Julen Azcona

Udako mozorroak

2024ko abuztuaren 31
05:00
Entzun

Instagramen gertatu zen —udan dena Instagramen gertatzen da; jendeak oporrak sareetan iraultzen ditu bulegoan emandako urte osoa konpentsatzeko—. Lagun eta ezagunen story-ak ikusten, espero ez nuen irudi bati erreparatu nion: mutil gazte talde bat karroza baten gainean, ostadarraren bandera, kartel aldarrikatzaileak. LGTBI Harrotasunaren eguneko desfile bat zirudien, baina arraroa zen: abuztuan ez da Harrotasuna ospatzen; karrozaren atzean herriko harrizko etxe tipiko bat ikusten zen eta, lehen ilaran, jendea zuriz eta gorriz jantzita. Herri txiki bateko bestak ziren, dudarik gabe. Argazkikoak mozorro jai bat ospatzen ari ziren.

Inauteriak gorroto ditugunok ez dugu atsedenik. Udan ere ez gara libratzen. Ez dakit hitza gorrotoa den, ala beldurra, maskarak bermatzen dituen zigorrik gabeko isekari eta irainari. Izan ere, itxuraz aldatzen garenean, hautatzen dugun maskara beti bestearena da, urruna edo mehatxagarria edo patetikoa edo exotikoa den beste horrena. Kasu honetan, ez dakit asmoak zein izan ote ziren. Agian taldeko lagunen bat LGTBI kolektibokoa zen, eta maitasunez eta errespetuz prestatu zuten mozorroa, lagunaren borrokari omenaldia egitearren.

Eszena hori, beraz, ez litzaidake zertan gaizki iruditu, herri horretan urte osoan arreta emango balitzaio kolektiboari eta haren aldeko politika publikoak egingo balira. Zoritxarrez, ez da beti kasua. Gure bizitzak ez daude guztiz normalizatuak, eta komunitate txikietan are gutxiago. Askotan arazoa ez da biolentzia esplizitua, baizik eta sinbolikoa: erakunde publikoek ez badute ezer egiten, disidentzia ikusezin bilakatzen da.

Herri bateko biztanleek Harrotasuna mozorro bat dela erabakitzen badute, bidaltzen duten mezua arriskutsua da: aniztasuna existitzen da, baina ez gure komunitatean; badakigu zer den, baina ez doa gurekin; telebistak bidaltzen duen irudi distortsionatua da, ez eguneroko bizitzan existitzen den errealitate minorizatua. Gustatuko litzaidake karroza faltsu hartan parte hartu zuten mutil gazteak joan den ekainaren 28an Iruñera joan izana. Bertan ikusiko lukete benetan zer den Harrotasuna: aktibismo politikoa egitea, bazterretatik borrokatzea. Noski, baita gozamena ere: jaia tresna iraultzailea izan daiteke, intentzioak egiazkoak direnean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.