Oraindik erbestean zegoela Txillardegik (Larresororen ezizenez) Sustrai bila: zenbait euskal korapilo izeneko hizkuntzazko proposamenak argitaratu zituen Herri-Gogoan 1970ean. Testu honek euskal hiztunentzako gramatika baten oinarriak ezarri nahi izan zituen. Honekin, Baionatik Euskaltzaindira, Txillardegiren akuiluz, Euskal Idazkaritza deiturikoak aurkeztutako euskara batua sortzeko aldarrikapena garatu nahi izan zuen. Gerora, ildo beretik, Txillardegik berak Oinarri bila: morfosintasian eta fonologian kaleratu zuen 1977an ikuspegi horretan sakontzeko, eta, ondoren, Euskal Herriko hegoaldean finkaturik zegoela jada, Euskal Gramatika izeneko liburua plazaratu zuen 1978an.
Aipatu Gramatika hura euskaltzale askok gogoan dute/dugu oraindik, urte haietako alfabetatze ahaleginean funtsezkoa izan baitzen. Izan ere, Gramatika hori, batuaren bidean, zalantzak eta hutsuneak argitzeko balio zuelakoan oso erabilia izan zen.
Goian esan bezala, Txillardegik euskal hiztunentzako gramatika baten oinarriak ezarri nahi izan zituen zeren eta, orain harrigarria iruditu arren, irakaskuntzan erabilitako aurreko Gramatika ia guztiak ez ohi ziren euskaradunak euskaraz alfabetatzeko izan, haiei erdara hobeto erakusteko baizik.
Holakotxeak izan ziren, gogora dezagun, Rafael Mikoletaren Modo breve de aprender la lengua vizcaína deritzana (1653), M. Harrieten Gramatica eskuaraz eta franceses (1714) edo Eusqueraren Berri Onac eta ondo escribitceco, ondo iracurteco, ta ondo itzeguiteco erreglac (1761), J. A. Kardaberaz hernaniarrak Iruñean argitaratua. Horiek guztiak, nolabait, gaztelania eta/edo frantsesa euskaldunei irakasteko gramatikak izan ziren.
Pirinioetako iparraldean, J. B. Archu hezkuntza-ikuskatzailearen gramatikak, 1852an argitaratua (Uskara eta Franzes gramatika uskalerrietako haurrentzat eguina), frantses irakaskuntzari buruz honako hau planteatzen zuen:
«Idatzi dugun gramatika elebidun honen helburua da Euskal Herriko irakasleei laguntzea eta hastapenetarako baliabide bat ematea ikasleek frantsesa ezagutu ahal izan dezaten».
A. P. Iturriaga hernaniarrak 1842an argitaratu zuen Diálogos basco-castellanos para las escuelas de primera letras de Guipúzcoa (Gipuzkoako lehen letren eskoletarako euskal-gaztelerazko elkarrizketak) izeneko lanaren sarreran honako hau ohartarazten digu:
«Erromantzea gure gobernuaren hizkuntza izanik, eta lehen letretako maisu-maistrak beren ikasleei irakasteaz arduratzen diren neurrian, batzuei beharrezko eta ezinbesteko bihurtzen zaie gaztelera jakitea eta erabiltzea bai eta guztioi ezagutzea komenigarri izaten zaio baina, zoritzarrez, ez da bitarteko lagungarririk jarri haien irakaskuntza errazteko». Haren Gramatikak, jakina, horretan lagundu nahi zuen.
Halaber, J.M. Eguren hezkuntza-ikuskatzaileak, 1867an argitara eman zuen bere Método práctico para enseñar el castellano en las escuelas vascongadas (Euskal eskoletan gaztelania irakasteko metodo praktikoa) zeinean, argi eta garbi azaltzen duen bere asmoa:
«Ikasleek eskolara joaten hasten direnean ez dute gaztelania ondo ulertzen, eta hizkuntza honetan irakurtzen, idazten eta irakaskuntzako beste arlo guztiak ikasten dutenez, kristau doktrina izan ezik, irakurtzen eta ikasten dutena ez dute ulertzen».
Ildo horretan, modernitate eta berrikuntza pedagogikoaren ikuspegia ekarri zuten B. Estornesen Sabin euskalduna-ren eskuliburuak, López de Mendizabalen Umearen laguna-k eta Irakurtzen ikasteko biderik errezena-k (Martin Txilibitu eta Txomiñ-Ikasle pertsonaia ezagunak eta guzti), haien bizkaierazko eta gipuzkerazko bertsioetan. Erreferentzia didaktiko berri horiek guztiak, jakina, hizkuntza bateratu baten faltagatik eta, era berean, euskaldunak bateratzearen aldeko aukera politikoa alde batera uzteagatik ahulduta geratu ziren, eta, beraz, elebitasunari egindako ekarpena praktiko eta funtsezko faktoreak izan ziren deseuskalduntzen laguntzeko eta hizkuntzen arteko tarte diglosikoan areagotzeko.
Txillardegik, berriz, arretaz aztertu zuen, bere lanean funtsezko kontraesan hori eta hizkuntzaz, politikaz eta, bide batez, kultura nazionalaren bidez, subjektu politiko berri baten azalpena marraztu zigun egitura kolonialak desitxuratzen zuen balizko elebitasunorekatua euskaldunon alde jarri nahian, euskararen normaltzearen alde, alegia.
Izan ere, irakaskuntzari buruzko proposamen garaikideak azpimarraturiko irakaslearen portaerak teknikariaren irudia hobesten badu ere, irakasleriaren gizarte-inplikazioa baztertuz, Txillardegiren adibideak, aldiz, hezkuntza eta hizkuntza intelektualizatu egin zizkigula ez dago dudarik.
Euskal Gramatika ematearekin batera euskaldun guztiak euskaradunago bihurtzeko aukera emateaz gain, euskarazko adierazpenak bergaitzen, euskaldun askeagoak ere bilakatzeko beharrezko tresneria eman zigun Historiak ezarritako subordinazio kulturala gainditu ahal izateko.
Txillardegi zendu zela hamaika urte pasa ondoren gogora dezagun aurreko urtean (X. urteurrenaren karira) jatorri eta diziplina ezberdinetako kulturgileak saiatu zirela Donostiako Udal Liburutegiak haren izena har zezan baina, tamalez, betiko boikot instituzionalarekin egin zutela topo. Hori bai, aski argi geratu zen kultur arloan, behintzat, haren aldeko aitortza nabarmena zela oso eta aipatu bazterkeria sektarioa politikoa zela erabat.
Baina, ez ahaztu, Gramatika bat idazten denean ere, politika ari da egiten...: Mikoletak kalea dauka Bilbon, Kardaberazek eta Iturriagak Hernanin, J.M.Egurenek Arrasaten plaza dauka, López de Mendizabalek ibilbidea Tolosan eta B.Estornesek berak kalea du Donostian, baina Txillardegik non dauka liburutegia?
Txillardegiren Gramatika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu