Bertsolari Txapelketa Nagusia, larrialdi globalak eragindako urtebeteko atzerapenez, bihar jokatuko da Iruñean, Nafarroako erresuma zaharreko hiriburuan. Inondik ere, erresonantzia sinboliko handiko ospakizuna izango da, lurralde mailako izaera nazionala aintzat harturik. Berton, bertsolaritza lehiaren goreneko unea euskararen eta identitate ospakizun gisa ere bizi ahal izango dugu euskal herritarrok. Ez bertsozaleok bakarrik: jendarte zabal batengan oihartzun eta irismen eragina baduenez gero, gertaera totala bihurtzen da finalaren eguna.
Izan ere, txapelketa garaikideak lortzen duen zabalkundea, ikusgarritasuna eta oihartzuna ikus-entzunezko, sareko hedabide eta teknologien bitartekaritza bidez lortzen du, eta bereganatzen duen arreta masiboaren onurez, bertsogintza ekosistemaren unibertsoa distiraz azalarazten du gizartera. Txapelketa nagusia ahozko jardun eraikiaren kultur adierazpide estetiko goi mailakoa da. Herrigintzaren ardatzean zurtointzen den kultur adierazpidea ahozko sorkuntza garaikidearen arte abangoardian kokaturik dago, arnasa luzeko ibilbidean, ospakizun eta komunitate festa izateko bokaziotik berresten da aldiro.
Bertsozale Elkarteak hala adierazi zuen, Iñaki Muruak jantziko diola txapela Bertsolari Txapelketa Nagusiaren irabazleari, eta ondoren jakin genuen nork banatuko dituen gainerako sariak, hara, euskalgintzan eta kulturgintzan dabiltzan zenbait lagunek emango dituzte sari horiek biharkofinalean: artelanak eta margolanak izango dira bertsolariek jasoko dituzten sariak, baina opagaietan adierazkorrena txapela bera izango da.
2009ko txapelketan Lujanbiok txapela bereganatu zuenean, eraldaketa historiko baten abagunean kokatu gintuen, ordura arte txapelaren identitateak ordezkatutako kultur hegemoniko tradizional eta maskulinoaren eredua itzulipurdikatu egin baitzuen. Lujanbioaren txapelak emetasun kultural berria zekarren, emakumearen identitate subjektibo berriaren azaleraketa eta atxikimendua, molde kultural malguagoan uztartua, eta horren testigantza eman zuen, gobara-renaipamena egin zuenean agurreko bertsoan. Itxuraz kontrajarriak ziren bi sinbolo (txapela eta gobara) gurutzatu zituen bere agurreko bertsoan, eta euskararen zentralitatea berrestu herrigintzaren ardatzean.
Geroztik, gobararen adierazkortasun kulturalak erakutsi digu emakume bertsolariaren ahotsetik bestelako kultur-subjektibitatea plazaratzeko aukera eta beharra zegoela, emakume bertsolaria beraren ahots subjektiboa lehenetsiko zuen jarrera eta nahian gorpuzturik. Hara, azkeneko txapelketetan, Lujanbio bera izan da emakume bertsolari bakarra finalisten zortzikotean, azken oholtzarako unearibegira jarri ezkero. Lehiaren eredu tradizionalaren emakume salbuespenezkoa izan da bera, Txapelketa Nagusiaren testuinguraketaren urte luzeetan (2005-2017), gizonezkoen jabego tradizionalaren eremu publikoan (2009an) gailentzea lortu zuen arte (paradoxikoki, eremu maskulinoan eta gizonen lehia eremuan). Haatik une historikotzat jotzen dugu txapelketaren historian; izan ere, harrezkero bertsolaritzaren subjektu hegemoniko patriarkala galdekatuta eta interpelatua gelditu zen.
Geroztik, eraldaketa historiko horren aurrerabidea (gobararen ahalduntzea) etenik gabea izan da, eta horren ondorioa da 2022ko Txapelketa Nagusiaren finalean hiru emakume izango direla final handiaren egunean oholtzaratuko direnak. Txapelketaren historian lehen aldiz hiru andre oholtzaratzeak emakumearen iraunkortasuna, kalitatea, trebezia eta dohaina zeinen indartsua izan den erakusten digu, eta, aldi berean, aldaketa kulturalak erdiestea zein nekeza eta motela gertatzen den kulturan.
Moteltasun hori gainditzeko, baina, jarrera sortzailea eta sormen ekintza bera eustea behar-beharrezkoa zaio kulturgileari, inon aldaketa edo eraginik izatekotan. Hara, txapelketaren sorkuntza balioa eusteak eta iraunarazteak kultur iruditeriaren eraldaketa ekarri du; haatik, egungo emakumearen txapelketa ordezkaritza, subjektu aktibo, politiko eta sozial gisa bermaturik gelditzen da.
Gobararen ekarpena genero berdintasunaren aurrerabidean dago, emakume bertsolarien oholtzarako presentzia lortzeaz gain, egitura hegemoniko patriarkalaren sistema errepresentazionala arrakalatzeko ahalegin ideologikoa gaineratu behar zaiola. Hara zelan, 2022ko txapelketa, aro pospatriarkalaren abagunetzat jo daiteke honezkero, hiru emakume oholtzaratzeko ekarpenak, diskurtsoa zabaldu eta inklusiboagoa izateko aukera erreala ekarri duenez, eta emakumeen ordezkaritza bermeak, benetako berdintasunerako eskubidean aurrerapauso irmoa egiten duenez.
Emakumeen ahotsak txapelketara ekarri duen pentsamendu norabidearen eraldaketak ikuskera berrien zuntzak ikusarazten dizkigu, entzuleriaren amets eta desio partekatuetan ahots propioa eransten diola. Emakume bertsolariaren subjektibotasun kulturalaren ekarpena da: pentsamendua, irudimena eta gorpuztutako emozioen zirrara berri bat.
Subjektu ahots berri horrek jada ez du esentziazko identitaterik bilatzen, ezpada bertsolari sortzailearen kokapen berria eraikitzeko abagune bat, emakumearen ahots propioz aritzeko eszena kulturalaren agertokian: kultura praktiken iruditegi berriak sortzeko. Izan ere, genero hierarkiek gurutzatzen dute gizon-emakumeen arteko eguneroko harremana, eta hierarkia horien baitan jokatzen da, edozelakoa delarik, gizarte eraldaketarako emantzipazio edota askapen borroka.
Emakume bertsolariaren diskurtso ekarpena sistema tradizional patriarkalaren kritika bereganatzetik dator, sortzaile gisa duen zeregin hori lehentasun garrantzitsutzat barneraturik duenez gero.
Emakumearen ahotsetik txapelketaren eszenak dakarren berritasuna gizartean ematen diren subjektibotasun prozesu berrien eskutik loturan dator. Bere ahalmen sortzaileak etengabe sortzen dituen genero harremanen zein kultura aldaketen esperientzian oinarritutako iruditeria berriek, errealitate politiko berrien sorkuntzan laguntzen baitute.
Hara zelan, emakume bertsolariaren ahots ekarpena gizon-andre guztiei egindako dohaintzazko ekarpena da. Johan Huizingarekin batera (1972), kultura jokoa da, eta lehia, bizitza sozialaren osagai behinena. Has dadila lehia, txapela (edo gobara) jokoan dago.
Txapela eta gobara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu