Uda beltza langile gazteentzat

Amaia Elorza Pinedo
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Uda larria izan da hau langileentzat, baita gazte langileontzat ere. Abuztua bukatzear dagoela eta hiru hilabete baino gutxiagotan Euskal Herriko hiru gaztek haien lanpostuetan bizia galdu dutela irakur dezakegu. Egoera hobetzen zihoala esaten ziguten, baina 2011ko sei hilabete besterik ez dira bete, eta dagoeneko aurreko urte osoko gazte lan-heriotzen kopurua berdindu da EAEn. Orduan sei gazte-heriotzarekin itxi zen urtea, haietariko bost ere ekain eta uztailean.

Ez da ez kasualitatea ez zorte txarra, gazteok pairatzen ditugun lan baldintza prekarioak uda aldera desagertu ez baizik areagotu egiten baitira: aldi baterako kontratuak, soldata baxuak eta askotan kontratu gabekoak, aparteko orduak, azpi kontratazioa eta gain kualifikazioa dira udako lanen definizio. Noski, negoziaziorako inolako abagunerik gabe. Behintzat, udaz kanpoko baldintzak ezberdinak balira ezetz esateko aukerarik edukikogenuke, baina aldiz, beka, praktika, ikerketa kontratu eta gure eskubideak murrizten dituzten beste aparteko formulen esku geratzen gara askotan, besteetan, langabezian.

Eta gutxi balitz… formazio kontratuaren adin muga luzatu da. Izan ere, gazteon langabezia tasak batez bestekoa ia hirukoizten du; irabazten dugun soldata batez bestekoa baino nabarmenki baxuagoa da; dauzkagun kontratuen erdien inguru aldi baterakoak besterik ez dira; haien %60 aldera urte bat baino gutxiagorako sinatuak dira, eta egiten diren hamar kontratu berrietatik bakarra da behin betikoa. Eta datu horiek larriak ez balira bezala, ministro kontseiluan orain arte enpresa batean langile bat finko egin gabe berari eginiko behin-behineko kontratuen kopurua denboran mugatzen zuen Langileon Estatutuko 15.5 artikuluaren indargabetzea bozkatu da, formazio kontratuaren adin muga 21 urtetik 30ra aldatzearekin batera.

Egoera honek larriki mugatzen ditu gure eskubideak, ez bakarrik kotizazio gabeko edo kotizazio baxuko formulek epe labur eta luzeko gure etorkizuneko egoera kolokan jartzen dutelako, ezta bakarrik ama-aitatasun, istripu edo gaixotasun bajak langabezian egonda existitzen ez direlako, ezta ordu estrak egin eta aldi baterako kontratu jarraituetan opor egunak eduki ezean kobratu eta beharrezkoa den atsedena ez gozatzeagatik bakarrik, gehienbat, honek guztiak gure bizi proiektuak aurrera eramatea galarazten digulako, geroa zein oraina beltza ikusi eta hartu beharreko erabakiak enplegu merkatuaren gorabeheren menpe utziz.

Beraz, behin eta berriro kontu berarekin etortzea ezin daiteke gehiegizkotzat jo, izan ere, azpikontratazioa eta behin-behinekotasuna mugatzea, lanaldiak murriztea, ikuskaritza eta kontrola areagotzea, lanaren desintensifikaziorako eta aparteko orduekin bukatzeko neurriak martxan jartzea, zaintza lanak balioztatu eta arautzea, enpresa barruko formazioa sustatzea eta guztion lan eta osasun eskubideen alde jotzen duten beste zenbait neurri ezartzea premiazkoa eta behar-beharrezkoa delako, eta hori ez egitea badelako gehiegizkoa dena.

Azken finean, gure hiri eta herritar eskubideak enpleguaren esku diharduten bitartean eta enplegua merkatuaren morroi izaten segitzen duten heinean, honek guztiak gure bizi baldintza eta osasunaren gain eragin larriak izaten jarraituko du. Izatez, prekarietatearen ondorioak ere lan-gaixotasunak, edo lanmerkatu-gaixotasunak,badirelako, askotan, udan honetan bezala, oso zoritxarrekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.