Gaur da 2024ko udaren azken eguna Euskal Herrian, eta amaitzear den aurtengo uda sasoiak eman digu zer aztertu eta zer ikasi aurrera begira.
Uda hasteko zela osatu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako autonomia erkidegoan Jaurlaritza, EAJk erabaki moduan, PSE-PSOE gobernukide hartuta, helburu nagusi batekin: EH Bildu geldiarazi, gobernu lanetatik urrundu, balizko aliantza estrategikoetatik apartatu. Imanol Pradalesen izendapenak ez du ezer aldatu EAJren aspaldiko norabidean. EAJk nahiago du, estatu espainiarrean gobernatzen duen PSOEren babespean, EAEko autonomia bere alderdiaren probetxurako kudeatu, Euskal Herriari begirako euskal naziogintza garatzeko estrategiari bideak zabaltzea baino.
Uda betean gertatu da Katalunian beste hau ere: ERC alderdiak PSC-PSOE babestu zuen Generalitateko presidentetzarako bidean, eta ondorioz, Salvador Illa espainiarzale sutsua eta Kataluniako independentziarako bide demokratikoaren ukatzailea jarri zuen president. Hori gertatu zen egun berean, abuztuaren 8an, Carles Puigdemont president ohia ere atzerritik etxera itzuli eta agertu zen Bartzelonan, Parlament-eko saioan parte hartzeko asmoz. Indarrez galarazi zioten eta atzerrirako bidea hartu behar izan zuen berriz ere.
Kontuak kontu, ERCren posizioa erabat konprometitua agertzen da, bai Katalunian baita Euskal Herrian ere, independentziarako bide demokratikoak ireki nahi ditugun guztion aurrean. Baina hara non EH Bilduk, zergatik argi ez dagoela, erabaki zuen ERC dela haren aliatu estrategikoa, eta horrek EH Bildu bera ere zeharka konprometitu egiten du independentziazaleen begietara. Agian horregatik esplikazioak ematen saiatu ziren handik egun gutxitara iritzi artikulu luze eta mamitsu batean ezker abertzaleko bi arduradun ezagun, bigarren errepublika espainiarrari ateak ireki zizkion Donostiako Itun ezaguna gogora ekarrita, 1929 hartako abuztuaren 17an gauzatua, hain zuzen. Esanguratsua oso aipatu artikuluan defendatzen duten proposamena: estatu espainiar osoarentzako errepublika federala, horretarako ezker espainiarra eta ezker eta progresismo euskalduna bat eginda. Independentziaren helburutik nabarmen desbideratzen eta urruntzen den proposamena, beraz.
Bistan da Euskal Herrian zein Katalunian, alderdi abertzale instituzionalak, beren dinamika instituzional propioan murgilduta, estatu espainiarrean gero eta integratuago agertzen direla. Dela eskuin muturraren gorakada Espainian zein Frantzian geldiarazteko helburua lehenetsiz, dela gobernagarritasuna argudiatuz, baina praktikan, azterketa zorrotz batzuetan salatu den bezala, Espainiako zein Frantziako ezker sozialdemokrata «progresista» deituak suertatzen dira Euskal Herriaren eta nazio zapalduen desnazionalizaziorako tresnarik indartsuenak. Horra hor uda honetan ikasi dugun zerbait.
Izan ere, Euskal Herriaren Historia modernoan hiru aldiz gertatu izan da estatu zapalkuntzaren aurka estrategia eta bitarteko sendoz altxatutako euskal mugimendu abertzaleak matxinada edota gerra horietan garaituak izan eta ondoren estatu arrotz garailearen aginduetara «moldatu» izana, egoera inposatu berria legitimatuz eta kolonizazio berritua ontzat emanez. Horrela XIX. mendean zehar Karlistaldiak deituetan; horrela gertatu zaio mugimendu jeltzaleari, XIX. mendean independentzia lortzeko sortu eta XX.ean, aldiz, monarkia espainiarreko autonomien estatuan eroso sentitzera heldu denari. Eta antzeko bidean joan daiteke XX. mendeko 60ko hamarkadan indar berriz eta erabakitasun osoz sortu zen ezker abertzalearen oraingo zuzendaritza, XXI. mende honetan estatu espainiarrean elkarbizitzeko paradigma multikultural eta multi-identitarioak proposatzetik, independentzia praktikan baztertu eta federazio moduak adostera bideratua.
Euskal Herriak, bere osotasunean, nazio gisa sendotzeko estrategia egokia ezinbestekoa du gaur egun, etorkizunean bizirik iraun nahi baldin badu. Estrategia hori estatu independente propioa antolatzera abiatu behar da, modu logiko eta naturalean. Estrategia hori mamitu ahal izateko ahalmena eta baliabideak baditu gaur egungo euskal gizarteak. Baina gidaritza politikoan krisi nabarmena pairatzen dugu, paradoxaz, abertzaletasuna maila elektoralean goraka agertzen den une honetan. Alde batetik, EAJ alderdiaren zuzendaritzak euskal alderdi abertzale historikoa korporazio baten moduetara abiatu du, hau da, irabazi patrimonialak alderdirako edota enpresa eta familia partikularretarako bideratzen dituen erakunde pribatiboa izatera. Bestalde, ezker abertzalearen zuzendaritzak estatu bien joko-eremua hobetsi du, kontuan hartu gabe politika espainiarrak Espainia bera indartzen duela eta politika frantsesak Frantzia, kasu bietan Euskal Herria disolbatuz.
Beste norabide bat, oso bestelako estrategia bat behar dugu, bistan denez.
Behetik gora, euskal herritarron borondatetik gizarte zibilera zabaltzen ari den uhin berritua indartu behar dugu: Bilboko Aste Nagusian, Itziar Ituñoren pregoi eredugarria euskara hutsean eta horren ondorio pizgarriak; Baionan oraintsu Gorka Torrek euskaraz epaile frantses debekatzaileei aurre eginez; Naziogintza elkartearen herri euskaldunentzako proposamenak, euskara baita, eta ez erdarak, Euskal Herrian unibertsaldu behar dugun hizkuntza propioa; sindikalgintza abertzalea, oldarraldi judiziala geldiaraziz; Bat Gara, euskal nazio osoari legitimazio demokratiko sendoa eskaini nahi dion mugimendu sortu berria... Uda gaur amaitzen da, baina euskal herritarron sasoia hasi baino ez da egin.