Kike Amonarriz
Soziolinguista

Txillardegi eta Jose Luis gogoan

2024ko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Atsegin handiz jaso dut, Txillardegiri, bere heriotzaren urtemugaren karietara, urtarrilaren 14an eta Antiguan, urtero legez, bere izena eman nahi zaion plazan eskainiko zaion omenaldian parte hartzeko gonbidapena. Asko idatzi eta esan da Txillardegiri buruz. Ez noa ezer berririk esatera, baina abagune hau une egokia iruditu zait, nire bizitzan izan duen eraginaz eta utzitako arrastoaz memoria-ariketa egin eta hausnartzeko.

Ez dakit noiz entzun edo irakurri nuen lehen aldiz Txillardegi izena, baina EUTGra (gaur egungo Donostiako Deustuko unibertsitatea), Euskal Filologia karrera ikastera, iritsi nintzenerako oso pertsona ezaguna zitzaigun. Erreferentea zen ordurako euskalgintzan, kulturgintzan eta politikan. Eta bat-batean, pertsona erdi mitiko hura gure aurrean geneukan. Irakasle izan genituenen artean interesgarrienetakoa eta gertukoenetakoa egin zitzaigun Jose Luis. Haren jakintza oparoaren eta bizipen ugariren adibide garbia ziren klase haiek, eta karrera hura euskararen aldeko militantziaren barnean ulertzen genuen ikasle gazteok txundituta entzuten genituen maisuaren azalpen, istorio eta kontakizunak. Irakasle erakargarria bezain katramilatua zen, ordea, Jose Luis. Arbela bete azalpen, hitz, adibide eta erreferentzia amaitzen zituen eskolak, ibilbide bat osatuz klase bakoitzean, baina gidoi bati lotu gabe. Gogoan dut behin, erabat betea zuela, arbelari begira jarri eta segundo tarte bat isilik igaro ondoren, nola biratu zen gugana eta galdetu: «Non hasi naiz?».

Handik gutxira, EHEren inguruan kointziditu genuen. Tolosaldea Berreuskalduntzeko Elkartea osatua genuen herrian, eta maila nazionalean EHEn koordinatzen ginen. Txillardegi irmoa eta sendoa zen ideietan, konbikzioetan eta ekintzetan, eta neurri berean zen adeitsua, umoretsua eta xaloa harreman pertsonaletan Jose Luis. Ordura arte politikan eta beste esparruetan egin zuen bezala uztartzen zituen hausnarketa teorikoa eta praktika euskalgintzan, beti lehen lerroan jartzeko eta aurpegia emateko prest. Asko ikasi genuen berarengandik. Pertsona konplexua eta erpin ugaritakoa izan zen Txillardegi, maila pertsonalean, politikoan nahiz intelektualean. Kritikoa oso, baita partaide zen mugimendu eta erakundeekiko ere, eta deserosoa hainbatetan, edo gehienetan. Aberatsa ñabarduretan. Hausnarketa zintzoek eta pentsamendu heterodoxoak, maiz, jarrera urratzaile eta erabaki zailetara eraman zuten, guztiok dakigun bezala. Eta bizitza korapilatsu hori bere biografiaren atal batera murrizteko batzuen ahalegin hutsal bezain mingarriak ez dio batere onik egiten, elkarbizitzaren oinarri beharko lukeen gure historia gertu konplexuaren irakurketari.

Jose Luisek harreman eta konplizitate-sare zabala zuen. Haren adibide xume bat kontatuko dizuet. 80ko hamarkadaren hasieran, EHEk Euskal Telebista euskaraz izan zedin kanpaina bat jarri zuen martxan, besteak beste, Antton Olariagak diseinaturiko zuri-beltzeko kartel batzuen bidez. Gure eskakizunak biltzen zituen gutun bat entregatzea egokitu zitzaidan orduko kultura kontseilari Ramon Labaieni, eta hark esan zigun kanpaina indartsuagoa behar zuela kontrako indarrei aurre egin ahal izateko, eta Txillardegiri esateko kartel handiagoak eta koloretsuagoak ateratzeko dirua emateko prest zegoela. Txillardegiri aipatu genion, eta dirua, ez dakit nondik, baina nondibait iritsi zen, hurrengo hilabeteetan kartel ikusgarriagoekin eman baitzitzaion jarraipena kanpainari.

Txillardegik euskal hizkuntzalaritzari, kulturari eta soziolinguistikari egindako ekarpena sekulakoa izan da, euskara batuaren sorreratik beretik hasita, soziolinguistika matematikoaren eremuan egindako lanketaraino. Gogoan dut Konstituzio onartu berriak estatuko hizkuntza gutxituei zekarkien menpekotasuna salatzeko Iruñean 1983an egindako bilkuran ere, Txepetx, Aracil, Iñaki Larrañaga eta beste hainbatekin batera. Eta EKBn, BAT Soziolinguistika aldizkarian edo Soziolinguistika Klusterrean... Kointziditu genuen azken agerraldi publikoetakoak izan ziren,  Aralar alderdi sortu berriaren aurkezpen bat, udal eta foru hauteskundeetako zerrendetako kide gisa, eta Soziolinguistikako Klusterrak euskararen kaleko erabileraren inguruan antolatutako mahai-inguru bat.

Txillardegiren ekarpena garrantzitsua izan da nire ibilbide pertsonalean, eta nirean bezala, gure belaunaldiko pertsona askorenean. Ados egon (askotan), ala ez (askotan), haren ekarpenak beti ziren erreferentzia eta hausnarketarako akuilu: literaturako liburuak izan, politikari buruzko artikuluak, hizkuntzari buruzko ikerketak... Hain da zabala eta emankorra haren ekoizpena! Euskara lantzen hasi ginenean gau-mahaiko liburu ziren Euskara batua zertan den edo Oinarri bila ederki usatutako haiek; irakurri genituen lehen eleberri modernoen artean zeuden berak idatzitakoak, eta, han eta hemen politikaz, hizkuntzalaritzaz edo soziolinguistikaz idatzitako artikulu eta liburu ugariek zer pentsa eman ziguten, eta zeregin ugari utzi.

Horregatik, Txillardegirekiko nire esker ona adierazi nahi dut berriro publikoki. Uste dut herri honek ongi kitatu gabeko zorra duela oraindik berarekiko, eta ona litzatekeela aitortza agerikoago bat, bizikidetzaren eta zauriak ixtearen alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.