Ukrainako gerra lazgarria piztu denean, azaleratu eta bizitu egin da Ukrainako hiriburuaren izenaren auzia, oraintsu arte aski bazterrean zegoena eta atentzio handirik pizten ez zuena. Errusiaren inbasioa gaitzetsi eta ukrainarren aldeko keinu gisa, Kiev leku-izena baztertzea eta hiriari Kyiv (edo Kyïv, Kýïv edo Kiiv) deitzeko mezua ozen entzuten ari da han-hemenka (Ukrainako gobernuak berak ingelesez Kyiv idazteko araua eman zuen bere transliterazio sistema nazionalean, 1995ean). Hizkuntza auzi hutsa zena politikaz kutsatua ageri da orain, eta horrek lausotu eta zaildu egiten du gaia behar den patxadaz aztertzea.
Giroa zenbateraino nahastua dagoen ikusteko, hona hiru printza:
1.- Martxoaren 2an, Frantziako Toponimia Batzorde Nazionalak prentsa-ohar bat kaleratu zuen gogorarazteko frankofoniaren erabileran gaur egungo Kiev dela forma egokia eta sustraitua eta gomendatzen duela frantsesez Kiev forma erabiltzea, eta ez pentsatzeko grafia hori erabiltzea Errusiaren aldeko jarrera adieraztea denik Ukrainaren inbasioari dagokionez.
2.- Otsailaren 24an, Espainiako hizkuntza-akademiak (RAE) eta Efe agentziak sustatutako FundéuRAE erakundeak (Fundación del Español Urgente) hau jakinarazi zuen Guerra en Ucrania, claves de redacción izeneko gomendioan:
Hiriburuaren gaztelaniazko izen errotua Kiev da, e tonikoarekin. Kíev aldaera, i letran azentua duena, gehiago egokitzen zaio errusierazko Киев izenari, eta Kyiv, berriz, jatorrizko Київ izenaren erromanizazioa da, baina daukan konbinazio grafikoa arrotza da gaztelaniaz.
3.- Martxoaren 3an, Kataluniako hizkuntza-akademiak (IEC, Institut d’Estudis Catalans) berri bat kaleratu zuen, esaten zuena Ukrainako hiriburuaren izena katalanez Kíiv dela.
Eta beste erdara nagusi batzuetan nola? Wikipedian begiratuta, berehala lortzen dira izenak: ingelesez, Kyiv edo Kiev; alemanez, Kiew; portugesez, Kyiv, Kiev edo Quieve; italieraz, Kiev.
Eta euskaraz?
1995ean argitaratu zuen Euskaltzaindiak Munduko estatu izenak, hiriburuak eta herritarren izenak araua, eta hartan zehaztu zuen euskaraz Kiev dela Ukrainako hiriburuaren izena. Hau da, duela 27 urte erabaki zuen hori Akademiak, eta kontuan hartu zuen, horretarako, zer erabiltzen zen inguruko erdaretan eta erdara nagusietan (gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, besteak beste). Garbi dago tradizio zaharrik ez dugun kasuetan ez zaigula komeni erdara nagusietatik oso aparte ibiltzea.
2009an, Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema (errusiera, bielorrusiera, ukrainera eta bulgariera) araua argitaratu zuen Euskaltzaindiak. Han zehaztu zuen nola idatzi behar diren euskaraz errusierazko eta ukrainerazko izenak, besteak beste.
Arau horren arabera, ukraineraz Київ idazten den leku-izena Kiiv transkribatzen da euskaraz, eta errusieraz Киев idazten den leku-izena Kiev transkribatzen da.
Gaur egun lehen aldiz topo egingo bagenu leku-izen horrekin, edo ezezagun samarra edo berria izango balitz, ez genuke zalantzarik izango: Kiiv erabiliko genuke. Gauzak, ordea, pixka bat konplexuagoak dira, eta ezin dira alde bakar batetik aztertu. Arau hori besterik gabe aplikatuta, adibidez, Mosku eta Errusia ez baizik eta Moskva eta Rossiia erabili behar genuke (Россия eta Москва).
