Boxeoan aritzen naiz14 urte nituenetik, eta kirol eder honek zera erakutsi dit: jotzen jakitea garrantzitsua bada ere, defentsa on baten beharra ezinbesteko ezaugarria dela, bereziki erasoaldi bortitzak egiten dituen aurkari bati aurre egiterakoan. Baina boxeoak beste gauza asko erakutsi dizkit: berdinen arteko borroka dela merezi duen lehia bakarra, aurrez aurre begiratu behar zaiela oztopoei eta norberak dituen beldur handienei, lurrera erori den edo bizkarra emanda dagoen arerioa jotzea zikina dela, eta, ororen gainetik, ahularekin zintzo eta indartsuarekin ausart agertu behar garela. Boxeoa kirol txikia da gurean, kirol handiagoek dituzten laguntzak jasotzen ez dituena; gimnasioek, boxeo-taldeek eta kirolariek era guztietako zailtasunak bizi dituzte euren jardunarekin aurrera egin ahal izateko. Tristea, hainbeste eman didan kirolaren defentsan atera beharra.
Bakarka zein taldeka, lehiak motibatuta edo beste helburu bati jarraikiz egiten dena, gero eta jende gehiagok praktikatzen duen kirola da boxeoa, horren jarduerak eskaintzen dituen onurak anitz baitira, probatu duen edonork dakien bezala. Izan ere, lehia profesionalera bideratuta ez dagoen boxeoak nabarmen hobetzen du praktikatzen duenaren osasuna, burukoa zein gorputzekoa: gorputz osoaren parte-hartzea eta hura zaintzearen beharra, ariketa fisikoa, autoestimua, konfiantza, talde-izaeraren kontzientzia, bizitzako alor guztietan ohitura osasuntsuak izatea eta beste pertsonekin kiroltasunean oinarritutako harremana garatzea eskatzen du boxeoak. Are gehiago, bada kontakturik gabeko boxeoa, inolako kolperik gabe praktikatzen dena, teknikan, ariketa fisikoan eta gozamen hutsean oinarriturik dagoena.
Noski, egia da boxeo profesionala arras bortitza dela, kirolariaren osasuna gutxi zaintzen duen materiala baliatuz buruan eta gorputzean kolpeak ematean datzalako, zenbaitetan ondorio lazgarriak eraginez. Badakigu maila profesionalean gauzatzen diren kirol gehienak kaltegarriak direla osasunerako, negozioa diren heinean ikusgarritasuna lehenesten dutelako, kirolaria muturreko egoerak eta gorputzarentzako onuragarriak ez diren ekintzak gauzatzera bultzatzen dutelako, dena ikusleentzako gozagarri. Horrexegatik, boxeo profesionala baino, nik beti nahiago izan dut afizionatu mailakoa, arauak oso bestelakoak direlako, boxeolaria askoz babestuago dagoelako. Nolanahi ere, pilotariak eskua birrintzeko, motor-gidariak istripua izateko, errugbilariak hezurrak hausteko edo boxeolariak kolpeak hartzeko posibilitatea onartzen badu, egiazko hautu librea baldin bada, nor zarete zuek inori deus debekatzeko? Zezenak ez du plazara joatea erabakitzerik, boxeolariak bai (zuon legea inposatzen ez den bitartean, noski). Jarduera bakoitzak bere arriskuak, norberak bere bizitza.
Zientziak esaten duena onartzeko prest nago, kolpeek buruan kaltea eragiten duten zalantzarik ez dut. Baina urrunegi joan zaretela iruditzen zait, gezurrak diren argudioak baliatuz. Mike Tysonen autobiografia irakurri baduzue, ikusiko zenuten haren ibilbidea zeharo loturik dagoela kapitalismo basatienak eragiten duen gizarte-bazterketarekin eta familia erabat disfuntzional batekin; txiki-txikitatik drogak, era guztietako biolentzia, arrazakeria, heziketa falta, eta gaztetatik jasotako neurririk gabeko ospeak eta diruak ez dirudite bizitza orekatu baterako osagai onenak, izan boxeolari, futbolari edo moja. Hala ere, egia esateko, nahiago bihotz handiko Rocky bat gizartean egunero topatzen ditudan zital osasuntsu asko eta asko baino.
Azkenik, uste dut EITBk izugarrizko esfortzua egiten duela txikiagoak diren zenbait kirol babesteko, herri-kiroletatik hasi eta gure herrian historikoki afizio handia izan duen boxeoraino. Gauerditik aurrera emititzen den boxeo saio batek, ze kalte egiten dio inori? Antza, zuontzako «onartezina» da hori. Kirol bat debekatzeko eskakizun publikoa, hori bai onartezina. Hori bai «auzo-lotsa». Zeinek, eta erlijioko eta filosofiako bi irakaslek. Zenbat basakeria, erlijioaren eta zenbait ideia filosofikoren izenean; debekatuko ditugu zuon jarduerak gizarteari kalte egiten dietelakoan? Alkohola, langabezia edo, zer dakit nik, orkatilak erakusteko moda debeka ditzakezue... baina, otoi, besteoi ez inposatu zuon etika garbi eta osasuntsua. Boxeoa ez ukitu.
Ukabilkadak baino gogorragoak diren hitzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu