UEMAri ezarritako betoaz

Eneka Maiz, eta Jon Abril
2014ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Iraingarria zaigu UPN, PP eta PSNko ordezkari parlamentarioengandik jasotako mespretxua. Gertatutakoa harrigarria eta ezohikoa bada ere, UEMAk Nafarroako Parlamentuko Lehendakaritza Batzordean agerraldia egiteko EH Bildu eta NaBai talde parlamentarioek egindako eskaerari ezezkoa eman diote. Horretarako, erabili duten aitzakia-arrazoiaUEMAk bere egoitza nagusia Bizkaian izatea da. Beraien esanetan, UEMA arrotza omen da Nafarroan.

Dakigunez, orain arte, administrazio ordezkaritzak jaso dituen agerraldi eskaeretan ez dio betorik ipini inolako erakunderi. Eta are gutxiago erakunde publikoei. Gauzak honela, oso larritzat jotzen dugu UEMAri ezarritako betoa. Hartutako erabakiarekin, Mankomunitatea bera ez ezik euskalgintza osoa mespretxatu eta gutxietsi dutela uste dugu. Era berean, administrazio publikoen arteko harreman normalizatuak garatu eta elkarlanean aritzeko beharrei bizkar eman diete Nafarroako Parlamentuko ordezkariek.

UEMAri betoa ezarri dioten horiei gogora ekarri nahi diegu UEMA udalerri euskaldunak biltzen dituen erakunde publikoa dela. Mankomunitateko kide diren 72 udaletatik 14 dira Nafarroakoak. Nafarroako udal horiek, UEMAk, goi mailako hainbat administrazio publikok eta beste hainbat gizarte eragilek elkarlanean dihardugu. Administrazio publikoa euskaldundu, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu eta euskararen arnasguneak sendotu eta hedatzeko helburuarekin.

UEMAk egiaztatutako esperientzia dauka udalen euskalduntzean. Mankomunitateko kide diren hainbat udalek frogatu dute administrazio publikoan ere euskaraz funtziona daitekeela. Udal horiek erreferentzia dira herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko orduan.

Bitartean, Nafarroako Gobernuak gure herrietan daukagun errealitate soziolingusitikoa onartu gabe jarraitzen du. Ez ditu ikusi nahi Nafarroan euskarak dituen arnasguneak. Ez gaitu kontuan hartu nahi euskaraz bizi nahi dugun Nafarroako herritarrak. Eta horregatik, Nafarroako euskararen arnasguneak ezabatu eta desagerrarazteko politikak ditu abian. Euskararen lege murriztaileak herritarrei onartzen dizkigun hizkuntza eskubideak ere ez ditu errespetatzen. Horren adibide da nagusiki euskaraz bizi diren udalerrietan ere euskarazko zerbitzu publikorik ez bermatzea.

Larria da Nafarroako euskaldunok bizi dugun egoera. Eta UEMAk, Nafarroako hainbat udalekin elkarlanean, herritarrek euskaraz bizitzeko duten borondateari arnasa eman nahi dio. Bide horretan, UEMAren izenean Nafarroako Parlamentuko bi lan saiotan parte hartu genuen, 2013ko azaroaren 14an. Mankomunitateak UEMAko udalerrietako liburutegi eta osasun etxeetan eskaintzen diren zerbitzuen gainean egindako azterketa eraman genuen parlamentura. Hizkuntzaren ikuspegitik dauden gabezia nabarmenak azaleratu eta euskarazko zerbitzuak bermatzeko neurri zehatzak proposatu genituen. Era guztietako erantzunak jaso genituen orduan, ezezko borobilak, dudakoak eta baiezko argiak. Gaiari lotuta EH Bildu eta NaBai talde parlamentarioek aurkeztutako mozioak ere ez zuen behar besteko babesik jaso Parlamentuan.

Zailtasunak zailtasun, jaso berri dugun betoarekin ere ez dugu bidea agortutzat emango. Udalak, herritarrek eta hainbat eragilek eskuz esku jarraituko dugu herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu eta euskararen arnasguneak sendotzeko bidea urratzen. EH Bildu eta NaBai talde parlamentarioak ditugu bidelagun eta eskertu nahi diegu egiten ari diren ahalegina. Baina gaurdaino eraiki ditugun zubi eta elkarlanerako oinarrien gainetik, aipatu helburuen mesedetan lan egin nahi duen ororekin aritzeko prestasun osoa ere agertu nahi dugu. Sinetsita baikaude pixkanaka indarrak metatuz euskararen arnasguneak zabalduko ditugula Nafarroan eta Euskal Herri osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.