Umore ez da dolore

2017ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Bilboko Aste Nagusian jazotako gertakari bitxiaz komentarioa egin nahiko nuke, Hontzak konpartsari bere txosnan jarritako murala Ertzaintzak kendu zionekoa, konpartsek deritzoten «Inkisizioak» (edo Apezpikutzak) hala aginduta. Hontzen pankartan Velazquezen Kristoa agertzen omen zen, gorpua zatikatuta harategi bateko etxe aberea bezala, txosna harategia zelako metaforan, eta eukaristia kristauaren parodia eginez. Muralak min egin ei dio bertoko komunitate kristauari. Gotzainak eskatuta erretiratua izan ondoren, Hontzek Interneten mezua zabaldu dute gero, autoritateen jarrera kritikatzeaz gain, erlijio milenarioari «matxista», «irrigarria», «faxista» eta bestelako desakreditazioak aurpegiratuz. Dokumentua oraindik eskuragarri dago sarean.

Hontzen eta Bilboko konpartsen argudioa adierazpen askatasunaren bidetik badoa ere, kontuan hartu beharrekoa da umorea zer den, eta umorea praktikatzen denean zer-nolako pretentsioa dagoen atzetik parodiatutako objektuarekiko: hura hobera eramatea (umorea), edo zapuztea eta zanpatzea (satira). Hala moduz, jakin beharko genuke ezer defendatu aurretik askatasunak hurkoak askatzeko balio ote digun edo hura suntsitzeko; kasu horretan, bigarrenari libertatea kenduz.

Bai umoreak, baita askatasunak ere, hurkoarekin elkartasun puntu bat eskatzen dute. Irrigarri suertatzen den hori parekide begiratzekotan, umoristak ez du ergel partikularrik ikusten, ergelkeria kolektiboa baizik; baita, noski, bera inguratzen duen tontakeria hedakorra ere. Horren harira, XIX. mendeko umoreari buruzko idazki bikainena plazaratu zuen Joan Paulo Richter alemaniarrak. Aski desberdintzen ditu «satiriko trauskila» deritzona eta umorista, bere teoria estetikoetan: lehenak, bere kideak baino argiago iritzita, gainontzekoak irrigarri uzten ditu bere buruaren estimu gisa, gainontzekoak isekarekin gogaituz. Bigarrena, munduaren absurdoa ikusteko gai da, aldi berean ulertuz bere bizitza irrigarriaren dinamikan ere mugitzen dela, eta gai da bere buruaz ere barre egiteko, satirikoari ezinezko zaiona. Satirikoaren eredurik bikainena Abderako Demokrito litzateke Richterrentzat, Hipokratesen begietatik «gizonen artean argiena»; horren sinestun, denen kontura egiten zuena barre. Demokritoren figura eredu, Sokratesek, Platonek, Joan Krisostomok edo Tomas Hobbesek mendeetan zehar gogor kritikatu zuten irria, norberaren goratzearen eta arimaren makurduraren sintoma gisa hartuz.

Zorionez, historia unibertsalak Rotterdamgo Erasmoren humanismoa, Richterren filosofia eta Umberto Ecoren argitasuna ere izan ditu lagun, umorearen eta barre sarkastikoaren arteko desberdintasuna marraztu dutenak, eta euri esker dakigu egun Etxahunen Maria Solt pertsonaia ez dela bere desgraziaren kontura barre egiteko aitzinezko euskal andre baboa, baizik eta bere senarra zinez maitatzeagatik, eguna tabernan pasatzen duen Kastero alproja ere santu egiteko kapaz den emakume maitemindua, amodioaren espresio noble eta (agian) erotikoena ere. Umoristikoki ezinezkoa da Maria Solten bizkarrera barre egitea, berarekin baizik, eta halako fenomenoa ere topatu ahal da gaurdaino iritsi diren bertsolari ezagunenen koplatan, euskal umorearen dignifikatzaile sutsu.

Piares Topet, Txirrita, Pernando edo Lazkao Txiki ez letozke bat Hontzak konpartsarekin, umorea non topatu, nahi eta ezinean. Mundua salbatu ei zuenaren gorpua txerriki bezala zatikatuta saltzea, eukaristiak bere arima sendatzen duela eta bere hurkoen salbamena nahi izatera eramaten duena ilun seinalatzea da, bere praktika akelarre gizajale baten erritura jaitsiz, parodia egiten duena gorajarriz, eta katoliko praktikantea munduko zoroen artean mespretxagarrien jarriz. Zoro horien artean sartzen omen dira ere Pasteur medikua, edo Haritxelhar arte Euskaltzaindia garatu zuten elizgizon guztiak, eurei esker euskararentzako sistema bateratua daukagula elkar ulertzeko. Ez zaie zoro hauei hobekuntzarik proposatzen, ez eta euren errituen birplanteamendurik: zapalkuntza eta desagerraraztea bakarrik. Antza denez, ez ditugu behar.

Euren komunikatuan, Hontzek erritu katolikoak zeinen barregarriak zaizkien aipatzen zuten, eta sanoa da oso errituen alde irrigarriak sumatzea, hauek aldatzeko edo hobetzeko bada. Hala moduz egin dezake ere umoreak islamarekin, emakumeekin, potoloekin edo beltzekin, baldin eta umore horrek intentzio kritikoaz beste, objektu kritikatua barre-harrikadaka desagertzearen infernura eraman nahi ez badu, non sarkasmoa, zapalkeria eta dolorea besterik ez diren. Gure festa herrikoietan, umorearen esponente alaienean, onargaitzak egiten zaizkidan portaerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.