Koldo Izagirre
Idazlea

Txirrita dohakabearen zakurra

2024ko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Ausiki pare bat eta horra lotura askatu.
Goazen!
Baina ikaratia izugarri.
Askatasuna motel, askatasuna!
Bai zera, moteldua zegoen izan ere. Hura bai estanpa, garranga lurrean eta zakurra hankamutu.
Aitzina beti zakur libroa.
Kontrako norabidean zetorren labrit batekin egin nuen tupust. Barkatzeko erran nion, arraposturik ez.
Panpoxegia zen, ala arrunt afrusa nintzen?
Errepublikan ez dugu horrelako kriminaziorik onarturen.
Aitzina beti zakur libroa.
Katu beltza gorotz metan botatako sardina buruak jaten. Honi ere erran nion nora nindoan.
Errepublika? Inozo alaena! Agindu bai hau eta mau eginen dutela, azkenean miau.
Errepublikak Siberiara lekuturen ahal ditu horrelako zerritarrak!
Katuari so pentsatu nuen zakur batzuk halaxe gizendu ohi direla, soberakinak janez. Baina Txirritaren platerean ez zen soberakinik sumatzen.

Gogor eginen dut nik ausiki eta zaunka
zerritar txepel hauek uxatuz itaunka
inork ez nau inola jarriko belaunka
Txirrita ez zaitut berriz tratatuko jaunka.

Ardi zakurra ikusi nuen artzainaren eskua miazten. Nola adierazi eman zidan nazka? Zorriek janen balute!
Aitzina beti zakur libroa.
Eper zakurraren aburuz labea hotz zegoen, herriak ez omen zaukan oraino aski erretasunik errepublika erraikitzeko. Segi zezala zintzo erran nion, zintzo Ulysseren zakur ergelak bezala. Eper zakurrak ez zeukan Argosen berririk! Benetan, alde batera nahiago nuke ez banintz zakurtarra.
Haizeak harrotu arbelen artean jarraitu nuen Errepublikara bidean libro, egonean egon gabe labea noiz berotuko.
Haizeak gero eta zakarrago zuen jotzen pago-haritzen adar guztiak eten beharrez. Zaunka zikin zonbait zekartzan geroz eta hurbilagoz. Laster azaldu ziren Zakur Handia eta Zakur Txipia ahotik su jario. Eta Ehiztaria, eskopeta karlista samatik dindilizka. Mateo Txistu eta bere lagunak, bai, Erbia ikusi ote nuen. Mendian beheiti abiatu zela oparitu nien eta hantxe amildu ziren malkarrean zabuka, aztarrenduren zutelakoan.

Pena dugu zakurra etxetik juana
famelia guziak maitatzen zuana
inork bilatzen badu ekarri gugana
pagatuko diogu merezi duana.

Errepublikara noak, Txirrita! Hoa bakarrik batzokira! Libro nauk, libro!

Hamaika desengaino bizi da bizitzan
gu bion arterako konfiantza hil zan
Txirritaren gosea halakoa izan
eskapo egin nuen berak jan ez nintzan.

Errun berriko arrautza baino beteagoa ageri zen bidea, jendetza zihoan Errepublikara txaranga baten ondotik Agur Zuberoa oihukantuz. Suntsitutako harresian isildu egin ginen denok. Odol usaina harri koskorretan.
Baina Errepublika zutik, noizbait!
Hala ere haize zikina hitz zeken zonbait ziztaka...

Perro samarra zala aitortzen det egiz
ezin ikusi zuten jende askok begiz
bi bider egondu da kolpatuta harriz
bide hortan ez zaie aterako berriz.

Milaka espartin hankapean tamalkatuta arribatu nintzen plazara. Hantxe lotsagabea bertsotan... Errepublikan!

Nere jabea zena zikin elegante
errespetu gabeko bertsoak tirante
horren esana eginda nago ni kulpante
harrika hilko naute Txirrita mediante.

Gizaseme batek haserre zer ziren hitz horiek, euskara erdaldundu behar ote nuen!
Emazteki batek haserre nolatan deliberatzen nintzen Txirritaren izen ona lohitzen!
Eta Txirrita bera erromatarrak Hernio mendian zafratzen ankertutako lizar makil banarekin hinki-hanka niregana. Zaunka ez, haginka egin nion ezkerreko aztal ederrean. Tatarrez eroan ninduen tabernara, lanak izan nituen letaginak gizentasun hartatik libratzeko.

Katea hautsita nator Errepublikara
gezurrik ez dakarren gure musikara
herri hau ez lezake Txirritak ikara
anila utzita gatoz pozik gorrikara.

Txirritak lo hartu zuen, jendeak zurruta egin zuen, jan bai jan egin zuen, zurruta egin zuen ostera populuak zurruntasun barik...
Zonbait zakur libro batu ginen erreka zokoan, konfiskatu zikiro hezurrak lasai triskatzeko. Nork bere bizitza madarikatu zuen hezurretik hezurrera. Horretan ari, haizeak kiratsa sudurrera: orots hordiak trumilka errekarantz lerde jario.
Uretara egin genuen korronteak urrun gintzan.
Aitzina beti zakur libroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.