Udaberria desagertu da ta

2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
2060.a/ kalimak jan dau Errioxa,/ marakuja sagardoa Astigarragan eta/ palmerak Kontxa erdian.

Aste honetan, EH Distopikala diskoan Gatibuk 2060. urterako aurreratzen zuen etorkizun apokaliptiko itogarria gehiegi hurbildu da errealitatera.

Kantauriko kostaldean lehortea gure lurraldetik urrun, hegoalderago, gertatzen den zerbait bezala ikusi izan dugu beti, baina ez da horrela. Euskalmeten arabera, aurten, otsaila lehorra izan da eta martxoa are lehorragoa, mende honetan Euskadin izan den beroenetakoa. Urtegiek ohi baino ur gutxiago dute: esaterako, Arabako ureztatze urtegiak %20an daude, eta Gipuzkoako Urkulukoa urteko sasoi honetan ohikoa den baino %10 beherago dago. Debagoieneko eta Arabako Lautadako eskualdeetan, martxoa izan zen mendeko hilabeterik lehorrena. Euskadi osoan ohiko batezbestekoa baino 2,3 gradu gehiago erregistratu zituzten termometroek neguan, eta abeltzainek kostu handiagoa izango dute aurten, larrerik ez dagoenez bazka gehiago erosi beharko dutelako. Laburbilduz, eta Alex Sarduik kantatuko lukeen bezala: Ta bero, ta bero.

Izan ere, musika taldea hutsi ezineko iragarlea izan da disko berriarekin. Udaberria desagertzen ari da. Krisi klimatikoa azkartu da eta 2030-2040 hamarkadarako espero ziren inpaktuak jada sufritzen ari gara. Lehortea eta bero-boladak dira gure eguneroko bizitzan gehien nabaritzen ditugunak, baina ez dira bakarrak izango. Arazoa da, ikasle txarrak bezala, etxeko lanak egin gabe harrapatu gaituztela hauek.

Dagoeneko frogatu da klima-aldaketa atzeraezina dela, oraingoz salbuespen diren uda beroegiak eta lehorteak normaltasun berria bilakatuko dira laster. Baina horrek ez du esan nahi etsipenak hartu behar gaituenik, oraindik asko dago egiteko. Alde batetik, Surfistak Oñatiko plazan ikusi nahi ez baditugu, emisioak murrizteko eta krisi klimatikoa eta berotze globala gelditzeko (edo hauek ahalik eta gehien moteltzeko) ahaleginak egiten jarraitu behar da. Baina, bestetik, ezinbestekoa (eta urgentziazkoa) bilakatu da egokitzapenari behar duen garrantzia ematea jada jasaten ari garen inpaktuei aurpegi emateko.

Egokitzapenak aldatzea dakar. Gauza asko aldatzea, gainera: gure hiri-ereduak, abeltzaintza, nekazaritza, baso politika eta abar eta abar. Hiriei dagokienez, autoa atzean utziko duten mugikortasun-eredu berriak bultzatzeaz gain, babesleku klimatikoen aldeko apustua egin behar da: gune irekiak, berotik babesteko, urarekin eta landarediarekin. Lehen sektorearen kasuan, ezin dugu modu berean landatu, ezta ganadua modu berean hazi ere. Laborantza ureztatua zentzuzkoa eta jasangarria denaz harago hedatu da eta logika hori alderantzikatu beharko da geroz eta euri gutxiago egingo duen testuinguru batean. Baso-politikei dagokienez, ezinbestekoa da eukaliptoa landatzeari uztea eta errealitate berrira egokitutako baso-ustiapenaren alde egitea. Izan ere, eukaliptoak erloju-bonbak dira, klima gero eta lehorragoan, suteak erraz eragin ditzaketelako, Asturiasen gertatu den bezala.

Eta hau dena ikuspegi sozialarekin egin behar da. Azken finean, krisi klimatikoaren ondorioak gehien pairatuko dituztenak baliabide ekonomiko gutxien dituztenak direlako (aire girotua ordaindu ezin duen herritarra edo nekazari txiki bat, adibidez). Egokitzapen-politikek ezberdinkeria sozialari aurre egiten dioten politikak ere izan behar dute.

Horiek dira premiaz aurre egin beharreko erronka ugarien adibide batzuk. Ekiteko garaia da, krisi klimatikoaren aurka benetan borrokatzen diren politikak diseinatzekoa, berehalako ondorioetara egokitzen laguntzen diguten bitartean. Eta horrek gobernuen ardura eta jardutea eskatzen du, baina baita herritarrak zorrotzak izatea ere. Daukagun arazoaren kontzientzia erabaki politiko bihurtu behar dugu, mobilizaziotik hasita, botoa emateraino. Batez ere gurea bezalako herrialde batean, non klima-politika ausartetatik oso urrun dagoen Eusko Jaurlaritza daukagun, greenwashing diskurtso politetatik harago joaten ez dena, baina benetako aldaketak ezartzeko gogo gutxi duena. Errekuntza-autoak diru publikoarekin laguntzeak ez luke onargarria izan behar XXI. mendean.

Gatiburen abesti guztietatik, nire gustukoena Euritan dantzan izan da beti: Ta ur tantak goitik behera/ Uztaritzen zein Gasteizen/ Bardin-bardin jausten dire/ Kalien/ Euritan dantzan, euritan dantzan. Espero dut etorkizun hurbilak abesti horren antz handiagoa izatea azken diskoarena baino. Espero dut gure lider politikoek abesti hori ere nahiago izatea. Eta, nahi ez, baina azkenean EH Distopikala gailentzen bada (Islandian San Fermin, Iruñean pobre de mí), gutxienez, gu prest harrapatzea nahiko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.