Txina eta Europa

2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Erreskate denboran bizi gara. Euroa gaizki dabil. Hortaz, baten batek diru «laguntza» eman behar dio Europar Batasunari. Hasieran Grezia zen, eta Txina erreskatatzeko prest zegoen greziar bonuak erosiz (http://moslereconomics.com/2010/10/04/china-to-the-rescue-wen-offers-to-buy-greek-bonds/), eurogunean greziar zorra Europar Banku Zentraletik (EZBtik) kentzeko. Nazioarteko diru laguntza behar bide zen eta Txina prest egon da hasieratik bertatik (2010eko urriko berria).

Euroguneko esportatzeko modeloak ezin ditu berak nahi ditueneko guneetako monetak erosi. Hortaz, ikusten ari garena herrialdeen arteko esportazio merkatuen gaineko borroka da, herrialde horiek ezin diotenean barneko eskariari eta truke termino errealen optimizazioari eutsi.

Izan ere, barneko eskariek (pentsioak eta abar eta abar) defizit gastu bat behar dute, herrialde desberdinetako gobernuek daukaten gastatzeko ahalmena baino askoz haratago doana.

Warren Mosler-ek Txinari buruzko berri hori komentatu du orain dela gutxi (http://moslereconomics.com/2010/10/07/austerity-will-push-euro-to-1-50-by-year-end-economist). EZB hasi zen Greziako, Irlandako, Portugaleko eta Espainiakogobernu-bonuak erosten (2010ko urrian). Moslerren iritziz, politika hori deflaziogilea da, zeren austeritate baldintza gogorrekin batera baitator, legez gainera.

Moslerren ustez, merkatu espekulatzaileek euroguneko kiderik ahulenei erasotzen segituko dute, baina ezin dute EBZren aurka espekulatu, zeren EBZk dirua inprimatu baitezake eta banatu EB Europar Batasuneko kideen artean.Haren hitzez, «merkatuek ezin diote EZBri kalte egin, ezin diote monetaren jaulkitzaileari kalte egin. Jaulkitzailea zarenean, kontu bat kreditatu dezakezu eta merkatuak ezin du ezer egin horren aurka».

Moslerrek azpimarratzen du ezen EBZk de facto euroguneko herrialdeetarako politika fiskala markatzen duela, zeren bonuak erosiz etorri baita haren laguntza, zorra eta aurrekontu defizitak mozteko baldintzekin. Haren ustez, Txinak erosiko du Greziako zorra: «Txinak euroak erosiko ditu ez besterik. Horixe egiten du Greziako zorra erostean. Horixe da euro sendoago baterako beste indar bat».

Bien bitartean, hala Txinak nola Errusiak dolarra utzi dute (http://moslereconomics.com/2010/12/21/china-frets-about-spreading-eu-debt-woes/). Izan ere, Txinak eta Errusiak ez dute erabili dolarra beren arteko transakzioetan, beren monetak erabili dituzte aldebiko merkataritzarako, beren ekonomiak babesteko.

(Hala ere, ekonomialari amerikarrak dioenez, «garrantzitsua dena da zein monetatan aurrezten duen herrialde batek, ez transakzioetarako numerarioa zein den».)

Beste aldetik, Txinak euroa babestu nahi du bere atzerritar trukeko erreserbekin, gune horretarako beren esportazioak babesteko helburuekin. Euroa sendotzea du helburu Txinak. Dena den, ez dago inolako baliokiderik AEBetako Altxor Publikoko tituluekin. Txinak bere dolarrekin erosiko duena ez dira AEBetako Altxor Publikoko tituluak, edo Fed-eko gordailuak, edo AEBetako gobernuaren obligazio zuzenak (http://moslereconomics.com/2010/12/21/china-frets-about-spreading-eu-debt-woes/). Beraz, euroguneko esportazioak sostengatzeko, eskuragarri diren inbertsioen kreditu arriskua hartu behar du Txinak, zeina beraren inflazio arazoari gehitzen zaion.

Esportatzeko ohiko modeloa barneko eskaria murriztetik dator, politika fiskal estu batekin batera, eta gero esportazio guneko monetaren atzerritar trukeko erosketak egin ohi dira. Euroguneak badauka politika fiskal tinko bat, baina ezin du atzerritar trukeko erosketarik egin; hortaz, politika horrek porrot egiten du moneta igotzen den heinean, puntu bateraino non esportazio netoak ez baitira areagotzen.

Argi dagoena hauxe da: esportazioak sostengatzeko, euroaren balioa (yuan-en parean) babestu nahi dute. Eta, horretarako, euroguneko zor publikoa erosten ari da, baita Espainiakoa ere,Greziako eta Portugalekoa erosi ondoren (http://moslereconomics.com/2011/01/06/china-raises-holdings-of-euro-debt-including-spain). Kontua da Espainiak Txinari hitzeman dio austeritateari eta defizit publikoaren murrizteari eutsiko diela. Eta badakigu horrek zer esan nahi duen, zer dakarren.

Warren-en hitzez (2011ko urtarrilean), «baldin eta gainontzeko munduak euroko aktibo finantzarioak aurrezten baditu, horrek esan nahi du euroguneak beste horrenbeste inportatu behar duela». Hortaz, finantzatzen ote du Txinak EBZ?

Orain Espainia finantzatzen ari dira txinatarrak. EBZ ez da finantzatzen, AEBetako Fed finantzatzen ez den antzera. Esportazioen prozesua honelakoxea da: (a) esportatu nahi duzuneko gunea identifikatu behar duzu, eta (b) haien moneta erosi (versus zurea), bide batez edo bestez, eta beraien aktibo netoak aurreztu, zu «lehiakor» izateko (zure alokairu errealak eta kostuak baxuak mantenduz).

Ondorioz, alde batetik Txinaren inflazioaren kontrako borrokak (http://moslereconomics.com/2011/01/07/chinas-central-bank-says-inflation-a-priority-gold-output-may-be-more-than-340-tons/) eta bestetik eurogunearen solbentziarik ezak, biek, 2011rako eskari agregatua ez dute altxatuko.

Irtenbiderik ez dagoela aldarrikatzen dutenen aurka, argi, garbi eta ozen esan behar da eskari agregatuan dagoela koska, baita politika fiskalean ere. Warrenen hitzak lekuko: «There is no financial crisis so deep that a sufficiently large tax cut or spending increase cannot deal with it (Ez da finantza krisi hain handirik, zergak behar beste murriztuta eta gastua areagotuta ezin konpondu denik)».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.