Txillardegi liburutegiaz

2013ko abenduaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostiako liburutegiari Txillardegi izena ematearen aurkako botoa kezkagarria da, eta deabru zaharrak arrapiztu nahi dituela badirudi. Oposizioko alderdi espainolistek, naski, euren ezetza eman dute, Txillardegi ETAko eraikitzaile historikoetatik bat zelakoan. Baina harrigarria da oraingoan PSE kontra izatea, Udaletxeko Domina emateko, dakidanez behintzat, ados zegoela oharturik, Txilladegiren baitan gizon politikoa baino, kultur gizona gehiago kontutan hartzen baitzuten. Askoz harrigarriagoa da EAJren ezetza, zeren alderdi honek, abertzale izanik, euskal kulturaren alde hainbeste egin zuen gizon batek ohorezko toki bat sortu zen Donostia horretan ukan zezan ahalegindu beharko baitzuen. Bi iturburu politiko ukan ditzake EAJren jarrera horrek: ETA 1959 urtean EAJren barneko disidentzia batetik sortu izana, edo gaur alderdi espainolistek egiten dituzten presioen eraginda. Dena den, Txillardegi hurbiletik ezagutu duten guztiek ohartu ziren mota guztietako abertzaleekin oinarrietan ados zegoela. Belaunaldi askotako militanteekiko harreman onak bazituen, puntu batzuetan oso osoki ados ez izan arren. Denboraldi batean irakasletzat ukan nuen ber, ohartu nintzen hark zuen euskal nazioari buruzko ikuspuntua hizkuntzari zegokiola, eta ez ikurren gurpenari, ezta ere euskararik gabeko sasi abertzaletasunari. «Euzkotarren aitzakia harkiaren jarrera iruditzen zaidak», esaten zuen. Euskarari buruz egin zuen lan mardula aipagarria da, dudarik gabe: euskara batuaren oinarriak askorekin lan eginez landatu zituen bere liburuetan (Sustrai bila; Euskara batua zertan den; eta abar.). Jon Mirande zuberotarrarekin batera euskarazko prosa modernoa landatu zuen (hala nola, Elsa Scheelen eta Peru Leartzako). Euskarazko saiakera lanari hasiera on bat eman zion Huntaz eta hartaz liburutxoa idatzi zuelarik (Goiztiri, 1967an). Euskarazko prentsan idatzi zuenaren arabera, erdaraz bezain trebe euskaraz idatzi zuen herriko eta nazioarteko gaien inguruan. Jon Miranderi aitzi ez zen bakarti intelektuala, berak askotan azaltzen zuen legez, «herri gizona» baitzen.

ETA lau adarretako oldar abertzalea eraikitzean parte hartu ondoren, hortik atera zen 1967 urtean erakundeak hartu zuen jarrera marxista leninistarengatik. Ezker abertzaleko militante askorentzat nahiko arraroa zen marxismoa eta leninismoaren aurkako jarrera hori. Nire ustez, Francois Fontan okzitaniar hertzaleak idatzi zuen bezala, Marx eta Leninek alienaturik zeuden nazioen borroka teorian bakarrik kontutan hartzen zutela, baina praktikan jokaera inperialistari ekiten ziotela salatzen zuen Txillardegik. Euskal Herriaren nazio borroka eta existentzia lurraldetasunean, historian eta hizkuntzan oinarritzen zituen, hain zuzen ere; Gerla Karlistetan euskaldunek Karlisten alde jartzea abertzaletasun inkontziente baten azalpena baino ez zitzaion.

Frankismoaren denboretan, baita ondoren ere, ETA «kanpotik zuzenduriko» matxinadakeria baino ez zen, Espainia deserokatzeko komunismoak edo Ameriketako Estatu Batuek antolatuta. Azken hamar urteetan, aldiz, euskara eta Euskal Herriaren aldeko ekintza edo erakunde gehienak ETArekiko lotura bat duelakoan, zapalkuntza badator. ETAk adar militarraz gainera, gizarte, politika eta kultura sailak bazituela ez dute agintariek onartu nahi. ETAren indarkeriarekin dena lotu nahi dutela gero eta nabarmenago da, zoritxarrez. 1963 urtean Frantziako agintariek Txillardegi kanporatu zutelarik, ETAren borroka armatua ez zen hasi. Hegoaldera itzuli zenean, 1977 urtean bide politikan sartu zen, nazio eraikuntzari loturik. Joan den mendeko azken hamarkadan guduka armatua onartzen ez zuen Amaiur alderdiaren antolakuntzan aritu zen. Gizon biolentoa izana beraz, ezin diezaiokete leporatu abertzaleek, euskalzaleek, ezta ere ez-abertzaleek. Arestian aipaturiko hiru alderdi horiek beraz, hartutako jarrera berrikusi beharko lukete eta Donostiako Liburutegiari Txillardegi edo Larresoro izena eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.