Txikizio soziala ez dugu asmatu

2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Aitor Esteban jeltzaleak esan duenez, greba orokorra deitu genuenok beste mundu batean bizi gara. A zer astakeria! Esteban jauna, hasteko kontu bat argi utzi nahi dugu: boterearen tutelapean ez dauden erakundeak existitzea normaltasun demokratikoaren ezaugarri gisa hartu beharko litzateke. Baina ez da hala izaten. Gobernuek ez dute esparru sindikal eta sozialetik datorren kritikarik onartzen; alabantzak, aitzitik, gustura hartzen dituzte. Hau ez da soilik defizit demokratiko bat; are larriagoa da, Eusko Jaurlaritzak saihestu egin nahi baitu, erabakitzen dituen formulak medio, kargu hartzen dioten erakundeen ordezkaritza legitimoa. Boterearen eta banakoen artean ez dute errealitate kolektiborik ikusi nahi, traba egiten baitie. Horixe da beren pentsamoldea. Seguruenik Esteban jauna ez dator bat gure iritziarekin, «esaneko diren gobernu eta politikariak» dioen horrekin, litekeena baita bera eroso egotea oreka sozial guztiak apurtzen.

Ikusten duguna asmatu egin ote dugu? Eta politikak kapitalarekiko menpeko rola ez ote du onartzen?

Begira diezaiegun erabakiei: Lege laboralen eta negoziazio kolektiboaren erreformak soldatak jaiste aldera (Zapaterok gehiengoa ez zeukanez EAJren botoa beharrezkoa zenean erreformak jeltzaleei esker atera ziren aurrera); historian izan diren aurrekonturik antisozialenak, Madrilek ezartzen duen «gastu-sabaia» onartzearen ondorioz eta krisiko bost urteotan baztertu egin delako EAJk lideratu, bozkatu eta gauzatu duen fiskalitatea aldatzeko aukera; pentsioen sistemako bi erreforma (2011ko urtarrilean eta 2013ko martxoan)…

Oraindik ez dugu dena ikusi, ordea. Bruselak defizita handitzeko aukera emango du (Rajoyk erabakiko du zertarako baliatzen duen eta zein neurritan, Estatuko eta autonomia erkidegoetako aurrekontuetan edo Gizarte Segurantzan), baina larrutik ordaintzekotan: pentsioen beste erreforma lazgarri bat; beste erreforma laboral bat, prestazioetarako eskubiderik ematen ez duten «minijob» direlakoak hedatzeko (bide batez negoziazio kolektiboa zulatzen delarik); langabezia-prestazioen beste murrizketa bat; Administrazioaren erreforma, negozio pribatuentzako esparrua zabaltzearren... Horrela, etenik gabe.

Egoera honetan, Hego Euskal Herrian 230.000tik gora herritar lanik gabe dago, langabezia tasa (%17,7) Europako batez besteko maila baino 7 puntu gorago, eta agintariek beren murrizte politikari eusten diote, errezesioa eta langabezia areagotuz. Langabeen etorkizunak ez die bat ere axola. Bankuek, berriz, beste 80.000 milioi euro behar omen dituzte. Haatik, bitartean ez da krediturik ematen. Ekonomia erreala itota dago.

Jar gaitezen atzera begira. PPk, PSOEk, EAJk, CiUk, UPNk… 2005ean kapitalarentzat egindako Europar Itunaren alde egin zuten. Itunaren aurka geundenok ez omen ginen «modernoak». Gaur Ituna elite ultraliberalek aplikatzen dute; hauteskunde demokratikoetan aukeratu ez dituzten elite horien misioa gobernuak kateatzea da, Europan zehar politika neoliberal berdinak ezarri eta indarrean zen eredu soziala suntsi dezaten. Politika egiteko tresnarik gabe geratzearekin konforme zeuden, bitartean Estatuak eta hauen zor publikoa espekulaziorako gai bihurtzen zirelarik. Espekulatzen ari direnek kobratze aldera murrizketak bata bestearen atzetik egiten dituzte. Troika da nagusi, eta honek demokratikotik ez dauka ezer. Estatua bere agindupean dago. Jaurlaritzak, berriz, bi ugazaba ditu: Troika eta Madril. Ez dago inongo bilateralitaterik EAEren eta Madrilen artean. Espainiaren mamia gaur neozentralismo gordina da.

