Andoni Umandi ikastolako irakasle ohia

Umandi, izena eta izana

Iñaki Jauregialtzo Beitia, ‘Jaltzo’
2024ko azaroaren 20a
05:00
Entzun

Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen, eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. Hogeita hamaika urte beteko dira bihar, eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen hark utzitako ondarea. Umandi, bere herriko mendi baten izena erabili zuen bere idazlanak sinatzeko. «Nere izena poliziaren fitxategian zegoen eta ez zen posible gramatika neure izenarekin argitaratzea».

Lehen urteak gogorrak bizi izan zituen, gerrak harrapatu eta erbestera joan beharra, Parisen eta Baionan; urte mordoxka egin ondoren Gasteizera itzuli zen Miren Terese bere arrebaren etxera, beti lagun eta laguntzaile izan zuena. Gramática Vasca-n «Bizian zear benetan maite izan naun nere arreba kutunari», idatzi zuen Umandik. Etxe erdaldunetan jaio ziren anai-arrebak, hala ere gazterik ohartu ziren bere herrien sustrai euskaldunez, eta euskararen irakaskuntzari lotu ziren biak.

«Gure hizkuntzaren berpizteak benetan arduratzen zuen. Bere jakintza ereitea zen. Bere ametsa Euzkalerria euzkaldutzea», idatzi zuen bere arrebak. Irakaskuntzaren beharra, hala ere, euskaraz bideratutako irakaskuntza, euskaraz pentsatzeko eta euskaraz jarduteko euskaldunak xede, horretan bere bizitza eman zuen lanean. Hizkuntza eta herria josi-josita daudela adierazten du bere lanaren hitzaurre batean; beraz, euskaldun guztien eginbehar nagusiena euskaraz egin, ikasi, goratu eta zabaltzea izan behar duela diosku.

Euskara biziberritzea xede Gramática Vasca idatzi zuen 1955. urtean: Euskara ikasi eta irakasteko metodoa. Umandi erbestetik itzuli zenean Gasteiza, liburu hau hainbat ikasle ilustre eta esanguratsu (Jose Angel Cuerda, Gasteizko alkatea, Salvador Espriú, idazle katalana, Sanchez Carrión hizkuntzalaria, Jesús Zubiaga, Sancho El Sabio Fundazioaren zuzendaria., Izaskun Arrue andereñoa...) eskuetan izan zuten Gasteizko Udaberria euskaltegian, Andoni irakasle zutelarik.

Euskara irakasten eta idazten jardun zuen hil arte. Gentza-Bearean eleberriaren aitzin-solasean hauxe idatzi zuen: «Nire leroak josteko dabildan euzkerak erikoya izan nai du, edo jatora izan diteken aren urbil bederik ibiltzea, gure euzkalki guztien jokaeraetan dantzatzen, guziak nireak eta ororenak diralarik; eta orengatik ain zuzen, egokia izan diteken batasunerako, guziak ere aintzakotzat artu ta erabili bear direla ustean».

Hona hemen bere idazlanak: Gramática Vasca (1955), Gramática Vasca, Modismos- Vocabularios- Clave de Temas (1959), Euzkal-Betekizunak (1977), arestian aipatutako Gentza-Bearean (1985), Euzkadi ́ren ebazkizuna (1985), Euzkal eliztia (1989), Goi-yakintza’runtz urbiltzeko nayean, euzkeraz egindako urats txikiak (1993), Asmo Hiztegia I eta Asmo Hiztegia II.

Andoni atxilotu, espetxeratu, Huescara bidali eta azkenean iparraldera ihes egin zuelarik Bidasoa ibaia zeharkatuz (1951), Miren Teresek nebaren lekukoa hartu eta Gasteizko San Antonio kalean, bere etxean, euskara eskolak ematen jarraitu zuen. Ikastolen hazia ereiteari ere ekin zion, horren adibide Izaskun Arrue andereñoari prestakuntzan laguntzea eta Donostian Elbira Zipitriaren jarduera ezagutzeko aukera ematea. Finantza lanetan ere aritu zen Miren Terese, dirua guraso eta laguntzaileengatik jasoz. Euskara herrikoia maite zuen, eta bere bizitza osoan euskararen alde egin zuen lan eskerga azpimarratu behar da.

Andoni eta Miren Tereseren lekukoa, hirurogeita hamarreko hamarkadan Araban ikastolak sortu zituen guraso belaunaldiak hartu zuen, eta bere izena eramango duten bi ikastola sortu ziren: bata 1975ean Gasteizen (gaur egun Umandi ikastetxe publikoa) eta bestea bere herrian, 1976an, Andoni Urrestarazu Umandi ikastola, egun Araia Herri Eskola. Guraso haien ausardia ezinbestekoa izan zen, ez zekiten umeek titulazioa izango zuten ala ez, zer gertatuko zen haur haiekin... eta hala ere etorkizuna euskaraz izango zela, apustua egin zuten.

Euskararen biziberritzean guztion eskuak eta ahoak behar dira. Laster Euskararen Nazioarteko Eguna izango dugu eta udazkena ondoren negua, eta neguaren ondoren Euskaraldia, aukera paregabeak euskara bizi, goza, erabiltzeko eta ikasten jarraitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.