Txartelik gabeko bidaiariak

2017ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Andaluziako herriaren defendatzaileak, Kataluniako síndic de greuges-ek, valedor do pobo-k, diputado del común-ek, Aragoiko justicia-k, Valentziako Erkidegoko síndic de greuges-ek, Gaztela eta Leongo procurador del común-ek eta Nafarroako arartekoak idazki hau sinatzen duenaren gonbita onartu zuten, Euskadira etorri eta, eskubideen defendatzaileen ikuspegitik, kezkak partekatzeko, Europan asilo eta babes eske dabiltzanen krisi humanitario sakonari aurre egiteko eta krisia arintzeko neurriak proposatzeko. Joan den otsailaren 2an, bilera amaitu ostean, adierazpen bat egin genuen, aho batez onartutakoa.

Ohartarazi genuen nazioarteko zuzenbide humanitarioa indarrean dagoela eta unibertsala dela. Guztiok haserre geunden, izutik, heriotzatik eta hondamenditik ihesi datozenei eman zaizkien erantzunak motelak, eraginkortasunik gabeak eta zekenak direla ikusita. Behin eta berriz adierazi genuen krisia izugarri larria dela, lehenbailehen konpondu beharrekoa. Botere publikoei gogorarazi genien ekimenak sustatu behar dituztela, eta ahaleginak koordinatu, hartu zituzten konpromisoak betetzeko. Nabarmendu genuen harrera-prozesuetan estu-estu parte harrarazi behar zaiela autonomia erkidegoei, batez ere drama hori kudeatzen modu eraginkorrean parte hartu nahi dutela etengabe adierazi dutenei, Euskadiri kasurako.

Honatx egintzak: ehunka mila errefuxiatu (inork ez daki zenbat) ihesi datoz, kaltea jasandako eskualdeetan botere-harreman konplexuengatik sortu diren gerretatik. Gatazka horiek prebenitu, geldiarazi edo arindu ezinik, nazioarteko gizarteak orain ezin die bizkar eman bere giza kostu penagarriei.

Egia da ez dagoela konponbide errazik. Ez arauek, ez aurrekontuek, ezta, ziur aski, iritzi publikoak ere, ez dute ahalbidetzen mugak erabat zabaltzea. Europako herritar batzuek orain gertatzen ari dena ikaraz eta haserre ikusi eta, elkartasun ekintzen bidez, esku hartzen ari diren bitartean, bada biktimei txistua botatzen dienik ere, bere gaitzespena gordinki adieraziz. Horiek ere biktimak dira: ezjakintasun, aurreiritzi, berekoikeria eta beldurraren biktimak. Beste batzuek, gehiegik, nahiago dute beste edonora begiratu.

Egin dezagun ariketa xume bat. Jar gaitezen edozein errefuxiaturen larruan. Yusufen larruan, esaterako. Hogei urte ditu, bere aitak janari-denda bat zeukan, lehergailu batek segundo gutxitan suntsitu zuena. Bere amak salmahaian laguntzen zion, eta etxea zaintzen zuen. Bazituzten hiru plater bete janari egunero, eta meskitara joaten ziren. Urtean behin, Yusufen aitak kontuak egiten zituen, eta zakat-a betetzen zuen.

Familia jatorriz kanaandarra da. Kanaandarrei feniziar deitzen zieten greziarrek.

Yusuf lanbide-eskolan ikasketak burutzear zegoen. Ahaztuko ez duen egun batean, lehen lehergailua erori zen bere etxetik gertu zegoen eraikin batean; azkenekoa izango zela pentsatu zuen. Agintariek ziurtatu zuten aste batzuetan txikituko zituztela bonba haren erantzuleak. Beste lehergailu bat erori zen, ordea, eta gero beste bat.

Ba al da asmorik gabeko gazterik? Yusufen asmoen artean, ez zegoen bere auzoa, bere herrialdea, bere lagunak, gorteiatzen ari zen neska, bere erlijioa abandonatzea, inoiz ez zitzaion burutik pasatu eskuak besteren odolaz zikintzea. Al Qabun bere auzoko gaueko paisaiaren falta sentitzen du. Eguna bukatutakoan, lagunekin barre egiten zuen, eta eguneko berriak kontatzen zizkioten elkarri. Auzoan biztanle gutxi geratu dira, haurrak, emakumeak, adin handiko jende asko. Gainontzekoek, berak bezala, bideari ekin diote.

Bere ibilbidea: Siria eta Turkia arteko muga, Bulgaria, Errumania, Hungaria, Austria, Alemaniara iritsi arte.

Oinez eman dituen hilabeteetan hainbat hizkuntzatan entzun du EZ (hayir, nyet, nein, votch, non, no). Irribarre egiten jarraitzen du aurpegi adiskidetsuren bat topatzean, eta eskua luzatzen du, amultsu. Txartelik gabeko bidaiari bihurtu da. Agian, Europako ateak irekiko zitzaizkion baldin eta, Juan Jose Alvarez irakasleak zorrozki agerian jarri zuenez, Yusuf arma-trafikatzaile iheskor bat izan balitz, Europan inbertitzeko prest. Baina txartelik gabeko bidaiaria besterik ez da. Europako funtzionarioei erantzutean, begietara begiratzen die; ez du hitz bihurririk erabiltzen, ez du nabarmenkeriaz hitz egiten. Ez du gezurrik esan nahi. Jazarri politikoa denik ere ez du alegatzen. Bere ikasketak bukatzen ari zen gazte bat baino ez zen; planak eginak zituen, egunsenti batean gerra iritsi zen arte.

Batzuek galdetzen diote ea burutik jota zegoen, Damasko utzi zuten errefuxiatu aldrarekin elkartzea erabaki zuenean. Berak erantzuten du eromena bere inguruan zegoela, bonba artean, zaurituen orroetan, erantzunik jasotzen ez zuten galderetan. Hondakinen artean aurrera ateratzea zaila da, baita Yusufena bezalako egitura kementsua duten herrientzat ere.

Zerez egina dago Yusuf alai eta sendo irauteko? Badaki Europaren zati bat nazismoaren eta komunismoaren mende bizi izan dela eta, hala ere, aurrera egin duela. Badaki errefuxiatu egoera II. Mundu Gerraren biktima europarrentzat sortu zela. Gerra amaitu eta Al Qabunera itzultzearekin egiten du amets.

Zer geratzen zaigu herriaren defendatzaileoi hondamendi horri aurpegi emateko? Lehenik, geure arazotzat onartzea; gero, mintzoa goratzea, etsipenez laguntza eskatzen ari diren milaka lagunen oihua entzun dadin; ondoren, betebeharrak onartu eta konpromisoak hartu dituenari, horiek bete ditzala eskatzea. Azken batean, gizon-emakume libreek beren erantzukizunak bete ditzatela eskatzea.

Arartekoa naizenez, nire herrikideei jakinarazi behar diet denok daukagula Yusufen zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.