Ideia ez da berria. UEUn adibidez, aurreko beste saiakera batzuen ostean, azken bi urtetan proiektu bat landu dugu, unibertsitatearen eta euskararen beste erakunde batzuekin batera. Baina, zoritxarrez, orain arte ez da posible izan berau gauzatzen hastea.Has gaitezen kontzeptua bera argitzen. Unibertsitatearen izaera izendatzeko hitz desberdinak erabiltzen dira: irekia, on-line, birtuala, urrunekoa, eta abar. Birtuala izateak, erreala ez izatea iradoki dezake. Urrunekoa izateak, teknologia eta sareekiko lotura ezkutuan gordeko balu bezala da, ikaslea periferian kokatuz. Horregatik, hain zuzen, nire ustez, on-line da termino zehatzena eta osoena baina, era berean, irekia izan daiteke eskaintzen dituen aukerak hobekien islatzen dituen terminoa. Irekia izatea, on-line izateaz harago ere uler daitekeelako.
Hasiera batean teknologiari berebiziko garrantzitsua eman zitzaion, baina Internet erabat hedatua dagoen baliabidea da eta aspalditxo ikusi da halako egitasmoetan metodologia eta ikuspegi pedagogiko egokiak direla giltzarria. Hor dago gisako unibertsitate baten galdera nagusia, eta hortxe, balizko arrakastaren erantzuna. Nabaria baita unibertsitate eredu honetan espazio fisikoa eta tenporala gainditu egiten direla. Eta ezaugarri horrek definitzen du, hain zuzen, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren nolakotasuna: ikasleak autonomoa eta aktiboa izan behar du; babesa jaso behar du; orientatua izan behar du; bestela bidean porrot egingo dezake. Horregatik, funtsezkoa da irakasle-tutoreen rola, euren jarrera eta formazioa, ohiko unibertsitate presentzialetan aplikatzen ez diren rolak direlako. Eta hor kokatzen da unibertsitate berrien sorkuntzaren arrazoia.
Baina bada beste galdera bat: nori zuzendua dago unibertsitate ireki bat? Nor da bere xede-publikoa? Zein ikasle-profili erantzuten dio? Zenbaitzuk, ohiko unibertsitateen desagerpena iragartzen dute, baina azti horien aurreikuspenetatik urrun, unibertsitate presentzialek bizitza luzea izango dutela pentsa daiteke, bere ohiko ikasleak ez direlako desagertuko: ikastera dedikatzen diren gazteak, hain zuzen. Hortaz, unibertsitate irekiak beste adin-tarte bati erantzuten dio. Ikasteaz harago, beste zeregin batzuk dituzten gazteei eta ez gazteei zuzendua egongo da. Eta xede-publiko horri begira arrakasta handia izan dezakeen eredua da unibertsitate irekiarena.
Eskaintza hor dago, gero eta zabalago. Herrialde Katalanetan sortutako UOC (Universitat Oberta de Catalunya, Kataluniako Unibertsitate Irekia) erreferentzia bat da nazioartean: lehenetako bat izan zen, berritzailea eta hasieratik katalanez. UOCek Herrialde Katalanetan izan duen eragin sozio-politiko-ekonomikoaz aritzeak luze joko luke, baina sortzen duen aukera bat ezin da aipatu gabe utzi: berrikuntzarena. UOC, Erresuma Batuko Open University delakoarekin batera, Europako unibertsitate irekirik prestigiotsuena da. Eta Espainiar Estatuan gero eta gehiago dira motako honetako unibertsitateak: UNIR (Errioxa) asko zabaltzen ari da, baina hor daude Udima (Madril), VIU (Valentzia) eta beste batzuk. Frantziar Estatuan hainbat iniziatiba bideratzen ari dira, adibidez FUN unibertsitate digitala (France Université Numérique).
Eta Euskal Herrian? Eta euskaraz? Zoritxarrez atzean geratu gara. Erdaraz aukerak badaude, kanpoko unibertsitateen bidez behinik behin. Baina euskaraz deus ez. UEUn horretan gabiltza eta egindako azterketek baikorrak izateko zantzuak ematen dizkigute: irakasle-tutoreak aurkitzeko arazorik ez da aurreikusten eta gutxienez bospasei titulazio eskaintzeko ikasle potentzial nahikoa egon daiteke. Gainera, unibertsitatean dugun arazo biri, irakasleen batez besteko adina etengabeko handitzea eta ikerlari gazteak unibertsitate sisteman integratzeko zailtasunak, irtenbidea bideratzen lagun lagun lezake halako egitasmo batek.
Baina bide hau, arrakastatsua izango bada, lankidetzan eta instituzioen eskutik egin behar da. Eta instituzioen aldetik ez da urratsa egiten: proiektuak hitz onak besterik ez ditu jasotzen; baina besterik ez. Eta, zalantzarik gabe, halako proiektu batek beste kemen bat behar du, beste ziurtasun bat: apustu estrategikoa izan behar du. Euskaldunen eskubideen bermea, euskaldunen mugaz gaindiko kohesioa, berrikuntza pedagogikoa eta teknologikoa eta beste hitz potolo batzuk aipa litezke, agerikoa ez balitz: berandu gabiltza.
Unibertsitate irekia euskaraz: berandu gabiltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu