Txillardegi, ezinbestekoa

2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Bakarrik nago Zerubiden. Baina ez nitaz urrikal, nahita etorri naiz-eta bakarrik egotera. Eta bai pozik alegia!». Leturiaren Egunkari ezkutua-ren lehen lerroak dira hauek, hamazazpiurte inguru izango nituen irakurri nituenean. Eragin handia sortu zuen liburuak nigan eta oraindik gogoan dut Juan Gartzia nire irakasleak zuzendutako olerki batzuetan idatzitako esaldia: oso leturianoa! Ziur naiz hau ez dela sentimendu pertsonala, herri honetan asko baitira Txillardegiren liburuekin gozatu dutenak.

Urte horietan ere hasi ginen lagunak lehen manifestazioetara joaten etaTxillardegi bera ETA erakundearen sortzaileetariko bat izan zela ere garai horretan jakin izango genuen. Gure adinekoek ez genuen frankismoa bizi, edo behintzat haurtzaroan ez ginen horretaz jabetu. Baina gerora kontatu zigutenHerri honek bizi zuen tunel beltz eta luzearen erdian argi izpi bat sortu zutenen artean zegoela Txillardegi bera.Beste batzuekin batera herri ikuspegi bat sortu zutela, herri txiki honetatik mundua begiztatzeko paradigma bat. Zapalkuntza beltzenetik hasita ere, borrokan oinarritutako bidea zena, independentzia eta sozialismoa helburu, nazio eraikuntza egunez egun egiten dela azpimarratzen duena eta herri oso bat eraikitzeko, eraldatzeko, bakoitzak bere bizitzan eta esparruan eragin behar duela etorkizunera itxoin gabe.

Txillardegik hautatutakobideak erbestera eramanzuen,baita bere familia ere. Urte gogorrak izango ziren eurentzat, asko maite zuten herria atzean utzi eta agian Leturian agertzen den bezala Euskal Herriko mapari begira: «Astiro, samurki, maitekiro ere miatu ditut mapako zirrimarrak eta xehetasun guztiak. Mapa hotz batek halako ugaritasuna gorde lezakeenik ezin pentsa nezakeen gaur baino lehenago, eta maitasuna senditu ez duenak ezin konpreni dezake.»

Bide luze horretan ez zion idazteari utzi, bai literatura alorrean zeineuskararen inguruan: gramatika, fonetika eta, nola ez, ezagunena egin zen soziolinguistikaren inguruan. Idaztea ordea ez zen nahiko. Jardun egin behar zuen. Euskal Herriaren alde eta euskaldun egiten gaituenaren euskararen alde.

Euskal Herrira itzulita jada, Herri Batasunaren sortze prozesuan parte hartu zuen Altsasuko Mahaian bertan egon zelarik eta ondoren EHEko sortzaileetako bat ere izan zen. Leturiaren Egunkaria Ezkutua irakurri nuen urte horren bueltan hasi nintzen nire lagunekin batera EHEn militatzen eta bertan Joseba Alvarez ezagutzeko aukera izan nuen lehenik, eta nola ez, bere aita ondoren. Gazteak ginen oso, eta miresten genuen Txillardegi parez pare ikusteakinpresionatzen gintuen.

Gerora sarritan topatu eta hitz egiteko aukera izan dut; inoiz ez nahiko nukeen denborarekin eta noski halako aukera suposatu lezakeen sakontasunarekin. Zenbat bizipen eta zenbat jakintza entzuteke!

Ni neu ere Herri Batasunan sartu nintzen, honetan ere Josebarengatik! , eta bide luzea konpartitu dugu elkarrekin. Txillarrek gora behera handiak izan dituela hurbiletik jakin eta ikusi izan dut. Gogoan dut Joseba beste mahaikideekin batera sartu zutenean Bulebarrean harekin topo egin nuela; somatu zitekeen tristura. Gogoan dut Lizarra Garazi iritsi eta erakusten zuen poztasuna eta aurrera begirako konfiantza. Amaitu zen prozesu hura eta Leturiari bezala udaberriko alaitasuna ere amaituzitzaion. Negua ere iritsia zela entzun izan diot, edo bederen bere itxaropena hutsaren hurrenazela. Ez nau harritzen, Loiolako prozesua ere amaitu eta Josebak berriz kartzelan bukatu baitzuen. Han ere bat egin genuen Josebak eta biok. Hilabete luzez egon ginen Salamancan. Dispertsioak hiltzen duela diogu askotan, eta hala da, baina hil gabe ere dispertsioak bihotzak urratzen ditu, denbora horretan Txillardegik, bere osasun arazoak zirela eta, ezin izan baitzuen Josebabehin ere ikusi.

Baina Txillardegiren gora-beherak gutako bakoitzaren gora-beheraren isla besterik ez dira, gure herriaren maldak eta bihurguneak. Gure herriaren askatasun prozesu malkartsua ez da erraza. Badago tartea udaberrirako, izan da tartea udarako, baina udazkenak ere pasatu ditugu eta negu gorriak ere bai. Horiek Leturiaren lau urtaroak. Eta beti ezin da berdina eskaini, beti ezin da irribartsu egon, triste sentitzeko eskubidea dugu, baita kritiko izateko ere! Garrantzitsuena ordea urtaro horiek duintasunez eta konpromisoz betetzea da, eta horretan Txillardegi maisu izan dugu.

Bertold Bretch-ek omen zioen bizitza guztian borrokatzen direnak direla ezinbestekoak. Txillarren kasuan bizitzako urte guztiaz gain, urtaro guztietan lan eta borroka egin behar dela erakutsi digu.

Jakin badakit itxaropen osoz egongo zela Euskal Herrian ireki den agertoki berriaren aurrean, indarrak biltzeko egin den saiakeraren aurrean, bere Donostiako alkatearen lehen hitzak bertsotan entzutean, berriro ere denok udaberrian sartzen ari garela ikusi eta sentitzerakoan.

Pozez bizitzen ari garen udaberri horren erdian, Txillarren heriotzak bihotz alaiak astindu dizkigu. Letuariaren azken hitzekin bukatu beharko dutberaz: «Eta, bat-batean, zirrara, eta ni beldur: hots, hots… bizion oñok… Nire aurrean, bare urdin, argitsu, zabal, itsasoa… Betiereko itsaso baztergabea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.