Europar Parlamentuak eskuinera egin du, eskuin muturraren gorakadari esker. Eskuin muturra lehen indarra izan da Ipar Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian Alderdi Sozialista izan da lehen indarra. Haiengandik gertu, bigarren indarra EH Bildu izan da. Horiez gain, Pedro Sanchez presidenteak alderdi abertzaleen beharrarekin jarraitzen du Espainiako Kongresuan.
Munduari begiratzeko modu bat... ez onena agian, ez ederrena agian, zaharregia, txikiegia agian... Harro eta xaloki hitz egiten digu kantak gure hizkuntzaz, euskaraz. Europako hizkuntzarik zaharrenaz. Europako mapa linguistikoa eta kulturala anitza da. Kolonizazioen ondoren kokatu ziren hizkuntza hedatzaileekin batera, hizkuntza komunitate txiki zein gutxituak bizi dira kontinente zaharraren lurraldean mendetan.
Europar Batasunak (EB) sorreratik bertatik kultur eta hizkuntza aniztasunaren hautua bere egin zuen, haiek zaindu eta sustatzeko konpromisoarekin. Horiek horrela, hizkuntz aniztasuna (dibertsitatea) eta eleaniztasuna (hizkuntzen arteko botere oreka) EBren erakundeen kultur aniztasunaren elementu giltzarriak dira. Izan ere, eleaniztasunaren printzipioa Oinarrizko Eskubideen Gutunean jasota baitago. Berorrek EBko erakundeekin edozein hizkuntza ofizialetan komunikatzeko eskubidea aitortzen dio herritarrari.
EBko hizkuntza erregimenak lau kategoria nagusi ditu eta kide den estatu bakoitzari dagokio erabakia, hala nola: hizkuntza ofizialak (estatu hizkuntzak, azken finean); hizkuntza koofizialak; EBko eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak; eta migrazio komunitateen hizkuntza ez autoktonoak. 24 hizkuntza ofizial dira une honetan (27 estatu kide), 60 dira eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak (koofizialak barne), eta hainbat ez-autoktono.
Bestalde, Europako Kontseiluak Eremu Urriko Hizkuntzen Gutuna onartu zuen 1992. urtean. Horren bidez bermatu nahi da, eguneroko bizitzan ez ezik, eremu publikoan ere sustatzen direla eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak. Eta zeregin hori jartzen die gutunak estatuei. Euskarari dagokionez, Espainiak sinatua eta berretsia du gutuna. Frantziak, berriz, ez du oraindik berretsi. Horren arabera, eremu urriko hizkuntzak errespetatzeko konpromisoa hartu du, baina ez erabilera eremu publikoan sustatzekoa.
Berriki, Eurobarometroak europarrei eta haien hizkuntzei buruzko bigarren inkestaren emaitzak kaleratu ditu (aurrekoa 2012koa da). Bertan herritarren hizkuntz gaitasunak, hizkuntz erabilera eta hizkuntzak ikasteko jarrerak aztertu dituzte. Ondorio nagusiak hauek dira: EBko herritarrak beren ama hizkuntza ez den beste hizkuntza batzuk ezagutzeko baikor agertzen dira; bost herritarretik hiruk elkarrizketa bat izan dezakete ama hizkuntza ez den beste batean (gazteen artean ehuneko hori bostetik lau da); herritarren %28k eta gazteen %39k atzerriko hizkuntza batean baino gehiagotan hitz egiteko gaitasuna dute. Hitz egiten diren atzerriko hizkuntza nagusiak (alegia, euren estatuetatik kanpo) hauek dira: ingelesa (%47), frantsesa (%11), alemana (%10) eta gaztelania (%7).
Eleaniztasunak eta horren aldeko jarrerak gora egin dute, bereziki, emakume, gazte eta goi mailako hezkuntza maila dutenen artean. Oro har, hizkuntzak ikasteko programa giltzarria Erasmus+ da.
Beste hizkuntza bat ikasteko onura nagusiak hauek dira: lan aukerak izatea atzerrian, beste kultura batzuetako pertsonekin komunikatzeko aukera, bizi diren herrian lan hobea aurkitzea, oporretan kanpoan erabiltzea, eta lanerako erabiltzea. Ama hizkuntzen artean hauek dira nagusi kopuruz Europako Batasunean: alemana, frantsesa, italiera, gaztelania eta poloniera.
Eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzei dagokienez, azterketak dioenez, EBko herritarren %84 eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak babestearen alde agertzen da. Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen artean, EBko ama hizkuntza nagusia katalana da (Europako biztanleria osoaren %1). Migrazioko hizkuntzen artean, arabiera eta turkiera dira ohikoenak.
Euskara garatzeko estrategiak testuinguru hori kontuan izanda pentsatu behar dira. EBko hizkuntza politikaren markoan, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzearekin batera, baliabideez hornitu behar da. Horrekin batera, herritarren eleaniztasun aktiboa eta hizkuntza desberdinen erabilerak ezinbestekoak dira. Nagusi agertzen da ingelesa lingua franca moduan, baina horrek ez luke euskararentzat traba izan behar. Beste estatu batzuetan (hala nola, Herbehereak, Islandia, Danimarka...) frogatu da hori bateragarria dela. Horrekin guztiarekin batera, hizkuntza gutxituen arteko harremanak indartzea eta denen artean EBko erabakietan gehiago eragitea bilatu beharko litzateke.
Europako herrien eta kulturen mapak erakusten duen aniztasuna zaintzea eta sustatzea elkarbizitzan sakontzea da, azken hauteskunde europarrek agerian utzi duten beharra nabarmenki. Eta euskara, kantak dioen bezala, Itxaroten jakiteko modu bat, Amets egiteko modu bat... ere bada, munduari begiratzeko modu bat izateaz gain. Arnasa handikoa, gainera.