Gerra eragileek inoiz ez dute zintzotasunez aitortuko: «Nik lapurtzeko (ondasunak, baliabideak, lurraldeak) hiltzen dut». Eduardo Galeanoren hitz hauek egiatik oso hurbil daudela esango nuke, Ukrainan gertatzen ari denaren karira. Izan ere, gerran, lehen biktima egia da: propagandak pozoitu eta ezkutatu egiten du zer gertatzen den eta zergatik. Errusiak bere aldetik, eta NATOk beretik, hitza usteltzen dute ura bere errotara eramateko.
1. Bistan da Putin ez duela Mendebaldeko mehatxuak edo Ukrainako eskuin muturreko gutxiengo txiki baina militante batek inbaditzera bultzatu. Amarruak harago, prestaketa militar luzeek eta operazioen tamainak argi uzten dute Errusiaren helburuak ez direla Donetsk eta Luhanskeko bi «Errepublika sezesionistetara» mugatzen. Errusiak inbasio honekin lortu nahi duena ulertzeko, Putinen otsailaren 21eko diskurtsora jo behar da, bertan Ukrainak Estatuaren subiranotasunerako duen eskubidea ukatu baitzuen (Sobiet Batasunaren, komunismoaren garaietan Ukraina artifizialki nazio bihurtua izan zela Errusia Amaren kaltetan). Inbasioaren helburua, beraz, baliteke egun Ukrainan indarrean dagoen erregimen-aldaketa eragitea izatea, inbasio militar baten bidez, eta Ukraina errusiarren mende jartzea. Putinek lortuko du asmo hori aurrera eramatea? Ikusteke dago.
2. Estatu Batuek 1993an Bill Clinton demokrata presidente zela hartutako erabakia da, NATO indartzea ez ezik—Sobietar Batasunaren aurka egiteko eratutako aliantza militarra da—, baita ekialderantz zabaltzeko ere. Beste aukera batzuk —hala nola NATOren desegitea, Europan Errusia barne hartzen zuen segurtasun-arkitektura komun baten bilaketa—, ez ziren aintzat hartu. Jakina, ekialderako hedapen militar amaigabe honek errusiar erresistentziarekin topo egingo zuen.
Dena den, orain arte, Errusia bere buruaz seguru sentitu da 2008tik egin dituen erreforma militar masiboen ondoren, Txetxenian, Georgian, Sirian, Libian eta beste leku batzuetan egin dituen kanpaina militar «arrakastatsuen» ondoren, baina baita Errusiak, bere milioi soldaduekin, Europan botere militar nagusia duelako ere.
Orduan, zergatik oraingo krisia? Neurri batean, gatazka hau, 2021eko abenduaren 17an Putinek bere eskaerak egin zituenean NATO 1997ko posizioetara itzultzeko, Errusiako presidentea Bideni zuzendu zitzaion potentzia hegemonikoaren hizkuntza berean: Ekialdeko Europaren muga geopolitikoak atzeraraztea. Ukraina erdian harrapatuta geratu da.
Noraino joan daiteke Putinen ofentsiba? Oraindik posible da irtenbide diplomatiko bat? Mendebaldeko eliteek hobe lukete irtenbide horren alde egitea Putinek itzulerarik gabeko puntua igaro baino lehen, alternatiba ez baita inorentzat ona izango.
Atzera begira
Ukraina estatu handia baina hauskorra da. Alde batetik, haren barne-osaerak —errusiar ugari ekialdean eta hegoaldean, eta Mendebaldearen aldeko biztanleria Halitxen—; bestetik, Errusiaren eta NATO eta Europako Batasunaren arteko kokapen geopolitikoak kalte egiten dio. 2004an, Iraultza Laranjaren ondoren, Viktor Janukovitx errusiazalea boterera itzuli zen. Euromaidanen ondoren ere, Errusiaren eta Mendebaldearen arteko oreka birsortzeko aukera benetakoa zen. Baina aukera hori Krimearen errusiar anexioak eta Donbassko gerrak zapuztu zuten. 2014aren ondoren, Ukrainak Mendebalderantz jo zuen, eta barne politikak, berriz, errusiarren aurkako nazionalismorantz.
Ukraina Europako herrialderik tragikoenetako bat da, historian zehar izugarri sufritu duena. Estatu independente gisa jaio zen Lehen Mundu Gerrako izugarrikerien pean, eta Errusiako gerra zibilak Ukrainako lurretan izan zituen gertakizun odoltsuenak. Stalinek 1932-33an lurra nahitaez kolektibizatu zuenean, Ukrainan Holodomor izeneko gosetearen ondoren 7 eta 10 milioi pertsona artean hil izan zituen.
II. Mundu Gerran, nazien okupazio indarrek milioika ukrainar esklabo gisa erabili zituzten, judu ukrainarrak eta beste gutxiengo batzuk akabatu zituzten, eta Alemaniako okupazio indarren eta tropa sobietarren arteko gudu gogorrenetako batzuk Ukrainan gertatu ziren. Ukrainako galerak, 5 eta 7 milioi artekoak izan ziren II. Mundu Gerran. Sobietar Batasunaren kolapsoa oso mingarria izan zen Ukrainarentzat: 52 milioi izatetik, 1991n, SESB erori zenean 43 milioi izatera igaro ziren. Orain, Ukraina biktima da berriro.
Justiziak eskatzen du Ukraina independente, burujabe, eta demokratikoa gauzatzea, non izaera nazional desberdinak (ukrainar soilak eta errusiar-ukrainarrak) bere tokia aurkituko duten, errepublika federal gisa. Bere burua Bloketik kanpo kokatua, neutrala eta ez lerrokatua Errusiaren edo NATOren baitan. Azken finean, Nazio Batuen babesean. Eta guk, euskaldunok, badugu garaia gogoratzeko herri hau NATOren barruan egotearen aurka azaldu zela erreferendumean.
Ukraina, egia zor
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu