Txori onak

2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Hara, armiarma paretan beheiti. Sarri euria da» esaten zigun amatxik baserrian. Zerua gorri ageri delarik, biharamunean eguraldi ona dela diote zaharrek. Aldiz, hostoak lurrean bueltaka sumatzen badituzu, haizegoa gainean dela seguru. Seinaleak. Herri-jakintza.

Egungo bizimoduaren jokalekuan ere badira bestelako seinaleak. Eguberriak, adibidez, ailegatzear daudela gauza ugarik adierazten digu hirian. Hasteko, lehen pista argiak izaten dira. Laster uztailaren 15ean hasiko zaizkigu hiria argi koloretsuz janzten; urteko bi hitzordu garrantzitsuenak lotzeko zorian gaude, gero eta goizago pizten baitituzte, ene! Bigarrenik, publizitate kanpaina izaten da eraginkorrena. Horren bultzadaz erosketak modu masiboan egiten hasten gara, elkarri bakea desiratzeko modu zuzenena dela sinetsita-edo. Gure artean (edo guretzat, deliberatuki) osatutako kodeak dira horiek.

Bide horretatik, konbentzioen balioa (eta zentzua edo esanahia) aldatzen da halabeharrez. Baina, sentsazioa dugu aldaketen erritmoa biziagoa dela gaur, atzokoaren aldean. Eta oroimena gordetzeko tresneria eta aurrerapen gehien dagoen garai honetan (urtebetetze egunak gogoratzea ere ez da beharrezkoa, Facebookek txibatzen dizu falta gabe!), errazago ahazten dugu, oro har. Gertaeren, sentsazioen, hitzen presentzia azalekoagoa da, aisa pasatzen dira gaurkoak urrutiko iragana izatera.

Gaur ez dakigu armiarmak horman behera ikusteak esanahirik duen ala ez; edo enarak zeruan apal-apal hegaz aritzeak zerbait adierazi nahi ote duen; edo lurreko suan ziztu-haize edo hots arraroak sumatzeak zerbait dakarren. Naturaren solasa gero eta gutxiago ulertzen dugu. Gero eta gorrago eta itsuago gaude bere ele eta keinuen aitzinean. Eta horrekin lotuta, ingurunea eta ingurumena interpretatzeko moduak galbidean daude. Horren denaren gainetik seinale modernoak (giza eskuarenak) gailendu dira, horiek bakarrik ezagutzen ditugu. Beste jakintza modu batzuetan gara trebe. Naturarekiko harremana ez da hain naturala (hala esan badaiteke).

Naturaren hizkuntzarekin bezala, sinismenekin ere gertatzen da; ez zaigu batere agerikoa hartaz dugun ezagutza hatz artetik irristatzen ari zaigula ur ttanttak bezala. Gaur zorte onena izateko sorgintxo txiki bat erostea baino ez dugu, adibidez. Gure superstizioak beste batzuek ordezkatu dituzte. Ez al da, bada, katu beltza ikusteak zorte txarra dakarrela erabat gurea egin dugula? Azkuek, berriz, kontrakoa esaten zuen euskaldunoi zegokigula; etxean katu beltza izateak zorte ona ekartzen omen zuen, baita ardi beltz bat artaldean edota bi oilo beltz oilategian izateak ere. Kolore beltzak, nonbait, begizkoak (edo desegokiro izendatutako sorginkeriak) deuseztatzen zituen.

Antzina, gainera, hegaztien presentzia eta haien hegaldia hain zegoen euskaldunen iritziz pertsonen patuarekin lotuta, non zoriontasuna eta zorigaitza txori hitzean sustraitua baitzirudien hainbat idazleren ustez. Hala omen zori eta haren eratorriak diren zoriona eta zoritxarra bezalakoak, modu bateko zein besteko hegaztiak direnaren seinale. Zoritxarreko hegaztia zen, adibidez, belea; haren karrankak, arima herratuaren gisan, deus onik ez zezakeelako ekar. Mika, berriz, bat ala beste izan omen zitekeen; «Etxera so bada, berri onak; mendira so bada, berri txarrak», zioen erran zaharrak. Hontza gauez, zoritxarren baten atarikoa omen zen norbere etxeko teilatuan entzunez gero: «Norbait laster etxe hartan hilen da», bildu du herri-tradizioak.

Ahaztutako edo baliogabetutako seinaleak eta sinismenak diren arren, nik badaezpada haiei eutsiko diet, norberak, azken batean, bere fedea duelako, zer demontre! Zori edo txori onak izan bitez gure artean, eta ahaztu gabe, egun hauetan hamaika aldiz entzunen eta esanen den gisaz, zorionak denei!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.