Joseba Azkarraga Etxagibel.
EHUko irakaslea eta EKOPOLeko ikerlaria

Txilarre bat ekologiarentzat

2024ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Egunkari honetan bertan, 2012an, zera idatzi nuen: «Bide-orri sozio-energetikoak behar du bere Loiola, behar du bere Aiete». Hau da, herri-estrategia behar zen fosilismoaren eta hiper-dependentziaren ziklo historikoa gainditzen hasteko. Premia bizia genuen, oro har, tolesgabe lotzeko zibilizazio-erronka itzelari (energia-klima-bioaniztasuna hirukoari).  

Hamabi urte geroago, oraindik ez dugu ekologiaren bueltan antolatu euskal politika, are gutxiago ekonomia, baina erdigunera ekarri dira funtsezko batzuk. Berriztagarriak, esaterako, dela inspirazio neoliberal, sozialdemokrata edota ekosozialistatik. Eta sortu da zatiketa ekologismo eraldatzailean (ekologismo eraldatzailean sartzen ditut sen poskapitalistako aktore anitz, arlo ezberdinetan: herri mugimenduak, tokiko elkarteak, eragile politiko-instituzionalak, eta akademia). Leize handiegia zabaldu da lagun estrategiko beharko luketenen artean. Elkarri epelak esanez, tarteka.

Eko-pragmatikoek argi laburrak piztu dituzte: berriztagarrien aldeko hautu urgente eta masibo samarra, orain; urrutiko lurraldeak ustiatu beharrean, hemen. Argi luzeek hain irudi (klima) distopikoa erakutsiko ez duten esperantzarekin. Eko-antagonistentzat, ordea, logika hondagarri beraren ezpal dira bai eolikoak gure mendietan nola eguzki plakak gure lurretan.

Gauzak horrela, orain badirudi Txilarre moduko bat behar dela: ikuspegi ekologista ezberdinen arteko solas pausatua, goxoa, ia intimoa. Txikiak ez diren ezberdintasunak aitortuz, konplizitateak lantzeko egina. Epelak jaurti ordez, beheko suaren epelak hauspotua. Txiolariaren iruzkin iraingarririk gabe, otoi.    

Energia trantsizioa ez da auzi erraza, eta arima biak lehian dira herritar askoren baitan ere. Norbere barruko eko-pragmatikoa gal ez dadin logika sistemikoan, tarteka gogorarazi behar diozu arazoa, funtsean, ez dela teknologikoa. Trantsizio energetikoan kontua ez dela soilik kW berdeak sortzea, ezpada energia aprobetxatzea botere-logikak aldatzeko. Eta, azken hamarkadetako molde eko-erreformistaren porrota ikusita, oroitarazi egiozu hurrengoak ziaboga behar lukeela. Esaiozu instituzioak konkistatu behar direla ondo bereiziz alternantzia eta alternatiba. Politika, posible denaren kudeaketa izateaz gain, ustekabeko aukera berriak sortzeko artea dela.

Barruko iraultzaileak ez du ahoan bilorik: ardatz behar ditugu desazkundea eta tokiko ekoizpen (benetan) berriztagarria. Arazoa hasten da hortik marrazten dizunean soilik hormako egutegirako balio lezakeen baserri inguru burujabe zoriontsua. Estanpa bukolikoan nekez baitute lekurik industriatik bizi diren euskal herritar gehienek. Argitu egiozu ekonomia fosilistaren errotiko birmoldatzea ezin dela gaurko sare produktiboaren errotiko likidazioa izan. Ez direla gauza bera (planifikatutako) desazkundea eta hondamendia. Iraultzailearentzat kontua da jendearen sufrimendua arintzea, ez areagotzea.

Sen antikapitalistatik, hain zuzen, errealitate gordinaz mintzo zaigu David Harvey bere azken liburuan: gaur, gure eguneroko bizitzaren birsortzea zeharo lotuta dago kapitalaren zirkulazioarekin. Hau da, Marx eta Bakuninen garaian kapitalismoaren bat-bateko kolapsoa suertatu izan balitz, planetako hanka biko gehienak gai izango ziren sabela betetzeko, tokiko autosufizientziari esker. Gaur ez. Gaur, masiboki huts egingo balu, munduko hanka biko gehienak gosez hilko lirateke. Bitxia da: egun, kapitala aldi berean da bizitzaren suntsitzaile eta gure eguneroko bizitzaren sostengu. Alegia, poskapitalismoa, etortzekotan, ezingo da etorri tupusteko «akontezimendu» garaile gisa, lokatzez beteriko trantsizio konplexu gisa baizik, nahitaez kontraesankorra eta zikina.  

Olatu autoritarioaren izu-zirrarak hotzikaratzen gaituen honetan, bada beste bitxikeria bat. Ekologismo eraldatzailearen bi adierak muturrera eramaten direnean, biak izan litezke, nahi gabe, piztiak behar dituen baldintza material eta subjektiboen sustatzaile. Pragmatikoak, oin harturik baliabideen erauzte kolonial masiboan, arriskua du kapital akumulazioaren aro «berdea» sustatu eta logika hondagarri bera makilatzeko teknologia berriekin. Finean, ekozidioa eta genozidioa. Antagonistak, ordea, sakralizatuz (hemengo) lurraldea eta inpugnatuz eskalatzearen aldeko erreformismo nahitaez lohia, jendartea eraman lezakeelako munstroarentzat bazka paregabea den izura. 

Beraz, bidezidor estua aurretik, labar irristakorrak ezker-eskuin. Jada heldu gara txarraren eta txarragoaren artean erabakitzeko garaira, eta ez dago kontraesanik gabeko hauturik. Normala, bi arimak tenkatzea. Baina, ezberdintasunei garrantzi gramorik ukatu gabe, bada antagonista eta pragmatiko askok parteka dezaketen muina, dela energia kontsumoaren desazkundea, dela formula publiko eta herritarrari bultzada. Oro har, bil daitezke estrategia eraldatzaile plural eta malgura, osagarri eginez komunitate autoeratuak eta politika instituzionalak (eta biek elkar elikatuz).   

Nago arrazoi duela Raul Zelikek: erreforma eta iraultza ez dira kontrajarriak, nahitaez. Ez da Luther King edo Malcolm X. Are, batak bestea behar du. Batetik, erreforma ganorazkoak etorri ohi dira ondoan subjektu antagonista solidoa dutenean. Bestetik, iraultza bihur ez dadin erretorika huts, jantzi behar da trantsizio sistemikorako proposamen zehatz, egingarri eta segurtasun emailez. Biak uztarri berean lotu gabe, erreformismoa sistemaren lifting txatxu bihurtu ohi da; eta iraultza, onenean erreminta defentsibo soil, eta txarrenean, poseari eusteko identitate-oin.

Luxua da lagun estrategikoen artean zabaltzen ari den leizea, ikusita hondamendi globalaren itzeltasuna, nazioarteko ordenaren erortze progresiboa eta, energia aitzakia, euskal herrietan diruzale ugari egiten ari den lurrartze masiboa. Ezberdintasunak aitortuz, bil ditzagun gogo eta energiak baita muin partekatuan ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.