Ukrainaren eragina

2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ukrainak eragin handia izan du mundu guztian, ez bakarrik herrialde horretan guda piztu delako, baizik eta bere lehenagoko historiagatik, bere izaera bereziagatik.

Serhii Plokhy Harvard Unibertsitateko irakaslea da, Ukrainaren historia irakasten du. Eta, bere ustez, Ukrainak eragin handia izan du munduaren aldaketan. 1991ko abenduan Ukrainako herritarrek botoa eman zuten independentziarako masiboki, eta Sobiet Batasunaren historiaren aurka agertu ziren. Astebete geroago, Sobietar Batasuna desegin zen. Ukrainako hauteskunde edo erreferendum hori erabakigarria izan zen mundu aldaketa horretan.

2004ko azaroan Iraultza laranjako manifestazioak Kieveko kaleak bete zituen, eta Ukraina osoko hirietan hauteskunde libreen aldeko manifestazioak egin zituzten. Iraultza laranja munduko beste hainbat lekutara zabaldu zen. Serbia, Libano, Georgia, Kazakhstan... bezalako estatuetan koloretako iraultzak zabaldu ziren, eta mugimendu horrek luzaro iraun zuen hiri guztietan. 2013ko abenduan ukrainarrek Europako Batasunean sartzea aldarrikatu zuten.

Nazioartean Ukrainako historiak eragin sakona izan du beste momentu batzuetan ere. Esate baterako, Ukrainak lagundu izan du gerarazten bai ekialde, bai mendebaldeko inperioen inbasioak. Ukraina zubi bat izan da Europa eta Eurasia artean, ehunka urtetan. Ukraina izan da herri, kultura eta hizkuntzen topagunea, inperio desberdinen topagunea. Erroma eta Otomandar inperioen, Romanoff eta Habsburgo inperioen topagunea izan da, bai borroketan, bai bakea egiterakoan ere.

XVIII. eta XIX. mendeetan Ukraina San Petersburgoren, Vienaren, Varsoviaren eta Istanbulen agindupean egon zen, eta, gero, XX. mendean, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean, Moskuren agintepean. Inperio gehienak kolapsatu zirenean, Ukraina nazioak estatu bezala antolatu ahal izan zuen.

Geroago, Sobietar Batasuna kolapsatu egin zenean, Ukrainak independentzia osoa lortu zuen. Vladimir Putinek antzinako inperioa berreskuratu nahi izan duenean, berriro eraso egin dio Ukrainari.

Dena dela, Ukrainako guda, edozein gertaera sozial bezala, lau ikuspegitatik azter daiteke: ekonomikoa, psikosoziala, erakundeena eta balioena. Ikuspegi ekonomikotik, post-industrial aroko produkzio-sistemaren krisia kontuan hartu behar da. Mundu osoaren produkzio-sistema interkonektatua dago. Krisia publikoki orain dela hamabost urte agertu zen, eta krisi hori zorroztu egin da pandemiarekin. Nire ustez, produkzio sistemaren krisi horrek eragin zuzena izan du Errusiar Federazioa gudan sartzeko. Errusiar Federazioa baztertua geratu zen munduko ekonomia boteretsuetatik, Sobietar Batasunaren kolapsoan. Ekonomia berreskuratzeko saiakerak egon ziren Mihail Gorbatxoven sasoian, eta geroago ere bai. Putinek porrot egin du saiakera horretan. Berreskuratzearen porrot hori gudan bertan ere argi ikusten da. Ikus daitekeenez, Errusiak industria garaiko sistemak eta teknikak erabiltzen jarraitzen du. Ukraina, aldiz, oso teknologia eta sistema berriak erabiltzen ari da.

Ikuspegi psikosozialetik, argi dago lidergo autoritarioa dagoela Errusian. Putin ez da bakarrik autoritarioa, baizik eta, gainera, mafien bidez gobernatzen du Errusiako Federazio osoa. Ukrainan eta Europako Batasunean demokrazia formala dago; jakina, dirudunek eragin handia dute, baina baita alderdi politikoek eta era desberdinetako mugimendu eta liderrek ere.

Erakundeen ikuspegitik argi dago Errusiako Federazioan inperialismoaren nostalgia dagoela, ez bakarrik tsarren inperialismoarena, baizik eta Alderdi Komunistaren inperialismoarena ere. Txinako Alderdi Komunista pozik egongo da Errusiako Federazioa komunismoaren sinboloak eta aztarnak erabiltzen saiatzen ari denean, nahiz eta inolako ideologiaren arrastorik ez izan marxismo edo komunismoaren azterketari buruz. Errusiako Federazioak ez ditu gainditu inperioaren erakundeak. Oposizioko batzuek diote guda hau eta gero ez dela Errusiar inperio gehiago egongo, Federazioko estatu bakoitzak bere bidea hartuko duela. Ukrainak, ostera, sistema autoritarioen eta inperialismoen aurka, historia guztian zehar borroka egin du.

Balio eta sinismenen ikuspegitik, Errusiako Federazioa Sobietar Batasunaren eta artifizialki berreskuratutako eliza ortodoxoaren balioen artean murgiltzen da. Beraz, koherentziarik ez daukan balioen sistema bat eraikitzen ari da. Sistema horrek argi daukan gauza bakarra zera da: Errusiaren identitatea sustatzea.

Oso bestela eraiki da Ukrainaren nazio nortasuna historian zehar. Ukrainarren identitatea historian zehar mugen arteko negoziazioetan eta akordioetan eraiki da. Akordio horietan eraiki du nortasun politikoa. Gainera, Ukraina multikulturala eta multi-etnikoa da.

Horrez gain, Ukrainaren nortasuna erlijioen artean ere eraiki izan da. Horrela, lehenengoz, ekialdeko eta mendebaldeko kristauen artean murgilduta egon zen, hau da, Erromako eta Konstantinoplako elizen artean. Kristautasunaren eta islamaren artean ere murgildu da. Laburki esanda, balio mota desberdinen arteko konpromiso batean eraiki izan da Ukraina. Sedentarioak diren herrien balioak eta nomadak diren herrien balioak dauzka bere barnean.

Nire ustez, Ukrainako guda erabakigarria izango da sistema horien artean, eta, beste behin ere, eragin sakona izango du mundu osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.