Enpresa Antolaketen Zuzendaritzan lizentziaduna

Txikitasunean handi... handitasunean txiki?

2025eko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

2023ko otsailean irakurri nuen berria prentsan, eta triste geratu nintzen, ezustean harrapatu eta zer pentsatua eman baitzidan. Azpeitiko Jostaldi Kirolak Erdikaleko denda itxi egingo zuten, 48 urteko ibilbidearen ondoren.

Denboran atzera bidaiarazi zidan horrek. Makina bat aldiz bertan izandakoa bainintzen amamarekin, kiroletako eta kaleko arropa erosten. Amamarekin Azpeitira joan, Jostaldin erosketa egin, Xiriakoneko kafetegian zerbait hartu elkarrekin tertulia goxoan, eta munduko mutil zoriontsuena bueltatzen nintzen... Pena handia eman zidan, ondorioz, aipatu berriak, eta malkoren bat ere isurarazi zidan, hainbesteko oroitzapen ederren eta nostalgiaren erdian...

Hain justu hilabete bat lehenago, 2023ko urtarrilaren hasieran, egon nintzen aspaldiko partez Jostaldi dendan. Eta kasualitate polita izan zen kalean, justu dendaren parean, jada jubilatuta zegoen bertako jabearekin topo egitea. Urte asko generamatzan elkar ikusi gabe, baina betiko irribarrearekin egin zidan kasu. Prentsako iritzi artikuluen bidez izan zuela nire berri esan zidan, eta asko hunkitu ninduen esaldi bat oparitu zidan: «Urte asko egin ditut dendan lanean, baina oso pertsona gutxi ikusi ditut zu amamarekin sartzen zinenean bezain pozik». Une polita izan zen. Amama 2017 amaieran joan zitzaigula aipatu nion, eta jarraian jolasean eta korrika zebiltzan bi seme-alabak aurkeztu nizkion. «Bizitzak aurrera jarraitzen du. Eta bi hauekin ez zara aspertuko, ez!», aipatu zidan. Besarkada bat emanaz agurtu genuen elkar.

Gero eta garai, egoera, zailagoak dira egungoak denda txikientzat. Ez da nire iritzi bat, datuek oso argi (eta gordin) erakusten duten errealitate bat baizik: azken hamarkadan, txikizkako saltokien herena, hirutik bat, galdu da. 2018-2021 artean, Gipuzkoan bakarrik denda txikien kopurua 817 txikiagotu zen. 2013-2023 artean, EAEn 5.658 denda txiki galdu ziren. Gero eta komertzio txiki gehiago ari dira pertsiana jaisten. Eta irekitzen diren berriak askoz gutxiago dira. Gure kaleetan erraz antzeman daiteke hori. Globalizazio ekonomiko ankerraren albo-kalteetako (beste) bat: gero eta denda txiki gutxiago; gero eta merkatalgo zentro gehiago eta handiagoak. Getarian bertan, adibidez, gu txikiak ginenean, askoz aukera gehiago zeuden: tela dendak, drogeriak, mertzeriak, etxetresna elektrikoen dendak, zapatariak, burdindegiak, jostailu dendak, kirol dendak, aseguru-etxeak... Bai, horiek denak Getarian bertan, kanpora mugitu beharrik gabe. Baina, eta gaur egun?

Txikizkako denden jaitsiera hori azaltzen duten hainbat faktore azaltzen dituzte adituek: Internet bidezko plataformak eta erosketak; merkatalgo zentro handien zabalkundea eta gure aisialdi ereduaren aldaketa; negozioarekin jarraitzeko errelebo eta ordezkapen falta; alokairu, argindar edota lehengaien garestitzea.

Izan ere, gaur egun, lehen irudikatu ere ezin genitzakeen erraztasun handiak ematen ditu Internetek, eta horrek asko (gehiegi) aldatu ditu gure ohiturak, sarri gu geu ere konturatu gabe. Gero eta jende gehiagok, gero eta gehiago erosten du(gu) Internetetik. Oso erraza da, erakargarria. Amazon bezalako «munstroak», marka bakoitzaren webguneak, beherapen handiak etengabeko promozio aldietan, bidalketa erraztasuna edota doakotasuna. Sofatik altxa gabe, aukera abaniko ezin zabalagoa, klik soil batekin, dena prest!

Denok erosi izan dugu sarri horrela. Guztiok erori izan gara sare horretan. Eta ez dut esaten hori gaizki dagoenik. Baina gure ekintzen jabe eta horien ondorioen kontziente izan beharko genukeela iruditzen zait.

Gero eta indibidualistagoa, bakartuagoa eta hotzagoa da egungo gure gizarte eredua. Non aurrez aurreko harremana mugikorren pantailetako hatz mugimenduek ordezkatu duten. American way of life edota McDonaldizazioak erabat baldintzatua eta homogeneizatua. Ados.

Hemengo administrazio publikoen eta agintarien jarrera (eta hipokrisia) ere kritikatu ditzakegu. Aho txikiz komertzio txikien aldeko hitz politak esan eta, era berean, erabaki handiz merkatalgo zentro handiak sustatu edota bultzatzeagatik. Ados baita ere.

Azken urteotan pairatu dugun bizimoduaren garestitzea (eta erosahalmenaren galera) eta horrek eragiten dituen zailtasunak eta prezioak begiratu beharrak ere pisu handia du. Bai, noski.

Baina horiek denak egiak izan arren, beti ezin ditugu arduradunak kanpoan bilatu. Gure esku ere badago gure kontsumo eta erosketa eredua, neurri batean bederen, erabakitzea. Non eta nola erosi erabakitzea. Gure ardura ere bada. Denda txikiak ez baitira bakarrik ixten. Herritarrok bizkar ematen diegunean itxi behar izaten baitute askok.

Nolako kale, auzo edota herriak nahi ditugu? Hori da gakoa. Eta herritar guztion esku dago hori. Kale biziak izateko, jendez beteak, kale seguruak... dendak behar-beharrezkoak baitira. Eta hori posible izateko, guk gure herriko, auzoko, kaleko dendetan erosketak egitea da bidea.

Zoritxarrez, gaur egun oso gauza gutxi (nik neuk nahiko nituzkeenak baino askoz gutxiago behintzat) daude gure esku. Hau da, ordea, apur horietako bat. Bada ondo pentsatu, eta gure pentsamenduak praktikara eramaten saia gaitezen.

Aipatu dendak agian tamainaz txikiak izango direlako, baina asko handiak direlako harremanean, kalitatean, gertutasunean, konfiantzan, zintzotasunean, esfortzuan, duintasunean, salmentan zeharreko eta ondorengo zerbitzuetan... Txikitasunean handi diren hauek ez ditzagun utzi handitasunean txiki bilakatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.