Badira faltan sumatzen ditugun gauzak, inoiz eduki ez baditugu ere. Eta hala ere, inoiz ez gara haien faltara ohitzen.
Benetako futbolzaleok ez dugu inoiz Munduko Txapelketa bat galdu, ezta Eurokopa bat ere. Nire kasuan, Korea 2002tik. Nire aitak, Mexiko 70tik (aspaldi jada). Eta zaletu guztioi gustatzen zaigu txapelketa bakoitzean selekzio batekin identifikatzea. Sarritan, batekin baino gehiagorekin. Hori baita kirola eta lehiaketa: bere praktika egokia, bai, futbol onaren gustua, ados, baina bereziki eta funtsean, lehiakide baten alde egitea. Gauzak horrela, nazioarteko selekzioen futbola ikusten eta gozatzen dugun guztiok ez dugu identifikatua zein den gurea. Garaipenaren gozamena berez justifikatzen duen talde hori.
Badakit ez dela gai erraza. Oraindik zailago gure eguneroko hainbat giro eta ingurunetan azaleraztea. Zenbaitetan, deserosoa ere. Baina errealitatea ezkutaezina da: hainbat eta hainbat gara Espainiako selekzioarekin identifikatzen ez garen euskal herritarrak, harekiko arroztasun sentimendu bat daukagunak. Eta jakina da, ezin baitugu geure burua engainatu: horrek guztiak komunitate politikoaren partaide izatearen sentimenduarekin du zerikusia, eta horrekin batera, zenbait sinboloren onarpenarekin. Kirolean ere. «Kirola ikur da, edozeinek badaki», abesten zuen Gozategik.
Bakoitzak etxean txikitatik jaso ditu zenbait gauzekiko maitasuna, eta beste hainbat gauzekiko distantzia. Nire lehen aldia futbol zelai batean Katedralean izan zen, Euskal Selekzioa – Jugoslavia partida batean, euskal garaipenarekin, Julen Guerreroren hat-trick-a dela medio. Beti izan dira bereziak selekzioaren partidak niretzako. Aitak beti kontatu izan dit zelako garrantzia izan zuen berarentzat euskal selekzioak San Mamesen Irlandaren kontra jokatutako partidak. Bizi izandako giroak, selekzio horren mailak —Liga luzaroan menperatuko zuten Athleticeko eta Realeko jokalariek osatua— eta, nola ez, kolore horien atzean ezkutatzen zen historiaren ezagutzak. Berak beti esaten du egun hartan jabetu zela hura zela bere selekzioa, maite zuena. Eta hark egun hartan egin moduan, nik bi urtero galdera berdinak egiten dizkiot neure buruari: zergatik ez kondairazko aurrekari horiei berdegunean jarraipena emango dien Euzkadi bat egon? Zergatik ez Euskal Herria ordezkatuko duen euskal selekzio bat munduko futbol zelaietan zehar ikusi?
Zehatzago: zergatik ezin du euskal selekzioak Munduko Txapelketa edo Eurokopa jokatu aurten Eskoziak edo aurrekoetan Galesek egin bezala? Eta are zehatzago: nork erabaki du hori? Beti galdera berberak egiten dizkiot neure buruari, behin eta berriz.
Badakit horretarako gauza ugari astindu behar direla, eta gero eta argiago ikusten dut zeintzuk diren astindu beharreko horiek. Bilbon, Madrilen baino gehiago. Hemen, han baino. Aldarrikapen eta jarrera hutsal gutxiago, alegia, eta lan iraunkor eta eraginkor gehiago. Benetako borondatea. Ametsean sinestea.
Bitartean, urte bikoitietan, udako beroaren etorrerarekin, sentimendu bera sentitzen dut: bere pasioarekin talde bat maitatzeko falta sumatzen duen futbolzale amorratuarena.
Azken finean, gainontzeko guztiek dutena falta zait. Izan zitekeena, eta ez dena. Kirol-herri honetako beste hainbat biztanleei gertatzen zaien antzera, samintasunez sentitzen dut ilea tente jarriko lidakeen konbinatu horren hutsunea. Ez naiz zelai orlegira ohitzen elastiko berderik gabe, nahiz eta biurtekoak igaro.
Badira nirekin identifikatuko direnak. Besteek espero dut gutxienez nire nostalgia konprenitzea. Agian, berandu baino lehen, etortzekoa den uda batean amaituko den nostalgia hori.