Aspaldi ez dela, marxismoa modan egon zen gurean, bai teoria bezala eta bai politika bezala. Arazo ideologikoa ez ezik, arazo politikoa ere bazen euskal ezkerrarentzat. Eztabaida eta liskar biziak izan ziren marxismoaren eta nazio arazoaren inguruan, eta hamaika tentsio eta zatiketa eragin zuten. Rikardo Arregik ohartarazi zuen bezala, euskaltzaletasunaren eta sozialismoaren artean, adiskidetasuna egon beharrean, borroka isila —eta are etsaigoa— egon zen.
Txillardegik ezkertiartzat zeukan bere burua, baina inola ere ez marxistatzat. Alde batetik, nolabaiteko estimua zion Marxi. «Gizon aparta eta jakintsu ikaragarria» zela zioen. Marxen ekarpenaren zati bat zientzi ekarpentzat zeukan:«Marxi aldez aurretik eta entzun ere gabe uko egitea, denbora galtzea da; Einstein, Freud edo Saussure-ri osotara uko egitea denbora galtzea den bezalatsu.» Materialismo historikoaren ideia nagusiak ontzat ematen zituen.
Baina, bestetik, alderdi arriskutsu ugari sumatzen zizkion Marxi: eskatologia nabarmena, eskolastika gorria, nazioaren kontrako joera… Beldurra zien «marxismoa bezalako pentsamolde totalitarioei.» Hala, sarritan aipatu ohi zuen bere Bertrand Russell miretsiaren Boltxebismoaren praktika eta teoria, komunismoaren izaera totalitarioa azpimarratzen duen saio lana.
Joxean Agirrerekin izandako solasaldian adierazi zionez, ez zuen inoiz «Marxen zorabioa» ezagutu, Rikardo Arregik bezala. «Marx eta Engelsen testu gehienak aspergarri egin zitzaizkidan», aitortu zuen. Kapitalismoa suntsitzeko premia onartzen zuen («berez gaiztoa eta onartezina baita»). Horregatik, begi onez ikusi zuen sozialismo autogestionarioa, baina biziki gorrotatu zuen komunismo totalitarioa. («Marx ezkertiarra izan zen; baina Errusiako gaurko komunixtarik gehienak kontserbadore hutsak dira», dio Huntaz eta Hartaz-en). Estalinismoa zuen beti gogoan.
Gogora ekartzea merezi du Txillardegik eta Rikardo Arregik elkarrekin izan zuten eztabaida famatua. 1967ko artikulu batean, «Sozialismoa modan dago» idatzi zuen andoaindarrak Jakin aldizkarian. R. Arregik lau postura antzematen zituen euskal belaunaldi berrian, eta horien artean «marxismoarekiko idikia» jotzen zuen jatorrena. Berak zioenez, «Herri bakoitzak sozialismorako bere bide egokia izatea derrigorrezkoa da, baina naziotasuna klasearen batasunetik kanpo pentsatzea sozialista joera batean iñola ere onartu ezin ditekeana da.»Nazioa, politika sozialista batean, ezin daiteke klase sozialen gainetik jarri.
Azkar asko erantzun zion Txillardegik, luze eta zakar antzean, «Marxismoa modan egon zen» esanez.Marxismoa, «bete-betean XIX. mendeko asmakaria denez,» ezin da gauza berritzat hartu. Marxismoak nabarmenki huts egin du: «Agindu zituen aldakuntza miragarriak gertatu ez diralako; eta, horien ordez, eta marxismoa beti gidari eta nagusi, belzkeria eta hilkintza ikaragarriak gertatu diralako 1917tik.» R. Arregik ez bezala, nazioa jartzen zuen klase sozialen gainetik.
Ez zuen euskaltasuna eta marxismoa ezkondu beharrik ikusten, hortaz. Horrela, V. Biltzarrean marxismo-leninismoa onartu zenean, ETAtik irtetea erabaki zuen Txillardegik. Uste zuen frankismoak berak eragin zuela komunismoa gurean, «abertzaletasuna hozteko eta ahazteko.» Ezker abertzalean ere marxismo-leninismoa nagusitu zelakoan zegoen.
Laburki esanda, monista, determinista, dogmatikoa, totalitarioa, arkaikoa eta utopikoa iruditzen zitzaion marxismoa (jakina, inolako bereizketarik ez Marx gaztearen eta helduaren artean). Baina egia ote da hori guztia?
Orain dela gutxi emanda argitara gazteleraz Terry Eagleton ingeles intelektual ezagunarenWhyMarx Was Rightliburu bikaina (Por qué Marx tenía razón, Península, 2011). Kulturaren eta literaturaren kritiko ospetsuak ez du Marxenganako mirespena ezkutatzen: gogoko du bai pentsalari bezala eta bai pertsona bezala. Baina ez da dogmatikoa, hutsegiteak ere onartzen dituen marxista irekia baizik.
Zein da marxismoaren ezaugarri berezia? Iraultza? Klase sozialak? Klase borroka? Bistan da ezetz. Marx baino lehenagoko ideiak baitira. Eagletonen ustez, klase borrokaren eta produkzio moduaren arteko loturak bereizten du marxismoa. Historiaren teoria berezi bat dela esan daiteke. Marxek «Historia kontinentea» aurkitu zuen (Althusser dixit).
T. Eagletonek zehatz-mehatz aztertzen ditu Marxi egin zaizkion hainbat objekzio. Modu argi eta atseginean, banan-banan ezeztatzen ditu alemaniar filosofoaren pentsamenduari buruzko iritzi okerrak. Gezurtatu egiten ditu Txillardegirenak bezalako salaketak. Marxen defentsa egiten du, marxismoaren hutsegiteen kontra. Marxismoaren izenean egindako krimen guztien erantzukizuna ez zaio Kapitala-ren egileari egotzi behar.
Marxek, Londonen erbesteratua, bertatik ezagutu zituen Cityko finantza izualdiak 1857an, 1866an eta 1873an. Gaur bezalaxe, orduan ere «merkatuek» hankaz gora jarri zuten mundua. Berlingo harresia erori ondoren, marxismoa hiltzat jo zuten gehienek. Geroztik, liberalismoaren garaipenak ezin dudatuzkoa zirudien. «Historiarenamaieraz» mintzatu zen F. Fukuyama. Harik eta ekonomiaren krisiak eztanda egin eta Marxen mamua berpiztu duen arte. Marx bueltan da berriro.
Marx egiaz ezagutu nahi izanez gero, T. Eagletonen liburu argigarria arretaz irakurtzea komeni zaigu. Treveristarra oker interpretatua izan da askotan, eta haren ideiak desitxuratu egin dituzte alde batekoek zein bestekoek. Marx «berrirakurri»egin behar da, berriro iturrira joanez. Horrela konturatuko gara Txillardegi oker zegoela Marxi buruzko iritzi batzuetan.
Txillardegi eta marxismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu