Txernobyl, Fukushima, Garoña (2016)

Oier Zeberio eta Iñaki Barcena
2016ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Aurtenhiru efemeride goibel datozkigu. Martxoaren 2an,Santa Maria de Garoñan, Franco diktadoreak zentral nuklearra inauguratu zuen duela 45 urte. Bai, askori ahaztu egiten zaio zentral nuklear zaharkitu hori eta Euskal Herrian eraiki nahi zituztenak (Lemoiz, Ea-Ispaster, Deba eta Tutera) frankismoan sortutako Plan Energético Nacional fardel berean zetozela. Aurten, apirilaren 26an, planetan egon den istripu nuklear larrienaren 30. urtemuga betetzen da, Txernobylgoarena (Ukraina), hain zuzen. Eta, hirugarrenez, martxoaren 11n bost urte izango dira Japonian Garoñakoa bezalako erreaktore nuklear batek(beste bi erreaktorerekin batera) Fukushiman eztanda egin zuela itsasoko lurrikara baten ostean.

AEBetako armadak Hiroshima eta Nagasakin bonba nuklearrak jaurti eta gero, zentral nuklearrak «erabilera baketsuaren» leloarekin saldu zizkiguten joan den mendeko 60ko hamarkadan. Kalteak, aldiz, hor daude eta horiek gogoratu eta aztertzea komenigarria litzateke.

Hasierako orduetan egoera kontrolatzen saiatu ziren dozenaka langile, suhiltzaile eta militarrei Txernobylgo 4. erreaktorearen leherketaren efektuak kontrolatzera bideraturiko beste 800.000 bat «likidatzaile» (medikuak, zientzialariak, soldaduak, langileak...) batu zitzaizkien. Askok beren bizia sakrifikatu zuten. 30 km-ko erradioa zuen eremuaren barnean eta gune oso kutsatuetan bizi ziren 335.000 pertsonak utzi behar izan zituzten beren etxeak, baina kasu batzuetan ebakuazioak beranduegi burutu ziren. Ez zituzten ebakuatu kutsadura handia jaso zuten guneetan bizi ziren milaka eta milaka pertsona.

Chernobyl: Consequences of the Catastrophe for People and the Environment ikerketaren arabera, Bielorrusia, Ukraina eta Errusiar Federazioan ia bost milioi pertsona (horien artean milioi bat baino gehiago haurrak) erradioaktibitate maila handia duten guneetan bizi dira. Iturri horren arabera, tiroideetako minbizi kasuek nabarmen egin dute gora istripuaren eraginez. Horrez gain, beste minbizi mota batzuen, bihotzeko arazoen, jaiotzetiko malformazioen, elbarritasunen, gaixotasunen, hilkortasun tasaren... gorakada nabarmena izan da. Txernobylen efektuak ez dira Ukrainara, Bielorrusiara eta Errusiar Federaziora mugatzen, ordea. The Other Report On Chernobyl ikerketaren arabera, Europako lur eremuaren %40 kutsatu zuen istripuak. Health Effects of Chernobyl: 25 years after the reactor catastrophe ikerketaren arabera, Europako zenbait herrialdetan jaio ondorengo heriotza tasa eta malformazioak ugaritu egin dira. Horri guztiari istripuak eta kutsadurak eragindako estres eta antsietatearen efektuak gehitu behar zaizkio.

Eztabaida handia dago hildako pertsonen kopuruaren inguruan. Txernobilgo Foroak 2006an adierazitakoaren arabera, 9.000 pertsonaren heriotzaren erantzulea da istripua. Greenpeacek urte berean argitaratutako txosten batek dioenez, ordea, Bielorrusia, Ukraina eta Errusiar Federazioan, 200.000 heriotza eragin zituen istripuak 1986-2004 bitartean. Chernobyl: Consequences of the Catastrophe for People and the Environment ikerketaren arabera, istripuak 985.000 pertsonaren heriotza eragin du mundu mailan garai berberean.

Fukushimaren kasuari erreferentzia eginaz, gobernuak 20 km-ko erradioa duen eremuaren barneko eta kutsadura maila oso altua zen beste gune batzuetako biztanleen ebakuazioa agindu zuen, baina arrisku larrian zeuden zenbait guneren ebakuazioa beranduegi burutu zen. 170.000-200.000 pertsonak utzi behar izan zituzten beren etxeak. Milaka, ordea, oso kutsatuta zeuden eremuetan geratu ziren. Txernobylen kasuan bezalaxe, ez zen gune horiek ebakuatzeko agindurik eman. Bost urte geroago, kutsadura maila oso altua da zenbait gunetan.

Bost urte hauetan hondamendiak biztanleengan izan dituen efektuei erreferentzia eginaz, nahi baino informazio gutxiago dago. Informazio ofizialaren arabera, krisia hasi zenetik 154 pertsonak egin dute bere buruaz beste eta guztira 1.700 pertsona hil dira gutxienez istripuaren efektuak murriztera bideraturiko neurri ezegokien eraginez. Erradioaktibitateak eragindako efektuen inguruko informazio urria dago, era berean. Datu ofizialen arabera, gutxienez 115 dira tiroideetako minbizia garatu duten umeak. Zifra horiek guztiak altuagoak izango dira seguruenik. Txernobylgo kasuan bezalaxe, zentraleko zenbait puntutako erradiazio maila ikaragarria da. Fukushimatik pasatu diren milaka langileetatik asko formakuntza maila oso baxua duten langileak dira. Informazio batzuen arabera, Yakuzak dozenaka etxegabe erreklutatu ditu Fukushiman lana egiteko. Horiek lanik okerrenak burutu dituzte tokirik arriskutsuenetan. Hori guztia kontuan hartuta, oso posiblea da etorkizunean hildako eta kaltetuen kopurua oso altua izatea.

Txernobylen eta Fukushiman gertatutakoa jakinez gero eta istripu nuklearrek izan duten kudeaketa ikusirik, nor bizi daiteke ziur Garoña bezalako zentral nuklear zahar baten ondoan?Joan den otsailaren 1ean Espainiako Parlamentuaren gehiengoak (PSOE, Podemos, IU-UP, Compromís, ERC eta EH Bildu) Segurtasun Nuklearraren Kontseiluari Garoñako zentral nuklearra birzabaltzeko baimenik ez emateko eskatu zion. Iberdrolak eta Endesak beste 17 urtez aurrera jarraitzeko asmoa dute. Garoña itxita dago 2012ko abendutik, baina, haien aburuz, kontu ekonomikoak dira jokoan daudenak, ez besterik. Gure ustez, arazo tekniko larriak eta segurtasun nuklearra da jokoan dagoena; horregatik, Garoñaz ari garenean ez ditugu Txernobyl eta Fukushima ahaztu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.