Eusko Jaurlaritzak oinarri horiek onartuta, ez dago akordio handietarako aukerarik. ELAk hainbat bilera egin du gobernuko ordezkariekin; hauen asmoa akordioren bat lortzea zen, eta Elkarrizketa Sozialeko Mahaira gonbidatu gintuzten. Azaldu genien elkarrizketa sozialik ez dagoela; izan ere, gure intereseko gaiak mahai horietatik kanpo erabakitzen dira, gobernuen eta patronalaren artean.

Confebaskekin Lanbidearteko Akordio batean sartzea proposatu ziguten. ELAk azaldu zuen soldatak murrizten badira (hori da erreformen xedea) are enplegu gehiago suntsituko dela; krisiaren irtenbide gisa soldaten debaluazioa bultzatzea ideologia hutsa dela, eta gainera, balizko akordio horrekin ez litzatekeela saihestuko enpresetan soldatak murriztea. Esan genien ere Rajoy beste erreforma bat prestatzen ari dela. Nor ausartuko da patronalarekin akordio bat sinatzera, gobernua lege bidez opari gehiago egitekotan denean? Nork ez daki hurrengo erreformaren helburua milaka pertsonak LAGS edo hitzarmen kolektiboetan jasotako kopuruen azpitik lan egitea dela?

Fakturei dagokienez, gobernuak zirriborro bat egin du Hitzarmenen Inaplikazioetarako Batzorde bat eratzeko: Madrilen araututa dagoena «kopiatu eta itsatsi» besterik ez du egin, eta inkonstituzional izan daitekeen gai batean ez zaio inongo eragozpenik jartzen enpresarioaren borondate unilateralari, hitzarmena aplikatu nahi ez duenean.

Gainera, Aburto sailburua penatuta agertu da ezinezkoa delako ultraaktibitateari buruz Madrilen itxi den akordioaren antzekorik egitea; han UGTk eta CCOOek CEOErekin sinatu dute. Akordio hori asko goraipatu da, baina edukiari ez zaio begiratu, patronalaren esku uzten baitu ultraaktibitatea luzatzea edota hala ez egitea. Horretarako ez zegoen inongo akordioren beharrik.

Esteban jauna; politika honekin… topagunerik ba ote daukagu gobernu eta patronalekiko? Gobernuek beren politikak babestea nahi dute, eta gu ez gaude horretarako prest. Erkorekak eta Aburtok argi esan dute: «Greba orokorraren biharamunean ezer ez da aldatuko». Beste ezer esan behar al da ulertzeko gobernuak ez duela aplikatzen dituen politikak aldatzeko asmorik? Zer aldatzen da gobernuek hartutako erabakien biharamunean? Egoera okerrera doala, langabezia eta txirotasuna gehitzen direla, eta eskubideak galdu. Maiatzaren 30eko mitinean esan genuen «gaur demokrazia kalean islatzen da, parlamentuetan baino areago; alderdi horiek subirania diru gutiziak mugitutako kapitalaren esku utzi dute, eta zuhur jokatzen ez badute, eurenak ere egingo du».

Beharbada ez duzu ulertuko, Esteban jauna. Esparru bat indartzeko lanean ari gara, eta esparru horrek kolektiboa denaren, justiziaren eta elkartasunaren alde egiten du; beste politika bat galdatzen du. Gure ustez, horixe baita galtzen dutenen, gero eta talde handiago honen, interesak eta nahiak ordezkatzeko modurik egokiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.