Garikoitz Goikoetxea.
Euskara teknikaria

Ulertzen dut, baina...

2024ko urtarrilaren 21a
05:00
Entzun

Euskarazko solasaldiei ateak ixtea dakar esaldiak gehienetan. «Ulertzen dut, baina...». Eta erdara dator segidan. Euskaraz ulertzen dutenen ehunekoa etenik gabe areagotzen ari den honetan, derrigor heldu beharreko arloa da hiztun horien —eta horiekiko— jokabidea: erabilera-aukerak areagotzeko, ekarpen interesgarria egin baitezakete euskaldun hartzaileen multzoko herritarrek.

Euskararen ezagutzak aurrerapen nabarmena izan du hamarkada hauetan, baina, horren alboan, are gehiago handitu da euskararen ulermena. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, euskara ulertzeko gai direnen portzentajea bikoiztu egin da: 16 urtetik gorako euskal herritarren %8 ziren 1991n, eta %16 dira 2021ean. Jende-multzo esanguratsua da: 430.000 lagun. Hiztun horien pisua aintzat hartzeko, beste datu bat: euskaldunen multzoan euskal herritarren %30 daude; alegia, euskaldunen multzoko bi herritarreko, beste herritar bat dago euskaldun hartzaileen multzoan.

Ulermenaren eboluzio horrek modua ekar dezake aukera berri batzuetarako: defektuz euskaraz funtzionatzeko aukera eremu jakin batzuetan. Aukera ez-perfektua da: kudeatu egin behar da, hizkuntza-ohiturak elkarrizketa elebidunetara moldatzea eskatzen du, eta nekeza da testuinguru mugatu batzuetatik harago hedatzea. Baina esploratu beharrekoa da: 430.000 herritar daude hor.

Eta datozen urteetan gehiago izango dira, ikasleen euskara-gaitasunari buruzko datuak ikusita. Hori baita euskaldun hartzaileen multzoko hiztun gehienen profila: euskara bigarren hizkuntza gisa ikasi dute —eskolan edo euskaltegian, oro har—, baina ez dute lortu hitz egiteko adinako gaitasunik, edo, lortu bazuten, atzendua dute, erabilerarik ezak eraginda. Egoera soziolinguistikoa ikusirik, arriskua nabarmena da orain ere: alegia, eskola-garaia nola-halako gaitasunarekin burutu, eta ondorengo urteetan, euskararekin apenas harremanik izanda, gaitasun hori ere erabat atzendu. Horregatik da funtsezkoa hezkuntzaren ondoreneko urteei ere ekitea, gaur egun eremu askotan dagoen haustura eteteko. Lan-arloak badauka zeresana hor.

Alde horretatik, kontuan hartu behar da euskaldun hartzaileen multzoan dagoen aniztasuna: badira euskara ulertzeko orube sendo samarra duten hiztunak, baina baita hala moduzko ulermena dutenak ere. Ez da ahaztu behar, izan ere, datu aitortuak direla denak, eta ezagutza eta gaitasuna continuum batean irudikatu behar direla, graduazio batean, nahiz eta azterketa soziolinguistikoetan hiru kategoriatan bildu (euskaldunak, euskaldun hartzaileak eta erdaldunak).

Ezagutzaren eta gaitasunaren continuum horri dagokionez, bi aldetatik erreparatu behar zaio euskararen ulermenaren hedapenari. Batetik, erabat liluratu gabe: ulermena ez da euskara indarberritzeko prozesuaren motorra. Euskaldunen erabilera-aukerak areagotzeko bitartekoa izan daiteke, euskaldunen jarduna ez trabatzeko oinarria, baina euskaldunik gabe, euskaraz arituko diren hiztunik gabe, ez dago aurrerabiderik euskararen erabileran. Eta hor dago uneotan hutsune handienetako bat: euskaraz eroso aritzeko gai diren herritarren ehunekoa murritza dela oso —erosotasuna, batez ere bi aldetatik: batetik, ikuspegi pertsonaletik, euskaraz jarduteko gaitasun egokia izatea; bestetik, testuinguruaren aldetik, euskaraz aritzeko ingurua edukitzea; bigarren horretan aukerak hein batean zabaltzeko modua da euskararen ulermena hedatzea—.

Desio-mailan ezin dira parekatu ulermen soila eta euskaraz aritzeko gaitasuna. Ezta bestelako arloetan ere, asteotan gaia administrazioko hizkuntza-eskakizunekin nahasi nahi izan den gisan.

Baina, bestetik, ikuspegi sozialetik balioa eman behar zaio euskararen ulermenak tarteko helmuga modura daukan garrantziari. Hiztun askok ahaleginez lortu dute euskaldun hartzaileen multzoan sartzea, bigarren hizkuntza gisa ikasita, eta aukera dute euskararen indarberritzeari ekarpen interesgarria egiteko: euskaldunak euskaraz aritzea oztopatu ez, baizik eta hori bera bultzatuz, Euskaraldiko belarriprest rolaren ildotik. Erdaldun askorentzat lortzeko moduko tarteko helmuga izan daiteke ulermenarena: euskaraz ondo hitz egiteko xedea urrunekoa izan dakieke askori, batez ere ikusita zein den gehienen testuinguru soziolinguistikoa, baina ulermena mugarri eskuragarriagoa izan dakieke. Euskal Herriko eremu batzuetan jar ote liteke ulermenaren unibertsalizazioa epe ertaineko helburu gisa? Mugarri interesgarria da, herritarren erantzukizun zibikoarekin ere lotu daitekeena, baina ezinbestean eskatzen duena adostasun soziala eta hizkuntza-ohituren eraldaketa: aurrerapauso horri etekina ateratzeko mekanismoak.

Lehen urrats interesgarria litzateke esamoldeei eta galderei erreparatzea, ulermenari balioa emateko eta euskaraz aritzeari bide emateko. Ñabarduretan dago gakoa maiz. Ateak ixtekoa izan ohi da esaldi hau: «Ulertzen dut, baina...». Baina aldatuko balitz ordena? «Ez dakit hitz egiten, baina ulertzen dut...». Horrek atzetik ekarriko ote luke, testuinguru eta egoera zehatz batzuetan behintzat, euskarazko solasaldi —seguruenik ele biko— bat? Atea irekitzea da kontua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.