Nekane San Miguel.

'Ultima ratio'

2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Saria eta zigorra omen giza-taldeak iraun ahal izateko tresnak. Utopiak deskribatzen duen perfekziorik ez, eta anabasa eta deuseztapenik ekidin nahian errepresioaren bidea ere behar omen da egitura eta ondasun sistema mantendu nahi bada edozein kasutan, bai sistema hori jende-multzo zabal batek adostutakoan oinarritutakoa denean, baita gutxi batzuk inposaturikoa denean ere. Españako Zigor kodean (1995eko 10 zenbakia duen legean), Zioen Azalpenean esaten zaigu Antolamendu juridikoa Estatuaren indarraren erabilera erregulatzen duen arau multzoa dela. Arlo ezberdinetara zabaltzen dira arauak, eremu askotara eta eragin diferentez, baina Estatuak eman diezagukeen erantzunik gogorrena zigorra izanik, elkar-bizitza sostengatu behar duten balore eta ondasun juridikoak larri erasotzen ditugunean etorriko da erreakzio penala. Dena den, aipaturiko Zioen Azalpenean gogoratzen digute gizartearen bilakaeraren arabera, zaindu beharreko balore eta ondasun juridikoak aldatuz doazen neurrian delituen formulazioa aldatuz joaten dela.

Estatuak delitugileari ematen dion erantzuna bortitzena izanik, indar hori indarkeria eta gehiegikeria ez dadin bilakatu, Estatuaren instituzioek berme zehatzak martxan jarri behar dituzte: epaitzekoan inpartzialtasuna, errugabetasun presuntzioa, prozesura frogen ekarpena (horretarako tortura baztertzeaz gain, torturaren bidez lortutakoaren balio eza) defentsa eskubidea eta ezaguna beharko lukeen abar luzea. Itxuraz formalak diren izapideok arau penalek baino garrantzi eta eragin handiagoa dute, zama ideologiko eta politiko sendoagoa, aipaturiko oinarri horien gauzatzean baitago Estatu baten demokraziaren neurria, printzipio horiek praktikan betetzen ez dituen sistema arbitrariotasunaren erresuma bilakatzen baita.

Kontatu ziguten delitua gizarte osoaren porrota dela, bai delitua egitean sortzen den kalte eta minagatik, baita delitugilea (pertsona) kartzelan giltzaperatzeak duen ondorio anitzengatik ere. Horregatik, gizarte sano baten izenean delituak ekiditea (edo gutxitzea) nahi izanez gero, aurrena beste baliabide eta tresna ez zigortzaileak aktibatzea ezinbestekoa omen da, Zigorra 'ultima ratio' behar zuela adierazten ziguten. Azken erreakzio horrekin erabat lotuta, Zigor Sistemaren ahalik eta gutxieneko esku-hartzearen printzipioa: Hasiera baten zigor-sistema-abolizionismoaren aukera ideologikoaren bidean formulatutakoa izan zela dioten arren, gaur egun legegileari ematen zaion agindua da, demokrazian eta errespetuan eraikitako sistema baten arauak idatzi eta onartu behar duenari.

Baina oinarriak oinarri, duela aldi bat ahotan hartuta dabilen zigor-populismoaren estrategia gailentzen ari zaigu: seguritate eza sentitzeak (edo sentiarazteak) ekartzen digun beldurraz baliatuz, zenbait politiko eta eragilek zigorraren bidea jorratu digute gizartearen arazo guztiak soluzio bidean jarriko dituela sinestaraziz. Jakin badakite ez dela egia: ez du delitu kopurua edo larritasuna gutxitzen (alderantziz), ezta funtsean dirauten arazoak konpontzen, baina delituaren aurkako gerra horretan neurriko erantzuna desitxuratu eta seguritatearen izenean zigorrak gehitu eta handitzeaz gain, eskubide diren formak oztopo dira zigortzea bide eta helburu dutenentzat. Prebentzio neurri eta kontrol leunagoak baztertzeak gure gizartean duen eragina nabarmena izan arren, populismo mota hau hezur-muinetaraino sartu zaigu, erantzun penala 'ultima ratio' izatetik lehena izatera pasa den honetan.

Irailean argitaratu zen 10/2022 legea, sexu askatasuna berdintasunean garatzeko asmoa duena. Oinarrizko giza-eskubide hori bermatzeko batetik, eta bere aurkako biolentziak ekiditeko (edo sexu-askatasunaren aurkako delitu kopuru eta eraginak gutxitzeko helburuarekin) bestetik, prebentzioa, sentsibilizazioa eta detekzioa ardatz hartuta, hainbat esparrutan (hezkuntzan, digitalizazioan, hedabideetan, publizitatean, lan-arloan eta abar) ekimen zehatzak aurreikusi eta arautzen ditu 10/22 legeak. Gizartea eta instituzioek garatu beharreko hamaika kontrol modu eta neurri proposatuz, jokamolde bat eratzeko bidean elkar-bizitza eredu bat diseinatu, eta balore eta ondasun zehatzak errespetatzeko bulkadak azalduz: Errespetua garatuz, eskubideak bermatu, eta eskubideak bermatuz, pertsonak babestu. Sail eta artikulu zerrenda luzea kontrol modu leunak (ez zigortzaileak) arautzeko, eta azkenean (azken xedapenetan) zigor kodearen (eta beste lege batzuen) egokitzapena, sexu askatasunari eraso egindakoan, erasotzaileek kartzela zigor luzez ordain dezaten, besteak beste. Lege honek badu berrikuntzarik (agian saldu diren guztiak hain berriak ez izan arren) eta batez ere, badu jendearen pentsamoldean, gazteen heziketan, gizartearen jarreratan eragin beharko luketen aurreikuspenen zerrenda. Eta hara!!, guzti hori balioan jarri eta jende-aurrean azaldu beharrean, zigorraren eztabaidan galdu gara. Legearen edukiak aurrera eramateko baliabiderik dagoen (ala ez) esplikatu ordez, edo zenbateko presupostua beharko genukeen kalkulatu eta nondik nora etorriko den azaldu beharrean, hilabete gutxi batzuk jaitsi diren zigor banaka batzuen aurrean amorruz oihukatzen galdu gara, beste behin zigorra delitua burutu denean datorrela ahaztuta, gainontzeko neurriak huts egin eta gero. Zeinen mesedetan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.