Gaur bete dira bost urte lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatuz Hego Euskal Herrian Greba Orokorra egin genuenetik. 2020ko urtarrilaren 30ekoa pentsiodunen mugimenduaren, Karta Sozialaren eta sindikatuon arteko konfluentziatik sortutako Greba Orokorra izan zen. Aurreko urteetako greba feministen ekarpen ideologiko eta organizatiboak ere barnebildu zituen.
Greba Orokorrak arrakasta handia izan zuen baina, jakina denez, pandemiak baldintzatu egin zuen ondorengo kudeaketa. Enpresen etekinak lehenesten zituen kudeaketa salatzea, oinarrizkotzat jotako jardueretan lan baldintza duinak eskatzea eta osasun sistema publikoa indartzea bilakatu ziren garai hartako lehentasunak. Ondoren, pandemia osteko prezioen gorakada Ukrainako gerrarekin areagotu egin zen eta erosahalmena bermatzeko hamaika borroka piztu ziren. Greba Feminista Orokorrean, berriz, pandemiak agerian utzitako zaintza krisia salatu eta zaintzarako eskubide unibertsala bermatuko duen sistema publiko-komunitarioa aldarrikatu genuen.
Borroka sindikal eta sozialari dagokionez urte mamitsuak izan dira, izan direnez. Eta horri esker, 2020ko Greba Orokorrari begira plazaratutako aldarrikapen taulako zenbait helburu lortu egin ditugu, hala nola pentsioen jasangarritasun faktorea kentzea eta pentsioen erosahalmena bermatzea (gutxienez KPIaren pareko igoera bermatuz); lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioak zenbatzean zigorrik ez aplikatzea; hitzarmen kolektiboetan ultraaktibitate mugagabea ezartzea; herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenestea estatu mailako hitzarmenen gainetik; edota enpresako hitzarmen batek sektorekoaren baldintzak okertzeko aukerarik ez izatea.
Hala ere, Greba Orokorrak aldarrikatzen zituen eta prekaritateari muga jartzeko funtsezkoak diren hiru neurri lortzeko ditugu: etxebizitzarako eskubidea, gutxieneko pentsioa eta gutxieneko soldata. Elkarri lotutako hiru aldarrikapen dira hauek. Soldata duinik ezean, ez dago pentsio duinik, ez eta etxebizitzarako sarbiderako aukerarik. Eta, era berean, etxebizitzaren prezioak mugatu ezean, espekulazioak soldata eta pentsio igoera oro jan egingo luke.
Neurri hauek, gainera, aberastasuna banatzeko eta langileen arteko arrakala desberdinak murrizteko funtsezkoak dira. Gutxieneko pentsioa, esaterako, kotizatu ez baina bizitzan zehar lan pila bat egin duten emakumeekiko dugun zor patriarkala ordaintzeko moduetako bat da. Gutxieneko soldataren igoerak, berriz, baldintzarik kaskarrenetan dauden langileei (emakumeak, migratuak, gazteak, aniztasun funtzionala dutenak) mesede egingo lieke zuzenean; ez haiei bakarrik, langileria osoaren soldatak hobetzeko akuilua litzateke.
Zorionez, abian dira hiru gai horietan ere aldaketa esanguratsuak lortzeko ekimenak. Batetik, etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazio dinamika piztu da Ipar nahiz Hego Euskal Herrian. Gaur bertan, LAB sindikatuak iragarpen garrantzitsua egin du: etxebizitza eskubidearen aldeko sindikalismoa egiten hasiko da. Honela, lan arloan bezala, etxebizitzari dagokionez ere LABeko afiliatuek aukera izango dute euren arazoari konponbidea emango dion ekintza sindikala aktibatzeko.
Gutxieneko pentsioari dagokionez, berriz, pentsiodunen mugimenduak urtetan aldarrikatutako 1.080 eurora gerturatu gara Nafarroan, baina bizitzaren garestitzeak beste urrats bat egitea eskatzen du. Helburu horrekin jarri da martxan, hain zuzen ere, estatuko lanbide arteko soldataren parekoa litzatekeen pentsio bat bermatzea aldarrikatzen duen dinamika (EAEren kasuan, herri ekimen legegilea).
Azkenik, gutxieneko soldata propio duin bat lortzeko azken urteotan egindako lan isilak bere emaitzak eman ditu eta agenda politikoaren erdigunean kokatu da aldarrikapena. Bi dira abian jarri ditugun bideak, elkar elikatzen dutenak.
Lehena: sindikatuen eta patronalaren arteko lanbide arteko akordioa. Milaka langilerentzako berehalako onura ekartzeaz gain, indartu egingo luke EAEko eta Nafarroako gobernuek gutxieneko soldata finkatzeko ahalmena eskuratzeko aldarrikapena, alde guztiek gutxieneko soldata Euskal Herrian erabakitzeko borondatea dutela irudikatuko lukeelako.
Bigarrena: Herri Ekimen Legegilea, gobernu biek estatukoa baino altuagoa litzatekeen gutxieneko soldata ezartzeko ahalmena eskuratu dezaten. Eztabaida legebiltzarretara eramateko ez ezik, Patronala interpelatzeko tresna ere izango litzateke, gutxieneko soldata ezartzeko akordioari baiezkoa eman diezaion.
Honela, gutxieneko soldata propioaren alde abian jarri dugun dinamikak ekarpen egiten dio hala EAEn nola Nafarroan estatus politikoaren inguruan zabaltzen ari den eztabaidari; euskal herritarren bizi baldintzak hobetu ahal izateko, burujabetza handiagoaren beharra nabarmentzen du.
Honela, hurrengo hilabeteetan langile orok izango du aukera Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrak aldarrikatutako lan, pentsio eta bizitza duinaren bidean ekarpena egiteko. Abian diren bi herri ekimen legegileak sinatuz, patronala eta instituzioak interpelatzeko mobilizazioetan parte hartuz edota etxebizitza eskubidearen alde sindikalizatuz. Bagoaz aurrera!