Txillardegi pianoa jotzen

2014ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Arpa jotzen, horrela esaten zaio norbaiti trufa egiten zaionean baina (zer izango dugu euskaldunok musikarekin?), adarra jotzea ere erabili ohi da.

Halaxe sentitu naiz ni, burlatua eta dantzan jarria alegia, «Txillardegi Udal Liburutegia» aldarrikatzeko urtarrilaren 18an burutu genuen ekitaldia prentsan islatuta (era ezin traketsagoan esan dezadan, bide batez…) ikusi dudanean.

Izan ere, hego Euskal Herrian irakurtzen diren egunkari batzuk guztiz faltsua izan den berria zabaldu dutenean (Donostiako Udala gobernatzen duen Bilduk, gainerako talde politikoen iritziari jaramonik egin gabe, Liburutegiari Txillardegi izena eman diola) aipatu komunikabideek bazekiten, jakin ere, izena aldatzearen ekintza baketsu bezain sinbolikoa «Txillardegi Liburutegia Ekimenak» egin zuela (bai argazkiak baita notiziaren testua bera ere igorri baitzitzaien haiei guztiei), baina Donostiako PSOEk emandako informazio okerra lehenetsi dute gezurra hedatzea hobetsiz, eta, argibideak erakutsi zaizkienean batzuek beren esana zuzendu duten arren (ez denek, ordea…), ez dute onartu nahi izan hanka sartu dutenik.

Informazio okerraren iturburua PSEko Garmendia zinegotzia eman zuten komunikabide haiek. Berarekin elkartu nintzen ni bilerara Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Dekanoa den Xabier Etxague berandu zetorrenez, gure aldarrikapen eta, ildo beretik, «Txillardegi Liburutegia Ekimena»-ren berri emateko. Beraz, nahiko datu bazuen Kultur ekimena dena eta Bilduko udal taldea bereizteko, baina, alferrik, gauzak nahastuz eta haiek behar bezala zabalduz garbia dena lokaztu egiten baita eta horixe bera nahi omen baitu, kasu honetan behintzat, Donostiako PSEk.

«Txillardegi Liburutegia Ekimenak» egindako proposamenak, nonbait, aspalditik izenik ez zuen udal liburutegirako hautagai asko sortarazi ditu. Gurea eztabaidatu aurretik, esaterako, baten batek berriki zendutako Jean Haritxelar izena ematea proposatu zuen (ez nekien Euskaltzainburu izan zena donostiarra zenik…); beste batek, Ramon Labayen izendapena proposatu zuen (PPk, oker ez banago…), baina Labaien, euskaltzale bezain kultur eragile izan arren, ez dut uste liburu asko idatzi zuenik eta, ziur aski, bere izena PPk Txillardegiren aurka erabiltzea ez zukeen berak ere erraz onartuko. Orain, aldiz, UPyDk Gregorio Ordoñezentzat nahi omen du liburutegia (komentariorik gabe).

- «Nik piano katedra bat nahi dut», esan dezake baten batek.

- «Baina, aizu, zuk ez dakizu pianoa jotzen», arrapostu dezake beste batek.

- «Berdin du, ni biktima bat naiz», ihardetsiko dio adarra jo nahi gabe, gainera, ustezko piano jotzaileak.

Herri santu honetan denak balio duela ematen du. Dena zen ETA, eta orain dena da Bildu. Liburutegi bati agrafo baten izendapena eman ahal zaio lan eskerga egin duen baina ETAren fundatzailea izan zen idazleari ez ematearren. Zilegi da, nonbait, ETAren kontua azaltzea beti, edota Bildurena, gauzak ez aldatzearren betiere.

Gure Dekanoaren partez (hark asko estimatzen zuen Txillardegi), Marisol Garmendiarekin hitz egitera joan nintzenean, ETAren aipamena erabiltzen ausartuko ote zen galdetu nion, eta berak ezetz esan zidan. Eskerrak, zeren eta PSOE / Euskadiko Ezkerran zenbat etakide-ohi ote dauden inork ez baitaki. Txillardegi izendapenaren aurka bozkatu zuen EAJko Donostiako udal taldean halakoren bat egon badagoela denok badakigu, ordea.

Baina PSEk ez zuen argudio makur hori erabili Txillardegi izendapenaren kontra bozkatzeko. Beraiek ez zutela udal eraikinik izen propioz izendatu nahi, horixe argudiatu zuen. Hara!, eta PSEk hainbat urtez gobernatu duen Donostian ez al dugu, bada, Ernest Lluch edota Imanol Lartzabal izeneko kultur ekipamendurik? Arpa jo nahian, ala?

Baina haiek «biktimak» izan ziren, esan dezakete…

Eta Txillardegi? Ez al zen tirokatua izan Alcalá hotelean, Madrilen, bere ondoan zeuden Josu Muguruza hil eta Iñaki Esnaola abokatu donostiarra larri zauritu zituztenean?

Noiz adierazi dio Donostiako Udalak batari zein besteari behar bezalako aintzatespenik?

Edo biktimismoaren kontuak batzuentzat bakarrik ote dira erabilgarri?

Txillardegi, besteak beste, sekulako intelektuala izan da, eta Donostiak haren izena aldarrikatu egin behar du ondo baino hobeto merezia duen tamainan. Eta horrela izan ezean, Donostia bera galtzaile. Hari zor zaion tokia ez emateko ez baitago argudiorik, aitzakiak baizik. Joko zikina, azken batean, gezurrez mukuru.

Eta horretaz gain, pianoa jotzen bazekien. Eta ondo, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.