Oso ohikoak dira ekologisten arteko xextrak eta polemikak, ekoantsietate maila altua dago aktibisten artean eta gaur egun klima-aldaketaren eszenatoki negatiboenak saihestu eta trantsizio ekosozial zuzena bermatzeko estrategia eta taktiken inguruko ezbaiak bukaezinak dira, ezinbestekoak bezainbeste. Orain halako polemika bat aipatuko dugu, agian ez esanguratsuena eta ez oso hurbilekoa, baina, bueno, tira: alde batean Andreas Malm, idazle, irakasle eta aktibista sutsu suediarra, hiperaktiboa lerro estrategikoa proposatzean (2021ean ekosabotajea eta desobedientzia zibila, urtebete lehenago ekoleninismo moduko bat, botere estatala okupatzeko deia, alegia); beste aldean Jonathan Franzen, estatubatuar idazle harrigarria, agian bere nobeletan, lehenago ezker alterglobalista eta gero ezker woke-a (Liberty, 2010 eta Purity, 2015, hurrenez hurren) hobekien erretratatu dituen zirujau literarioa.
Eta zein da xextra? Malmek —bere 2021eko How to Blow Up a Pipeline-n— Franzeni leporatzen dio utzi egin diola klimaren aldeko borrokari eta hurbiltzen den katastrofea geldiezina dela eta etsipena baino ez duela defendatzen. Zientziak fatalismo hori babesten ez duela defendatzen du Malmek eta, bere esan zorrotzetan, gizon zuri pribilegiatuaren jarrera fatalista hori gaur egungo mespretxagarriena da, negazionismo hutsa salbu. Bo, ez zaio arrazoia falta Malmi.
Baina egin dezagun apur bat Franzenen alde, bere argudio fatalistak —funtsean pertsona batek edota kolektibo engaiatu batek egin dezakeenak ez daukala inolako muntarik munduan zehar sistemak bultzatzen duen gobernarien nagiaren eta kontsumismo itsuaren aurrean— bere kolaborazio periodistikoak biltzen dituen liburu batean (The End of the End of the World, 2018) jasotzen ditu eta hor bere jarduera zehatz bat zuritu nahi du nobelistak: bere nobelei esker jaso duen diruari eta famari esker (gonbidapen asko jasotzen du), Franzenek hegazkin pilo bat hartzen du etengabe (ziurrenik klima orekaren kontra egin daitekeen okerrena), zertarako eta bere grina apetatsuena asebetetzeko (hori posible balitz!). Eta zein da grina hori? Txoriak ikustea! Bai, txorizalea da Franzen, txori arraroak, topatu-zailak eta urriak ikusi eta argazkitan gordetzea, hori bere pasioa: ornitologia!
Hona heldu nahi genuen: ekologia politiko edota sozialaren alorrean kokatzen diren aktibistentzat txorizaleak, kontserbazionistak eta halakoak kasurik hoberenean hutsaren hurrengoak dira; txarrenean… ba hori, kasik negazionistak bezain mespretxagarriak. Ba, begira, Hego Euskal Herrian ere badaude txorien zaleak (eta ez gara ari Laboaren kanta edota Charlie Bird Parker-en Ornithology airea maite dutenez) eta SEO-BirdLife izeneko erakunde batean elkartzen dira, Sociedad Española de Ornitologia delakoa 70 urte daukan gobernuz kanpoko erakundea da, mundu mailako BirdLife federazioko kidea, eta, noski, batez ere txoriak behatu, klasifikatu, horren inguruko jakintza sortu eta zabaldu… egiten dute (ikus seo.org). Baina zertxobait gehiago ere bai, eta hona gure harridura eta gure txalo sutsua eurentzat.
Orain pare bat hilabete, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen bezperatan SEO-BirdLife-k proposamen zehatz bezain mardula bidali zien aurkezten ziren talde guziei: hiru itun global (natura ondarea babesteko, klimaren ingurukoa eta ingurumen kontuetan populazioaren parte hartzea sustatu eta babesteko hirugarrena) proposatu zituen eta 50 neurri konkretu. Batzuk aipatuko ditugu, nolabait, lan horren kalitatea behar bezala baloratzeko: basogintza plan berri bat; hiri-bioaniztasunerako arautegia; espazio naturalak lehengoratzeko plan autonomiko bat; hezkuntzan naturaren kontserbazioa erdian kokatzeko zenbait neurri; ongizate parkeak bultzatzea; Ingurumen Gobernantza Parte-hartzailearen Sistema; energia berriztagarrien zabalpen planifikatua; kutsadura barreiatuaren kontrola; tokian tokiko produktuen merkatuak hirietan; gobernu instituzioen gardentasuna; Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera lagatzea; Tapia legea bezala ezagutu den udalerrien autonomia ingurumen kontuetan murrizteko disposizioa indargabetzea; Mutrikuko portuaren inguruko hausnarketa sakonagoa; Ertzaintzaren lana areagotzea delitu ekologikoen alorrean…
Dena zehatz, dena mehatz, hau guztia eta gehiago taxutu dute txorizaleek; ekologismoak funtsezkoa daukan zeregina bete dute, politikariak interpelatzea eta proposamenak planteatzea, alegia. Eta bitarte horretan zer egin dute Hego Euskal Herrian dozenaka dauden ekologismo politikoaren taldeek? Ba zilborrari begira, euren kereilatxo antzuetan fibrilatu, Urliek ezezkoan, Sandiek ezinean, guztiak batera Franzeni arrazoia eman, Malm desesperatzeko moduan.
A, bai, erantzunetan EH Bildu, PSOE, Sumar eta Elkarrekin Podemos alderdiek konpromiso positiboa adierazi zuten SEO-BirdLife-k proposatutakoarekin; PPk, Voxek eta EAJk, erantzunik ez. Beraz, legealdi berri honetan, lerrokatze eta zokoratze politikoak nola geratu diren ikusita, esperantza gutxi, mobilizazio sozialik ez badago. Eta horretarako, aurreko paragrafoan egurtu ditugun kolektibo horien lana izan beharko litzateke ardatza. Txorizaleek, behintzat, aldarrikapen taula eredugarria prestatu dute. Txio-txioka, sinfonia ederra oparitu digute. Txantxangorria xaxate, birigarroa alkate. Ea ba!