Pasa den ostegunean, San Ignazioko harrera ekitaldia profitatuz, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak langile guztientzako enpleguari loturiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde (BGAE) bat sustatzeko proposamena plazaratu zuen.
Ohituta gaude horrelako ekitaldietan Bizkaiko ahaldun nagusia «titular baten bila» doala ikustera. Iaz izan zen enpresariei egindako «soldatak igotzeko» deia. Oso erantzun eskasa jaso zuena, soldatak igotzekotan, beti KPIaren azpitik igo baitira; hau da, langileek jarraitzen dute erosteko ahalmena galtzen.
Aurten enpleguari loturiko BGAE bat sustatzeko proposamena plazaratzea ez da kasualitatea izan. Urtarriletik, astelehenero pentsiodunak kalera atera dira, eta bereziki Bizkaian oso mobilizazio handiak egin dira. Beraien aldarrikapen nagusia «Pentsio publiko duinak» izan da, eta duintasunari zenbakia ere jarri diote: gutxieneko pentsioa, 1.080 €.
EAJ saiatu zen mugimendua gelditzen, Espainiako Aurrekontuen eztabaidan, pentsioen inguruko zuzenketa batzuk PPren gobernuarekin adostuz, hala nola aurtengo eta hurrengo urteko pentsioen igoera KPIaren arabera ezartzea eta iraunkortasun faktorearen aplikazioa lau urte atzeratzea. Baina pentsiodunen mugimenduak argi utzi zuen aldaketa horiek ez zirela nahikoa, eta mobilizazioei eutsi diote, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarrikapena azpimarratuz.
Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk gutxieneko pentsio hori bermatzeko proposamena aurkeztu zuen: Eusko Jaurlaritzak, datozen lau urteetan zehar, osagarrien bidez pentsio txikienak 1.080 euro arte osatzea. Posible da, egingarria da, baina EAJk eta PSEk osatzen duten gobernuak ez du horretarako borondate politikorik, eta proposamena atzera bota zuten.
Eta orain, EAJk pentsio publikoak «osatu» nahi ditu BGAE baten bidez. Eta esaten digute helburua ez dela ordezkatzea pentsio publikoak, baina proposamen horrek ordezkatu nahi du pentsio publiko duinak lortzeko bidea. Beraien abiapuntua da ezin direla pentsio publikoak handitu, eta, beraz, pentsio pribatu baten bidez osatu beharko direla. Proposamenak tranpa du: langileen etorkizuna bermatu ordez, pentsio pribatuak kudeatzen dituzten entitate finantzarioei egiten die mesede, beraiek izango baitira etekinak lortuko dituztenak.Tranpa du, helburua izan behar delako langile guztientzako pentsio publiko duinak bermatzea, eta bide hori bultzatu ordez albo batean uzten baita.
Gainera, ez Bizkaiko Foru Aldundiak, ez Eusko Jaurlaritzak, ez dute enpleguari loturiko horrelako BGAE bat sortzeko eskumenik, enpresariek eta sindikatuek negoziazio kolektiboaren bidez adostu behar baitute. Nola sustatuko du Bizkaiko Aldundiak proposamen hau? Egun dauden zerga-onurak handituz bereziki enpresariei?
Proposamena gauzatzeko eskumenik izan ez arren, hurrengo egunean komunikabide guztietan agertu zen proposamen hori, pentsio publikoak arriskuan daudelako ideia indartuz. Azken finean, proposamenaren atzetik dagoen helburua da pentsio publikoen sistema sostengarria ez dela zabaltzea. Ez dakit BGAE hori gauzatuko den, baina, bitartean, pentsio publikoen kontrako erasoa egina dute.
Enpleguari loturiko BGAE bat sortzeaz gain, Unai Rementeriak deia egin die enpresei enplegu seguruagoak, kontratu luzeagoak eta baldintza hobeagoak bultzatzeko. Zenbat aldiz planteatu dugu Batzar Nagusietan Bizkaiko Foru Aldundiak azpikontratatuta dauzkan zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei eskatu behar diela beren langileen soldatak handitzea eta lan-baldintza hobeak bermatzea? Eta halako eskaerarik egin dugunean, aldundiaren erantzuna beti izan da beraiek ezin dutela negoziazio kolektiboaren eremuan sartu. Eta BGAE bat sortzeko bai?
Unai Rementeriak eta Bizkaiko Foru Gobernuak enplegu duina bultzatu nahi badute, has daitezela aldundiarekin kontratuak dituzten enpresei eskatzen lan hitzarmena negozia dezatela, langileen soldatak handitu ditzatela eta lan baldintza duinak bermatu. Aldundiarekin sinaturiko kontratupeko enpresetako langileak asko dira Bizkaian. Horietariko batzuk egon ziren San Ignazioko harreran, baina kanpoan; beraien aldarrikapenak entzuten ziren, nahiz eta Unai Rementeriak horiei kasurik egin ez. Alde batetik, aldundiaren eraikinen garbiketaz arduratzen den Garbialdi enpresako langileak; eta bestetik, gizarteratze arloko zerbitzuez arduratzen diren esku-hartze sektoreko langileak. Guztiek aldarrikatzen zuten izoztuak dituzten soldatak igotzea, lan baldintza hobeak bermatzea eta lan-hitzarmen berria sinatzea. Beraiekin egon ginen harrera ekitaldira sartu baino lehen, aldundiak zeresan handia baitu berak zerbitzuak era zuzenean kudeatu ordez kanpoko enpresen eskuetan uzten dituenean, enpresa horien langileen baldintza duinak bermatzeari begira. Baina aldarrikapen horiek ez zuten merezi Unai Rementeria ahaldun nagusiaren aipamenik.
Unai Rementeria eta pentsio publikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu