoa biziraupenaren defentsa besterik ez baita. Gauzak ondo bidean oraingo eraso berria, Ciudadanos alderdiaren Lege Proposamena, ezerezean gera daiteke. Halere, kezkagarria da. Kezkagarria da hizkuntza gutxituen aurkako ideologia zabaltzen ari delako. Finean, ez baitago diferentzia handirik Ciudadanos alderdiak Madrilen eskatzen duena eta PSE eta PSN alderdiek Euskal Herrian aldarrikatzen dutenarekin. Gogoratu, adibidez, PSEren azken hauteskunde kanpaina xenofoboa, euskaldunen aurka, edo PSNren proposamena, Nafarroako irakasle euskaldunen aurka.

Unionisten erasoaldi berria, Nafarroako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren eskumenak murrizteaz harago, Euskal Herriaren oinarrizko giza eskubideen aurkako eraso larria da. Jakina denez, Espainiako Erresumak bere Konstituzioaren 3. artikuluan estatuko hizkuntza bakarra ezagutzen du: gaztelania. Gainerako hizkuntzak, tartean euskara, autonomia eremu jakinetara mugatzen ditu, ez dira estatu hizkuntzak. Hori, berez, hizkuntzen arteko diskriminazioa da. Egia da, beste aldetik, berariazko hizkuntzen kasuan tokian tokiko administrazioei aitortzen zaizkiela erabateko eskumenak estatutu eta berezko legedien bitartez arautzeko. Baina hori da orain ukatu nahi dutena.

Herritarren arteko berdintasuna ezinezkoa da guztiei inposatzen bazaie kultur eta hizkuntza bakarreko eredua. Euskal Herriko erakundeei dagokie arautzea enplegu publikorako baldintzak zehaztea eta, hizkuntza gutxituari dagokionez, enplegu publikoan sartzeko euskaraz jakitea baldintza gisa ipintzea ere bai. Hori defendatzen dugu.

Bidenabar, Euskal Herriko erakundeei dagokie hiztunei aitortutako hizkuntza eskubideak arautzea eta zaintzea. Eskumena eta betebeharra da. Horiek horrela, irmoki salatu nahi dugu euskara gutxietsi eta zokoratu nahi duen ekimen oro. Berdintasunik izan ahal izateko, gaztelania eta euskararen estatusak maila berekoak izan beharko lirateke. Hori da eskatzen duguna, besterik ez.

Espainiako Erresumak diktaduran ditu erroak, eta orain, lehengo lepotik burua, estatuaren zentralizazioa sendotu nahi du. Kataluniaren aurkako erasoa da, dudarik gabe, gehien ikusten dena, baina badira Euskal Herriaren aurkako erasoak ere. Presoak, torturak, eskumenak ukatu, eskumenak murriztu, eskubideak urratu... Euskara eta euskaldunak eraso horien ohiko jo puntua izaten dute. Espainia bat eta bakarra nahi dutenek ondo baino hobeto dakite hizkuntza gutxituak estaturik gabeko nazioen ahuluneak direla, horregatik jotzen dute behin eta birritan euskara eta euskaldunen aurka.

Alabaina, baten batzuk ohartzen ez badira ere, euskaldunen aurkako eraso bizi-bizia da. EAJ eta PSE alderdiek sinatutako akordioan, bere 7. puntuan, «efizientzian eta berrikuntzan oinarritutako administrazio publiko hurbilago bat, iragartzen du hizkuntza eskakizunak egokitu eta eguneratzeko prozesuarekin jarraituko duela». Gaude PSEk ezarritako ikuspegi ideologiko makurra, Ciudadanos-en berdintsua, ezarri nahi duela eta hizkuntza eskakizunetan orain artean lortutako apurra murriztu edo, ahal badute, deuseztatu.

Euskara eta euskaldunok ziurgabetasun juridikoan kateatu nahi gaituzte, dilema eta dikotomia faltsuetan katramilaturik: osagile ona ala mediku euskalduna? Komunikazio eraginkorra ala komunikazioa euskaraz? Administrari efikaza ala administrari elebiduna?... Euskara baliorik gabeko hizkuntza jo eta euskaldunei baldarrak, mediku eskasak, komunikatzaile kamutsak eta administrari alferrak deitu. Tamalez, ideologia hori guk uste baino hedatuagoa da. Gure hizkuntza eta oinarrizko eskubideen defentsan, ordea, gogo-bizi eta zutitzeko prest gaude. Jakin dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.