Berriki egin diren EspainiakoGorteetarako hauteskundeetako emaitzen ondorioak aztertuz, Vox alderdiaren agerpena nabarmendu behar dugu.Nafarroan adibidez Vox-ek 17.660 boto jaso ditu. Foru hauteskundeetan emaitza horiek errepikatuz gero, eskuin muturrak parlamentuan bizpahiru ordezkari izan ditzake —gaur ikusiko da—. Espainiako Diputatuen Kongresuan, berriz,alderdi ultraeskuindarra indarrez sartu da, 24 eserleku lortu baititu. 2016ko bozetan 46.781 boto baino ez zituen lortu, eta oraingoan 2,6 milioi botoemailek indar ultraeskuindarrari atxikimendua adierazi diote. Santiago Abascal,Vox alderdiko presidenteak, boto-zenbaketa ondoren egindako agerraldian adierazi zuen: «Errekonkistari hasiera eman behar geniola esan genizuen, eta hori da, hain zuzen ere, egin duguna». Baina nortzuk dira errekonkista horren babesleak?
Lurraldetasuna begiratuta, bere bozen %75 Espainiako Estatuko 6 autonomi erkidegoetan kokatzen da: Madril, Murtzia, Valentzia, Gaztela eta Leon eta Gaztela Mantxa. Aldiz, Santiago Abascalen alderdiarenemaitza txarrenak daude Katalunian eta Euskal Herrian (bozen%5era ez dira heltzen), Galizian %5,2 eta Kanarietan, %6,5eko portzentajearekin. Metroscopiak egindako ikerketa baten arabera, Vox bozkatzen dutenen artean, lautik batek 2.000 euro baino gehiagoko diru sarrera du hilean. Kontuan edukita estatu espainiarrean herritarren %13k soilik daukatela ahalmen hori,Abascalekoen artean zifra hau ia bikoiztu egiten da. Ezker-eskuin eskalan, 0 ultraezkerra eta 10 ultraeskuina izanik, Voxen bozkatzaileek 7,3an kokatzen dute bere burua, PPkoak6,6 an eta Ciudadanosekoak 5,6an, baina Vox bozkatu dutenen 10etik 6k PP bozkatu zuten 2016ko hauteskunde orokorretan. Eta argazkiarekin bukatzeko, datu oso esanguratsua: emakumeakVox-eko boto emaileen %28 dira soilik, bere adina batez beste 51 urtekoa delarik. Gizonek, ostera, ultraeskuinaren alde daudenen %72 suposatzen dute, 45 urteko batez bestekoarekin. Beraz, hau esan dezakegu: errekonkistaren aldekoen batez bestekoa da 45 urteko gizona, oso eskuindarra sentitzen dena, diru sarrera altuekin eta orain dela gutxi arte PP bozkatu duena.
Beraz, datuek frogatzen dute, ultraeskuinean kokatzen direnak, hein handi batean, gizonak direla, 10tik 7. Zergatik emakumeek ez dute Vox maite? Azalpenak logikoak izan daitezke: genero indarkeriaren legearen aurka kokatu dira,konplexu barik adierazpen matxistak botatzen dituzte, adibidez: «emakumeak azazkalak moztu ditzake, baina ezin du abortatu», etagainera bere zerrendetan tratu txarragatik kondenatutako hautagaien presentzia eduki dute (mediatikoki ezagutarazi ondoren, listetatik kanporatuak izan ziren). Hortaz, emakumeen gehiengoak Vox ez babestea arrazoizkoa dirudi. Baina zergatik gizonek ultraeskuindar alderdia bozkatzen dute?
Egoera hau ez da bakarrik estatu espainiarrean gertatzen. Reiner Klingholz, Berlingo Populazio eta GarapenerakoInstitutuko zuzendariak adierazi duenez, eskuin muturrarengorakada aztertzerakoan, aitorpenik ez duen eta ikertuta ez dagoengenero elementua existitzen da. Alemaniako azken hauteskunde orokorretan eskuin muturreko alderdiak, Alemaniako Alternativak (AfD), bozen %13 lortu zuen. Baina lehen Alemaniako Errepublika Demokratikoa zen lurraldean, Ekialdeko Alemanian, portzentajea bikoizten da eta gizonen artean ia %30era heltzen da. Berlingo harresia jausi ondoren, hiru milioi lanpostu galdu ziren Ekialdeko Alemanian, eta bere populazioaren %10ek emigratu zuen. Alde egin zutenen bi herenak andrak dira. Klinghozen arabera, Europan egon den exodo femeninoaren kasurik muturrekoena da. Ekialdeko Alemaniako eskualde batzuetan, emakume eta gizonen arteko desoreka oso handia da, 22 eta 35 urte dituzten hiru gizoneko bi emakume baitaude. Horrela, andrak desagertu diren lurraldeetan, ultraeskuinaren alde bozkatzen da. Petra Köppingek, Sajoniako integrazio ministroak azaldu duen moduan, oreka eza honek ondorio desberdinak ditu, baina nabarmena da «Ekialdeko Alemanian maskulinitate krisi bat daukagula, eta horrek ultraeskuina elikatzen du».
Raul Zibechik fenomeno hau azaltzeko, Rita Segato antropologoak landu duen «maskulinitatearen aginduari» egin dio erreferentzia, gizontasuna erakusteko gizonek daukaten agindua, alegia, indartsua eta boteretsua izateko agindua. Baina gaur eguneko bizitzaren prekaritate maila dela eta, gizonek ezin dute agindu hori bete, eta etsipen, porrot eta frustrazio sentimendua agertzen da.Kasu horietan gizonak mendekura jotzen du, ukatu izan zaion maskulinitatea eta gauzatu ezin izan duen potentzia berreskuratzeko.
Segatoren ustez, sei potentzia mota daude: sexuala, gerrakoa, politikoa, ekonomikoa, intelektuala eta morala, eta potentzia horiek ez dira existitzen ez bada haien erakustaldia egiten, hau da, ez badute nabarmentzeko gaitasunik. Maskulinitate agindua, potentzia agindu gisa, menderakuntza agindua da zeina beste gizonen aurrean gauzatzen eta adierazten den, nagusitasun eszena batean. Antropologo eta irakasle argentinarrak urtebete eman zuen bortxaketagatik preso zeuden gizonak elkarrizketatzen, eta bere ondorio nagusia izan zen bortxaketa gehienak ez zirela sexu krimen soilak edo libidoa asetzeko ekintza bortitzak, boterearen adierazleak baizik. «Gizon horiek esplizitu bihurtu nahi zuten euren boterea, euren indarra, talde bereko kideen aurrean». Horrela, beti defendatu du feminizidioek ez dutela loturarik sexuarekin, boterearekin baizik.
Egoera honi aurre egiteko, Zibechik maskulinitate agindutik askatzeko aldarrikapena egiten du, gizonek agindu horretatik emantzipatzeko beharra dutela azpimarratuz. Gizon izatea zer den, zer esan nahi duen, nola eraikitzen den eta zertarako balio duen gogoetatu, gizon izateko modu berriak aztertzeko eta gorpuzteko hautua egiteko. Politikoki zuzena baino harago doan eginkizuna litzateke, liburu eta formakuntza saioekin bakarrik ezin dena jorratu. Sentsibilitatearekin zerikusia dauka, bestearen larruazalean jartzeko aukerarekin, bestearen mina zurea balitz bezala sentitzeko. Finean, nork bere burua eta besteak maitatzen ikasten duen gizona.
Ultraeskuina eta gizonak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu