Zoritxarrez, Covite elkarteak euskal kulturarekiko, oroimen demokratikoarekiko eta biktima guztiekiko begirunea galdu du berriz ere @euwikipediak eta Ikusgela proiektuak elkarrekin egin berri duten lana gaitzetsi eta zentsuratu nahi izan duenean; Eusko Jaurlaritza horretan sartuz, gainera, Txillardegiren irudia modu zital, iraingarri eta maltzurrean zikindu nahian.
Aipatutako jarrera iraingarri bezain ezjakinak oihartzun handia, handiegia tamalez, eduki du espainiar medioetan, Vocentoren prentsan bereziki, eta erantzuna merezi duelakoan gaude.
Txillardegi Elkartearen izenean gogoratu nahi dugu @euwikipediak eta Ikusgela proiektuak duela urtebete euskal nobelagintza modernoaz antzerako ekarpena plazaratu zuela non, nola ez?, Txillardegiren erreferentzia ere azaldu egin baitzuten, orduan inolako gaitzespenik jaso gabe. Joan zen urtean deitoratzen ez zena kondenagarri bihurtu da urte honen amaieran? Zergatik?
Txillardegi frankismoaren aurkako militantea izan zen, diktadorea hil ondoren erbestetik itzuli zena eta hainbat legealditan senatari gisa ere hautatu izanikoa. Gainera, atentatu terrorista baten biktima bihurtu zuten, Alcala Hotelean, Josu Muguruza diputatua hil eta Iñaki Esnaola abokatu hautatua ere larri zauritu zituztenean.
Covitek, biktima guztiei begiratzen ez dielako hain zuzen, baztertu egiten ditu gertakari horiek; areago, zokoratu eta ezkutatu egiten ditu ikuspegi lerratu bezain oportunistatik.
Denok dakigunez, ordea, Txillardegik euskal kultura intelektualizatu egin zuen. Horra hor bere funtsezko ekarpena euskal pentsamenduaren mundura. Asko zekien hainbat jakintza arlotan eta, gainera, ikuspegi nahiz informazio haiek guztiak bazekien behar bezala elkar lotzen, eta, une historikoen arabera, proposamenak egiten.
Euskara batuaren aldarrikapena zabaldu zuen 1956an Euskaltzaindiari zuzendutako bere Karta Idigian. Errealitatetik jasotako datuak antolatzeko eredu berriak proposatzen zituen, berezko kulturaren eraldatzaile bihurtuz. Berak gidatutako Baionako «Euskal Idazkaritza» deritzanaren bidez euskara batuaren paradigma berria proposatu zion Koldo Mitxelenari eta, harekin batera, euskarari; benetako iraultza bideratzen lagundu zuen.
Idazle askea izan zen beti. Literatura modernoa euskaraz eman zigun idazle urbanoa eta laikoa. Nazioarteko kultur erreferentzia europar garaikideak euskal nazio zaharrera ekarri zituen abertzalea. Errotik abertzalea izateagatik deitoratzen al dute?
Txillardegik jakintza maite zuen botereen aurrean (eta kontra); horrela, Elsa Sheelen eleberria kaleratu zuenean sekulako kritikak jaso zituen, baina bere hautu literarioa onetsi zuen horiek guztien gainetik arazoen funtsera doan gogamena landuz. Hala hizkuntzalaritzan, dialektologian, fonetikan, soziolinguistan, politikan edota glotopolitikan. Txillardegi zenari asko zor zaio eta haren itzala lausotu nahi bada ere nekez lortuko dute.
Gaurkokeriatik at errotutako pentsaera da Txillardegiren emaria. Sabino Aranak esandakoaren Euzkadi da euzkotarron aberria lelo horri kasu egin beharrean Euskara da euskaldunon aberria birmoldatu zuen, hura borraka politikoaren ardatza kulturan ezarriz; hori al da deitoragarria dena?
Txillardegik bere garaiko politika eta kultura ordenu dena zalantzan jarri zituen, baita beraren borroka ildoak ere. Bere Leturiaren egunkari ezkutua-ren protagonistak, adibidez, mundu honetan norabiderik gabe aurkitzen dira eta aurrera egingo badute, noraezekoa zaie erabaki bat hartzea. Bizitzea behin eta berriro aukera bat egitea baita. Txillardegiren idazkera entsegu idazlearena izan da hastapenetatik amaitzeraino: hizkera malgua, sintetikoa, dibergentea, originala, mintzaira joria, sortzailea eta gogoetarako prest.
Covitek ba al daki hori zer den?
Txillardegiren irudi intelektuala bere ardatzetan kokatu beharra delakoan gaude. Hura izan zen gurean subjektutasun existentzialaren bultzatzailea, J.P. Sartreren bidetik. Zioen kolonizazioari buruz kolonizatua bakarrik mintza daitekeela behar bezalako sakontasunez, betiere haren argudiatzeari jarraituz, kolonizazio kulturala kolonizatzaileek sekula izan ez dezaketen bizi esperientzia delako. Horretan, J.P. Sartre euskarara ekartzeaz gain, A. Memmi, F. Fanon edo L. Senghoren adibideak ekarri zituen gure kulturara hainbat aldizkaritan idatzitako artikuluetan.
Kultur kolonizazioaz idaztea ere debekatu nahi ote dute?
Jose Luis Alvarez Enparantzarena hamaika aurpegi izan dituen pertsonaia da. Ingeniaria ere izan da. Aurreko mendeko hirurogeietan, Belgikan lanean zegoela, munduan zehar hark diseinatutako zubi guztiak bertan behera bota behar al dira orain hark aurretik izan zituen ETArekiko harremanengatik?
Ez, jakina, zubiak beharrezkoak dira beti, baina bistan da Coviteren ekarpenak birrintzaileak izaten direla, eta inoiz ez zubigileak.
Txillardegi Elkartekoak, aldiz eta ohi denez, bera hil zen hamabigarren urteurrenean, urtarrilaren hamalauko eguerdian, Donostiako Antiguako Txillardegi plazan elkartuko gara haren oroimena gogorarazteko. Denak gonbidaturik zaudete.