Udal-eko-sistemak

2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Udalerriek habitat asko bildu dezakete euren eremu banatan, eta eko-sistema zabalago eta konplexuagoetan kokatzen ohi dira, zentzu geografikoan (ibai-arroak, adibidez) zein politikoan. Topikoa bezain egiazkoa da udalek garrantzi handia dutela gu denon bizitzan. Oraintxe Hego Euskal Herrian udalbatza berriak ari dira eratzen, gaur hain zuzen ere, eta boterea-oposizioa sisteman birkokatzen, aldaketa handi samarrak gertatzen ari dira; interesgarria izan daiteke ikuspegi ekosozialetik zer suerta daitekeen eta zer gertatu beharko litzatekeen aztertzea.

Gure sistema politikoan eskuduntza askotxo dute udalek, lokal mailan, noski, baina diru gutxi, eta, ondorioz, autonomia gutxixeago; halarik ere, jendearekiko eta lurraldearekiko hurbiltasunagatik beti oso apropostzat joak izan dira, bai ingurumenarekiko erlazioa duten zenbait arazo jorratzeko, prefosta lurraldearen erabilera diferenteak antolatzeko eta baita kultura publikoa aldatzen laguntzeko ere, gizarte eta ekonomia sistemen erresilientzia edota iraunkortasuna bultzatuko luketen aldaketa kulturalak sustatzeko, alegia. Pasa den mendeko azken hamarkadan hasi zen horri buruz berba egiten, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) bulkadaz; garapen iraunkorra zen orduko totem-a.

Ez ziren ondo hasi, jadanik orain dela zenbait hamarkada. Tokian tokiko Agenda 21 deitu izan ziren udal mailatik arazo ekologikoak jorratu eta iraunkortasun kultura sustatzeko egitasmo anbiziotsu eta hanpatsu horiek, masterrak eta ikastaroak egon ziren, kontratatu ziren udal teknikariak herri askotan eta azpikontratatu enpresak beste askoz gehiagotan, etaborondate oneko jende asko errekrutatu zen erronka handi horretarako... Errekrutatu, edota, sinpleago esanda, erre egin zen borondate oneko jende asko, eta energia hiritar asko ere, kasu onenetan testimoniala eta gehienetan greenwashing hutsa izan zen prozesuan. Ondorioak: hutsaren hurrengoa kasu gehienetan eta, larriago dena, okerreko bidean jarrita borondate oneko jendeari eta batez ere eskola eta ikastetxetako ume eta gazteei hiritar berde perfektuak nola izaten —zure zaborrak klasifikatu, zure aztarna ekologikoa murriztu, zure...— zinikoki inposatu zitzaienean.

A ze parrasta! Bitartean munduak globalizazioaren eta metaketa fosil-kapitalistaren azken hamarkada loriatsuak bizi izan zituen: industrien deslokalizazioak, garraio merkea, azpiegituren norabide eta galga gabeko eraikuntza, higiezinen burbuila erraldoia, mugikortasun motorizatu etatelefonikoaren hazkuntza etengabea... Hiltzeraino kontsumitu, izan zen benetako mezua, eta aho txikiaz zure aztarna ekologikoa murriztu. Garapen iraunkorrik ez zen egon, etengabeko hazkunde ekonomikoa bai... bukatu zen arte, burbuilak lehertzen joan ziren arte, eta horren ajeaz ari gara orain.

Ez-kontzeptu hanpatsuen burbuila ere lehertu izan balitz, gaitz erdi, Jose Manuel Naredo jakintsu ekologistak salatzen duen moduan (La crítica agotada, 2022), garapen iraunkor hutsala, desazkunde kontraesanguratsua eta ezkerraren beste berba fetitxe batzuen deseraikuntza ezinbestekoa da gaur egun, atakatik —krisi klimatikoa, espezien suntsipen masiboa, lurren idortzea...— era kolektibo eta demokratikoan irteteko. Baina greenwashing etengabeko horrek jendearen esperantzak akitu eta zinismoa areagotu du; berriz ere udalek —buelta gaitezen harira— paper ezinbestekoa jokatuko dute ataka berri honen kontu materialak zein sinbolikoak artezten laguntzeko. Orokorrean oraingoan Hego Euskal Herrian berriztu eta kemendu diren udalbatza berri hauetan egongo ote da energia/dirua/autonomia/gidaritza nahikoa horri guztiari eusteko?

Bi etsenplu, bi erronka, aipatuko ditugu hurrengo lerroetan: bat-batekoa, gainean dagoena, aurrena, baina ez hain konplexua; bigarrena hil ala bizikoa izan daiteke, konplexua eta korapilatsua.

Lehenengoa autonomia-erkidegoko hiru lurraldeetako udalbatza berriei aurpegian lehertuko zaie astelehenetik aurrera, paperak hartu eta lanean hasten direnean. Hauteskunde kanpaina, bozketa eguna eta eratze negoziazioak eta tramiteak bete izan diren bitartean, Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Zatikako Planaren (LZP) aurrerapena erakuspen publikoan jarri du, eta alegazioak aurkezteko epea abuztu aldera itxi nahi du. Bere abizenez bataiatu den legearen izpirituari ez dio oraingoan uko egin Tapia andreak, jo eta su jarraitzen du lurralde politiketan udalerrien eta jendearen parte-hartzea murriztuz eta blokeatuz, eta aukera guztiak emanez energiaren merkatua monopolizatzen duten enpresa handiei. Izan ere, LZP horrek ekipamendu eoliko eta fotovoltaiko handiak jarri ahal izango diren lekuen zerrenda maximalista egiten du, eta gero merkatuak hitz egin dezala, hori bai, udalerriek euren hiri-plangintzan egoera horiek onartu beharko dituztela. Berriz ere Zumaiako politikariaren tatxerzaletasuna (eta bistan da ez naizela Iruñeko hirukote punkyaz ari). Udal berriek euren autonomia eta eskuduntzak defendatzeko aukera ederra bezain premiazkoa izango dute hurrengo aste eta hilabeteotan, beraz, baina aurrean horma handia topatuko dute.

Baina bigarren erronka are ezinbestekoagoa da: IPCCrekin hasita, krisi klimatikoaren ikerlari zientifikoak bat datoz hamarkada honetan mugikortasun motorizatua larriki murriztu behar dela azpimarratzean, hori izanik berotze globala parametro eramangarrietan mugatzeko aukera bakarra. Eta horretan ere, euren xumean, udalerriek pentsatu behar dute erronka handi horri eusteko nola lagundu, zer egin (bidegorriak, bizikletak babestu, konpondu, alokatu zein lagatzeko tokiak, oinezkoentzako espazio gero eta zabalagoak, hiri-espazioen birnaturalizazioa...) eta batez ere zer ez egin (aparkalekuak, bideak konpondu, matrikulazioak automatikoki onartu...). Ez da erraza izango, jendearen artean desadostasunak eta aurkaritza multzo handiak sortu litezke, baina horretarako daude asunto publikoen dinamika zuzendu nahi dutenak:jendeari argi eta garbi mintzatu hauteskundeak direnean, zer egingo duten ondo zehaztu, eta, gero, agintetik zein oposiziotik, tinko lan egin, minoria fosilisten kexekin kikildu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.