Unibertsitate eredu berri baten alde Lea-Artibain

Gorka J. Palazio
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Unibertsitate publikoak eta pribatu asko zaharturik geratzen ari dira. Internetek eskaintzen dituen aukerak profitatzen ez dute asmatu. Ez dira gauza izan Internetek eta komunikazio teknologia berriek sortu duten etengabeko aldaketara moldatzeko. Dirua barra-barra xahutu dute teknologia zaharrak erosten, kode itxiko sistemak inplementatzen eta erakundeak esklabo bihurtzen zituzten enpresen alde egon dira. Ez dira gai izan metodologien aldaketa aurreikusteko, eta Open Content, lizentzia libreak, Linux eta unibertsitateetarako Open Access eskatzen genuenok zorotzat hartu gaituzte. Baina, hara! Boloniako prozesuak Software Libreak berrikuntzarako erabiltzen dituen metodoak kopiatu, krisi ekonomikoan sartu eta, bat-batean, hasten dira batzuk konturatzen bestelakoa izan behar dela Goi Mailako Irakaskuntza. Aspaldi honetako notiziek azkartu dute prozesua: Stanfordeko unibertsitatea konturatu da klase libre masiboak ematea, erakunderako propaganda produktiboa izateaz gain, gizarterako konpromiso etiko ona dela; Kanadatik MOOC klase masibo eta irekien mugimendua aski hedatu da; Harvard-ek eta MITek 60na milioi dolar jarri dituzte eDx proiektua gauzatzeko zeinetan Eduki Libreko geroko unibertsitate eredua zein izango den ikertu nahi baitute. Khan Academy-k ere erakutsi du norantz goazen ikus-entzunezko eduki libreak eskaintzen. Venezuelako unibertsitate bolivartarrek ere Software Librearen eredua hartu dute, Brasilgo eta Kubako hainbatek egin duten bezala. Silicon Valley kaliforniarrean arrisku kapitaleko erakundeek eta enpresa handietako zuzendari batzuek inbertsioak egin dituzte eredu horien alde. Microsoft bera ere zeharo aldatu da Linux aldera hurbiltzen. Aldaketa garaia da gurea eta orain, diru murrizketak direla-eta, Hezkuntzako agintariak ere saiatuko dira dena txikitzen, gaizki xahututako dirua bestela bideratzen, handinahiak albo batera uzten... Hemen, ikerkuntza patenteen arabera neurtzen zela erakutsi ziguten askok, eta orain konturatzen gara dena ez dela oinarritzen patenteetan. Aurrerakuntza talde lanean oinarritzen dela aldarrikatzen dute berriki eredu pertsonalista eta pribatiboaren alde egiten zutenek. Onerako ari gara aldatzen, tamalez, beharrak eraginda.

Irakaskuntzako metodologiak ere aldatzen ari dira. Orain, gehiago berba egiten da webquest, konektibismo, soluzionatu beharreko problemen gaineko ariketez, mapa kontzeptualez, Eduki Libre eta abarretaz. Hala ere, penagarria da ikustea nola irakasleek Open Access-en filosofia ez duten ulertu, beren curriculuma loditzeko pauso soiltzat hartuz. Mugimendu guzti honen atzean zer dagoen ez dute ikusi nahi askok. Jakintza zabaltzea eta testu liburuen iraungitze data azkartzea arriskutzat dute, eta horregatik mantsotu egingo da Open Content edo Eduki Irekien hedatze prozesua.

Egoera horretan eta etorkizunari begira, Ziortza-Bolibar herrixkan udako unibertsitate librea (Bolibar.org/uub) sortu zen igaz John Dewey filosofo aurrerakoiaren esaldi ospetsua gauzatzeko: «Gehiago ikasteko ahalmena garatzea da irakaskuntza prozesuaren ondorioa». Gure unibertsitateek benetan eragin dute ikasleen ikaskuntza prozesua azkartzea edo etengabekoa izatea? Hori da galdera, geure kolkorako egiten duguna, noiz eta irakaskuntza formal eta ezformalen arteko muga lausotzen ari baita. Enpresek jada ez diete begiratzen curriculumei lehengo denboretan bezala; orain, talde lana egiteko gaitasuna eta balioak ere kontuan hartzen dira. Irakaskuntza soziala eta kolaboratiboa nola sustatu, horixe da erronka. Interneten hainbat webgune berri ditugu. Ospetsuenetarikoa Sebastian Thrun irakaslearena izan da, Udacity herri unibertsitatea sortuz. Etorkizuna egitea erabaki du Thrun irakaskideak geroari so egiten egon beharrean. Adorea eduki zuen S. Thrun-ek Stanfordeko unibertsitatetik irten eta horrelako herri proiektu bat sortzeko. Coursera.org ere bada beste adibide polit bat, geroko unibertsitate ereduaz jabetzeko. Edo Khan Academy, non 168 milioi ikasgai libre baino daude. Unibertsitate libre eta zabal horren beste ezaugarri bat ikus-entzunezko materialetan datza, hau da, bideoak digeritzeko errazak dira, laburrak, norberaren kontsumo azkarra asetzeko modukoak.

Jakin badakigu eredu honek etsai asko dituela, San Benitoren garaitik irakaskuntza pertsonalista, izkutakorra eta negozio hutsa izan baita. Orain Unibertsitate Irekiaren aroa zelakoa izan daitekeen ikusten ari gara, eta urte batzuk geroago, Unibertsitate Librea ezagutzeko aukera edukiko dukete gure seme-alabek. Bidea eginez eta unibertsitateen eredua errotik aldatuz, guk hobeto dakusagu P2P moduko unibertsitatea, oraingo eredua baino. Horregatik sortu da Bolibar herrixkan eredu alternatiboa, udan baino ez bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.