Ubikeko bitartekariak zaindu

2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Darwinen eboluzioaren teoriaz geroztik, dagoeneko gutxik jartzen dute zalantzan gizakion jatorri animalia. Animaliatik gatoz, beraz, eta animalia gara. Edonola ere, badago gainontzeko animalietatik oroz gain bereizten gaituena, oso geurea dena. Kulturaz ari naiz. Kultura da gizarte baten ezaugarri diren berezitasun espiritual, material, intelektual eta afektiboak. Hizkuntzaz eta arteaz gain, horren barruan dira bizimodua, oinarrizko eskubideak, balio-sistemak, ohiturak eta sinismenak.

Definizioari erreparatuta argi dago zaindu behar dugun zerbait dela kultura. Baina zer gertatzen ari da kulturaren munduan enpleguari dagokionez? Zein da gure administrazioen politika kulturala arlo honetan? Eusko Jaurlaritzak, Diputazioek eta Udal nagusiek zaintzen al dute kulturako enplegua? Zoritxarrez, erantzuna ere oso argia da: ez, ez dute batere zaintzen. Egungo politikariek kulturari dagokionez zaintzen duten gauza bakarra itxura da. Eraikin ikusgarriak, hotsandiko inagurazio eta ekitaldiak, marketina eta propaganda. Azalekoa da dena, ordea. Itxurazko ikusgarritasun horren atzean mamu andana ezkutatzen dira. Azpikontratazioa, estatuko hitzarmenak, behin-behinekotasuna... eta gazteak prekarioan, gazte asko oso prekarioan.

Horixe zen gutxi dela arte Arte Ederren Museoaren argazkia edota Azkuna Zentroko mediatekakoa. Horixe da Ubik liburutegiaren argazkia gaur-gaurkoz. Tabakalerako sorkuntza liburutegia da Ubik. Espazio ultramoderno eta aukera anitzeko gisa saldu ziguten eta halaxe izan da, bertako langileei esker, pasa den abenduaren 22ra arte. Ordutik itxita baitago. Egun hartan, greba mugagabea hasi zuten 11 langile gazteek. Horren aurretik urtebete luzez saiatu ziren, ELA bidelagun zutela, elkarrizketa eta negoziazioren bidez beren lan-baldintzak hobetzen. Hainbat ate jo dituzte: enpresarena (Sedena), Tabakalerako zuzendaritzarena, administrazio kontseiluarena, administrazio kontseiluko kideena... Inolako emaitzarik gabe. Hitz gozo eta samurrak ugari, konpromisorik, bat bera ere ez. Gauzak horrela, kulturan murgiltzen laguntzeko bokazioa duten bitartekariek kalera irtetea beste biderik ez zuten ikusi. Beste biderik ez zieten utzi.

Hamaika gazte lanaldi partzialean, estatuko hitzarmen baten menpe (urtean 16.000 euro) eta asteburuetan lan egiteagatik inolako konpentsaziorik gabe. Hiru urte dira jada baldintza horietan lanean hasi zirenetik. Ilusio handiz jo zuten lan-eskaintzako elkarrizketara. Gazte lizentziadunak, sortzaileak eta ekintzaileak bilatzen zituzten, atzerriko hizkuntzen ezagutza baloratuko zen. Itxura paregabea zuen. Berriz ere, itxura. Asko dira ordutik lana uzteko erabakia hartu dutenak. Ez da erraza prekarietatean bizirautea. Geratu direnek, ordea, oso argi daukate. Bertako hitzarmen bat nahi dute. Eskatzen dizkieten ikasketa, gaitasun eta ezagutzak modu duinean baloratzen dituena. Gipuzkoan badago esku hartze sozialeko hitzarmena, beraien funtzioetatik gertuen dagoena, Irungo liburutegian 2018az geroztik aplikatzen dena. Baina ez, Denis Itsasori hori ez zaio hitzarmen egokia iruditzen Ubikekoentzat. Egokiagoa al da Madrilgo Ocio Educativo y Tiempo libre-koa? Zergatik ezin da esku hartze sozialeko hitzarmena oinarri hartuta Ubikentzat propio egokitutako hitzarmena negoziatu?

Esan digutenez, laster kontrata berriro aterako da lehiara eta prozesua arautuko duten pliegoak erabakigarriak izango dira gatazkaren etorkizunerako. Borondaterik badago, pliegoek konponbidea ekar dezakete. Ikusiko dugu. Kontrakoa ere gerta daitekeelako. Pliegoetako prezioa gazteon aldarrikapena estaltzeko nahikoa ez izatea ere gerta liteke, ez litzateke lehen aldia izango.

Kultura bada gure jatorrien bereizgarri, gazteak dira gure gizartearen iparrorratz. Ubikekeko egunerokotasunean biak uztartzen dira. Kultura eta gazteak. Jatorria eta iparrorratza. Zain ditzagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.