Zer gertatzen da hor, orduan? Leku-izen guztiak ez direla berdin idazten hizkuntza guztietan, eta fenomeno orokorra dela leku-izen batzuek (garrantzitsuenak edo ezagunenak), jatorrizko izenaz gainera, beste izen batzuk edo jatorrizko izen horren aldaera batzuk izatea beste hizkuntza batzuetan. Izen horiek exonimoak dira. Adibidez, Erroma erabiltzen dugu euskaraz, eta Rome ingelesez, nahiz eta italierazko izena Roma izan. Edo Londres erabiltzen dugu euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, nahiz eta ingelesezko izena London izan.
Izen nagusiekin bakarrik gertatzen dira salbuespenak; adibidez, estatu-izenekin eta hiriburuen izenekin. Eta Kiev izen nagusietakoa da, Europako hiririk eta hiribururik handienetakoa baita. Horregatik, ez da harritzekoa aldaerak izatea beste hizkuntza batzuetan. Horrek ez du esan nahi, ordea, Kiev forma aldaezina denik eta nahitaezkoa denik horrela erabiltzea, baina bai kontuz aztertzeko kontua dela eta ez presaka erabakitzekoa une jakin bateko egoeragatik.
Arrazoi politiko hutsetan oinarrituta, orain, bat-batean, Kiev baztertu eta Kiiv erabiltzea sustatu nahi izatea ulergarria izan daiteke, baina ohartzekoa da, era berean, 2014an Errusiak Krimea bereganatu zuenean inork ez ziola erreparatu leku-izenari. Ukraineraz Крим da (euskaraz, Krim) eta errusieraz Крым (euskaraz, Krym), baina inori ez zitzaion bururatu izena aldatzea, noski, Krimea exonimoa delako (gaztelaniaz, Crimea, eta frantsesez, Crimée, exonimoa den bezala).
Orobat, Kiev grafiaren ordez Kiiv proposatzen bada, berdin jokatu behar litzateke hango gainerako leku-izenekin, koherentziari eutsiko bazaio. Adibidez, errusieratik abiatuta transkribatzen den Txernobyl ez baizik eta Txornobyl erabili behar litzateke (ukraineraz, Чорнобиль). Hala ere, hori ez da eztabaidatzen, eta Kiev/Kiiv bikotearen inguruan ardaztu da auzia.
Beraz, Kiev arautu zuen Euskaltzaindiak, baina ez errusiera lehenetsi zuelako eta ukrainera zokoratu, baizik eta Kiev exonimotzat (salbuespentzat, nolabait esateko) hartu zuelako, gure inguruko hizkuntzetan gertatzen den bezala. Ukrainako beste hiri batzuen izenekin ez zuen horrela jokatu, eta ukraineratik abiatutako transkripzioa erabilita arautu zituen Europako hiriak izeneko arauan 2009an, hala nola Lviv, Luhansk, Kharkiv, Mykolaiv edo Halytx hiri-izenetan; izan ere, errusieratik abiatuta, Lvov, Lugansk, Kharkov, Nikolaev eta Galytx izango ziren, hurrenez hurren.
Eta guztiarekin ere, jakitun egon behar dugu Kiev izena, tradizioduna bada ere eta arautua badago ere, beharbada aldatu beharko dela noizbait, eta beste grafia batzuekin (Kyiv edo Kiiv) ikusten ere ohitu beharko dugula, lekuen izenen gaia dinamikoa baita. Eta hori hala dela frogatzeko, hor dugu munduko beste bazter batzuetan leku garrantzitsu batzuen izenetan dauden bikoiztasunak, hala nola Pekin eta Beijing, Kalkuta eta Kolkata edo Bombay eta Mumbai, izen ezagun batzuk aipatzearren.
Nolanahi ere, exonimoen gaia eta berrizendatzeen gaia plazaratzeko balio izan du. Gai konplexua da, ertz bat baino gehiago dituena, eta patxadaz eztabaidatu beharrekoa, gerrahotsik gabe.
Ukrainako gerra eta leku-izenen gerra: 'Kiev', 'Kiiv', 'Kyiv'...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu