Larraitz Ariznabarreta Garabieta.

Ukazioaren geografia gaurkotua

2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Euskal kulturaren kartografian identitate kolektiboari heltzea ariketa pertsonal kontziente, gogoetatsu eta praktikara lotua izan da urteetan; erresistentzia ariketa nabarmena, non kolektiboaren sorrerako traumak —hots, herriak pairatutako ukazio erradikalak, besteen begietara ez-izateak— lehen mailako garrantzia izan duen, halabeharrez. Erabateko ukapen horren gainean etengabe (ber)eraiki behar izan du euskal kulturak —egundaino arte, bere izateko borondatea berretsi— eta, prozesu horretan, oinarri dituen nortasun bilbeak azaltzera behartuta egon da etengabe. Hala, nahitaezko sorkuntza-leku eta kultur bizigai indartsu bilakatu zen arnegua euskal kulturarentzat, euskal komunitatearen identitatea (ber)eraikitzen laguntzea xede zuen argudio-multzo praktiko bat osatu arte. Zentzu horretan, euskal herriaren identitatea eratzen lagunduko zuten kulturako formulen berrespen eta bilaketa orok berekin ekarri zuen defentsa eta erresistentzia-dinamika bat.

Baina, lilurarik ez; estatuak fagozitatu ondoren estatua desagertu dela esaten duten aingeruen oso kontrara, errealitateak erakusten du botere fragmentaezinak bere eskalara ekartzen duela gizarte topografia osoa, menpeko den herri baten kultur identitatea barne. Ez alferrik. Identitate ororen aldamiatzea —bakarkakoa nahiz taldekoa izan— eraikuntza korapilatsu baten emaitza da. Eraikuntza horren oinarriak ez dira erabaki edo aukera pertsonalen ondorio soilak; aitzitik, gizabanakoaren eta bere ingurune sozialaren arteko dialektikaren negoziazio sozial konplexuen emaitza dira. Hartu-eman horretan intentsitate-maila desberdineko bektoreek esku hartzen dute: gizabanakoaren errealitate etnikoak, testuinguru kulturalak, tradizio historikoak, marko politikoak, eta hark bere eguneroko ingurunearekin eratzea lortzen dituen harreman-motak, besteak beste. Aldagai horietako asko baimenik gabe inposatzen zaizkigu, eta, beraz —herritarrok gelditzen zaigun kuraiaz ahalke garen bitartean— , estatu monolitikoarentzat funtsezkoa da bere esku izatea, bai gure gatazka-espazioko koordinatu ideologikoak, baita ispiluen labirintuan galduta jarrai dezagun norabide interesatua erakusten duten identitate mapak ere.

Deserri horretan, erresistentziaren erresistentzia hutsaz erabat ahulduta, arrunta eta xumea zena gauza barrokoa eta karikatureskoa bihurtu da gure talde izaeran. Euskal herritar erresistentearena—salbuespenak salbuespen— fikziozko arketipo txatxu bihurtzeko zorian gaude, konprometitzen ez gaituen esanahiez hustutako salmentarako marketin- logo hutsa: ziberespaziorako polemika bide, bertso afari baterako gai, garai bateko giroa jasotzen duen ipuin bateko mitozko irudi, pirata sasimatxino batzuen festetan parrandarako estalki, souvenir, edo ardo, gehiago saltzeko denda bateko duintasun gabeko ikur, gure gazteen odola bor-bor jartzea lortuko duen etsipen kanta baten letra osatzeko aitzakia, fiestavasca kolektiborako mozorro ridikulua. Arduratzekoa oso, nolanahi ere, egoera eten honetan gure kulturari makurrarazteko ezarri dioten zigorraren azken helburua historiatik desagerraraztea denean.

Horrexegatik, biziki tristatzen nau, kolektiboaren eraginkortasun estrategikoa bilatu ordez, euskal kulturaren mapa osatzen duten gizontzar baliotsu askoren artean gailendu den erresistentzia erretolika zinikoak, haien arteko diskurtso kainita antzuak.

Nago zantzu horiek denak gure herriak aspaldi sufritzen duen fribolitate ideologikoak sortutako anemiaren ondorio direla. Kronifikatze bidean den metropoliarekiko sumisioaren arrasto patologikoak. Ukazioak sortutako gaitzaren errotzea. Oteizak iragarri zuen 90eko hamarkadan: «Ez gara ginena, ezta orain garena ere».

Baliozko kontribuzio poliedrikoak ukatu ordez —antropofagia alboratuz—euskal kulturaren identitatearen baieztapen bikoitz (behintzat) baten narratiba sendotu beharrean gaude.

Batetik, memoria kolektiboaren eta abertzaletasunaren erdigune sinboliko baten iraupen eta transmisioak —belaunaldi berriei begira, euskararen biziraupena ziurtatu eta talde izaera indartzen duten kode sinboliko gaurkotuen transmisioak— berebiziko garrantzia du iraungo badugu. Subalternitatea babesteaz edo kultur eszepzioa azpimarratzeaz baino askozago, kultur identitatea indartzeaz ari naiz, gure oinordekoei nor diren jakiten lagunduko dien klabeen pedagogiaren behar estrategiko saihestezinaz.

Bestetik, ibiltaria bide gurutze batera heltzen denean legez, geure orbitara so jarri eta zein norabidetara mugitu nahi dugun hausnartu eta etorkizuna bermatuko duen talde proiektua —estatua halabeharrez— (ber)eratzen hastea tokatzen zaigu, berandu baino lehen. Ekintzak —moral abstraktu batetik ordez— geure interesen ikuspegitik aztertu, urteetako erresistentzia lanaren arrastoak hausnartu eta indar erlazioak aldatuko dituen iparrorratza —helburuak eta baliabideak— erantzukizunez eta inongo zinismorik gabe eztabaidatzen hasteko garaiak ditugu.

Periferiara kondenatua izan den —eta bizirik darraien— herri ororen ametsa munduko beste herri libreekin parekatzea baita. Horretan ere ez gara beste nazio talde batzuetatik desberdintzen. Oso gara antzekoak.

Bitartean, gure kulturaren ukazioaren geografia ideologiko katramilatsu honetan, erresistentzi hitz oro elikagai indartsu suertatzen dira euskal kulturaren emantzipazioan bidaide garenontzat: «Obeditu gutxi!». Erresistentziak obedientzia saihetsezinari bide egiten dionean, «morrontza erabatekoa denean, mundu honetako naziorik, estaturik edo hiririk batek ere ez dute inoiz beren askatasuna berreskuratuko» (Whitman,W: Belar-hostoak, Hiria 2003/1855).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.